Egiazko negua Sanmartinetan hasten omen da. Egunotako giroak erakusten du esaera zaharrak arrazoi duela. Eguraldia ez da aitzakia izango, ordea, jai giroan murgiltzeko Alkizan, Amezketan eta Amasan.
Urteroko ohitura jarraituz antolatu dituzte San Martin festak Alkizan. Bihar, ipuin kontalariaren saioa izango dute 17:00etan eta etzi, besteak beste, garagardo dastaketa eta lehiaketak egingo dira: 19:00etan hasita, patata tortilla lehiaketa eta haurrentzako pintxo sorpresa lehiaketa. 7 eta 12 urte arteko umeek, pintxo lehiaketan parte hartzeko, aurrez eman beharko dute izena Ostatuan. Bihar da horretarako azken eguna. Bide batez, larunbat gauean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izango dira Alkizan. Bertso afarirako txartelak 35 euroan izango dira salgai Ostatuan.
SAN MARTIN JAI GEHIAGO
Amezketan San Martin egunaren bueltan antolatzen dituzte kultur asteko ekitaldiak. Gaur eta bihar hitzaldiak izango dira kultur etxean eta etzi San Martin ermitaren inguruan egingo dute festa.
Amasan, berriz, gaur 19:30ean hasiko dute ofizialki festa, Martina sorgina jaitsita eta XXVII. Intxorraren aldaketa eginda. Bihar, berriz, gazteen eguna izango da eta goizean goiz hasiko dute puska biltzea.