«Domeinuak euskararen biziraute digitala bermatzen du»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 28a, 09:02

PuntuEus Fundazioaren epe motzeko erronka .eus-en zabalkundea indartzen jarraitzea izango dela dio Josu Waliñok (Zumaia, 1972). Izan ere, Euskal Herrian 235.000 Interneteko domeinu daude eta %3 besterik ez da .eus. Aurrera pauso handiak eman dituzte Internet euskalduntzeko, baina .eus-ko erabiltzaile kopuruan gora egitea da fundazioaren nahia.

2014ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen, zabaldu zen .eus domeinua. Egun horretatik aurrera domeinua edonork eska zezakeen, zein puntutan dago orain?

Orain arte zabalkunde lanean aritu gara batez ere. Lurraldekotasunari begira saiatu gara .eus-ek presentzia ahalik eta handiena izan dezan Euskal Herrian. Gure nahia da lurralde guztietako erakunde guztietan presente egotea eta hein batean lortu dugu. Eusko Jaurlaritzak eta hemengo foru aldundiek erabiltzen dute, baina baita Nafarroako Gobernuak ere. Ipar Euskal Herrian presentzia gutxixeago dugu, udalerri nagusiek erabiltzen dute gehienbat, Baiona, Hendaia eta horrelakoek. Zabalkunde horri dagokionez, kuantitatiboki zabaltzeaz gain, kualitatiboari ere eman diogu garrantzia. Hau da, gizarteak domeinua kalitatezkotzat hartzea eta gizartean eragina izatea da gure nahia. Ezagutza hori lortzea da gure helburua, izan ere, orain dela bi urte jaio zen .eus, baina garrantzitsua da jendeak zer den entzutea, jakin behar du zer den .eus. Interneten dagoen zerbait izateaz gain, kalean ere entzun behar da. Horretarako oso garrantzitsua da kalitatearen alderdia lantzea, hau da, domeinu oso esanguratsuak izatea; Eusko Jaurlaritzarena bezala, beste erakunde batzuk, enpresa handiak.. Erreferentzialak diren webguneak, alegia. Baita ATARIA bezalako webguneak ere; gizarteak egunero kontsultatzen dituen webgune horiek .eus izatea lortu behar dugu.

Zer eskaintzen du .eus domeinuak, zergatik da garrantzitsua?

Eremu askotan du garrantzia. Garrantzitsua da euskararentzat, euskarari toki bat egiten diolako Interneten eta bere etorkizunean urrats bat gehiago delako. Euskararen biziraute digitala bermatzen laguntzen du, azken finean. Internet erraldoia da, gaur egun 300 milioi webgune baino gehiago daude eta unibertso horretan euskara ez galtzeko da garrantzitsua .eus. Domeinuak euskarari presentzia bat ematen dio, matrikula bat ezartzen dio ikuspegi orokor batetik begiratuta. Baina norbanako ikuspegi batetik ahalbidetzen duena da kalean ikusaraztea .eus-en bidez euskarak toki bat duela Interneten. Erabiltzaileari .eus den webgune batek gertutasuna adieraziko dio, komunitateko parte dela sentituko du eta webgunean euskaraz aritzeko aukera izango du. Beraz, bai euskarari eta bai euskal komunitateari sendotasuna ematen dio Interneten.

Zenbat .eus daude orain?

Momentu honetan 6.000 webgune inguru daude. Kopuru duina dela uste dugu. Azken hiru urtetan 1.000 domeinu berri baino gehiago sortu dira eta horrek domeinuen mundu horretan sortu du nolabaiteko zalaparta.

Zeintzuk dira PuntuEus Fundazioaren etorkizuneko erronkak?

Epe motzera .eus-en zabalkundea indartzea. .eus oraindik, Euskal Herrian presentzia txikia duen domeinua da. Euskal Herrian 235.000 Interneteko domeinu daude, eta horietatik 6.000 dira .eus, %3. .com eta .es dira domeinu nagusiak. Beraz, gure erronka orain zabalkundea indartzea da. Bestetik, datozen urteetan .eus-eko erabiltzaile kopuruan gora egin nahi dugu. Inguruko mundu digitala euskalduntzeko lanean ariko gara eta horretarako proiektuak garatzen jarraituko dugu.

Lan zaila.

Zaila da bai, domeinuen mundua oso berezia baita. Merkatu berezia. Ezjakintasun handia dago, jendearentzat domeinu bat da webgune bat martxan jartzeko behar den zerbait eta askotan ezjakintasuna da nagusi eta beraz, informatikarien esku uzten dute guztia.

Orain arteko lanaren balorazio ona egiten duzue, beraz.

Oso positiboa. Oso esanguratsuak diren webguneak, instituzionalak direlako edota euskal kulturan oso esanguratsuak direlako, .eus dira. Eta hazkunde handia ari gara sumatzen enpresa handietan. 6.000 horietatik %34 enpresak dira, horrek esan nahi du .eus enpresa munduan ere erabilgarria dela.

Erlazionatuak

Gu ere euskara garelako

Rebeka Calvo Gonzalez 2016 urr 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!