Gu ere euskara garelako

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 28a, 07:56

XXI. mendean Interneten zaude edo ez zara». Amadeu Abrilen hitzak dira, .cat domeinuko sustatzaile nagusia. .eus euskararen normalizaziorako baliagarria dela eta euskaldunen nortasuna indartzen duela esan zuen Argia aldizkariak eginiko elkarrizketa batean eta hain justu, hori da PuntuEus Fundazioaren helburua.

.eus Interneten nabigatzeko marka bat da, baina hori baino gehiago ere bada. Komunitate bat badagoela eta zer eskainia baduela adierazten duen marka da, eta ATARIA ere komunitate horretako parte da. ATARIA-k euskararen normalizazioan, euskal komunitatearen garapenean eta euskal kulturaren zabalkundean eragin nahi du eta hori dela eta .eus izango da aurrerantzean. Gaurtik aurrera, hortaz, ataria.info baztertu, eta ATARIA .eus da.

2014an hasi zen .eus domeinuaren ibilbidea eta urte hauetan 6.000 webgune baino gehiagok erabaki dute domeinu hau erabiltzea. Horretarako PuntuEUS Fundazioarekin jarri dira harremanetan.

Fundazioan ez dute salmenta zuzena egiten, salerosketan kudeaketa lanaz arduratzen dira. «Guk ez dugu salmenta zuzena egiten, Interneteko domeinu salmentan ibiltzen diren erregistratzaileak dira saltzen dutenak. Guk horiekin salerosketa prozesu guztia kudeatzen dugu. Euskal Herrian .eus ezagutzera ematea da gure lana, azken finean, erregistratzaile horiek ez daude Euskal Herrian, eta beraz, gure lana da horren berri ematea, zabalkunde lana egitea... Gure lanaren zati oso handia horretan joaten da. Horrekin batera guretzat garrantzitsuak diren sektore, erakunde eta entitateekin hitz egiten dugu. Badira Euskal Herrian giltzarri diren hainbat elementu, eta guk horiekin .eus-en erabilera sustatu eta sakondu nahi dugu», esan du Josu Waliño Pizarro fundazioko zuzendariak.

Baina PuntuEUSen helburua erabiltzaile kopuru jakin bat lortzea baino harago doa. Ingurune digitala euskaldundu nahi dute eta horretarako .eus lantresna bezala ikusten dute. «Euskarak Interneten edo ingurune digitalean garapena izan dezan, .eus-ez gain, badaude euskarak alor horretan presentzia izan dezan garatu daitezkeen beste hainbat lan ildo. Esate baterako, iaz PuntuEUS Behatokia jarri genuen abian eta honen bidez euskarak Interneten duen presentzia eta Internetek Euskal Herrian duen presentzia neurtzen dugu. Aurten ere informazio hori eguneratzen ari gara. Beraz garapena ikusi nahi dugu, horrela guk non eragin dezakegun ikusteko, eta hori indartzeko. Aurtengo neurketa egiten ari gara oraindik eta urte bukaerarako pare bat proiektu aurkeztuko ditugu».

PuntuEUS Behatokiari esker, hortaz, euskarak Interneten duen presentzia neurtu nahi dute, are gehiago, .eus-en presentziaren ondotik, honek Euskal Herrian duen eta izango duen eragina neurtu nahi dute.

Euskara Interneten

Waliñok esan bezala, aurtengo datuak biltzen ari dira oraindik, baina 2015eko datuei erreparatuta euskarak Interneten duen presentzia %17aren bueltakoa dela ikusi ahal izan dute. Fundaziotik bi irakurketa egiten dituzte; «Euskararen kale neurketan euskaraz aritzen direnen kopurua %13koa da, horrek esan nahi du Interneten eta kalean euskara erabiltzen dutenen kopurua antzekoa dela. Hori, halere, ez da kopuru ona, Interneten askoz gehiago lortu daiteke, izan ere, itzulpenen edo enpresa batek jartzen duen edukiaren bidez, kopurua altuagoa izan beharko luke. Hor badugu garapen bide bat».

Bestetik, domeinu guztietan neurtu dute euskararen presentzia eta horrela .eus-en garrantzia nolakoa den ikusi dute. «.com eta horrelakoetan euskararen presentzia %10 ingurukoa da, horrek esan nahi du .com eta horrelako Euskal Herriko webguneetan %10ak bakarrik daukala euskarazko edukiren bat. .eus direnen artean %88 dira euskaraz edukiren bat dutenak, hor ikusten da euskara erabiltzen dutenak .eus domeinuarekin identifikatuak sentitzen direla. Lortu nahi duguna da .eus sustatzaile izatea, beste guztiek ere .eus erabili dezaten. Hortik dator PuntuEUS Behatokiaren bidez datuen garapena ezagutu nahia. Gure lanak eraginik ote duen ikusteko».

Beste domeinuak, behera

Beste datu bat ere eman du Waliñok; 2015tik 2016ra Euskal Herrian, Interneteko domeinu guztien presentzia gutxitzen ari dela «gurea izan ezik». «Gainontzeko guztiek bataz beste, %7ko jaitsiera izan dute eta .eus-ek berriz, %18ko hazkundea izan du», gaineratu du.

Orain arteko hazkunderik handiena enpresa munduan eman dela ere esan du fundazioko zuzendariak. «Hazkunde handia ari gara sumatzen enpresa handietan. Behatokia bidez ikusi duguna da .eus zabaltzen ari dela, baina garrantzitsuena dena da alor guztietan ari dela zabaltzen; kulturan, erakundeetan, kirolaren munduan... eta enpresetan ere bai, are gehiago, batez ere, enpresak dira .eus. Hau da, 6.000 horietatik %34 enpresak dira, horrek esan nahi du .eus enpresa munduan ere erabilgarria dela eta hazkunde handiena hor ari da ematen».

Euskararen normalizazio bidean, ezinbesteko tresna da beraz, .eus. Eta ATARIA gaur, atzo bezala, euskararen arnasgune izan nahi du. Euskararen normalizazio bidean, ezinbesteko tresna.

ICANN erakundearekin akordioa lortzetik, 92 aitzindarietara

PuntuEus Fundazioak 2012ko maiatzean aurkeztu zuen .eus domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean eta bera izan zen 2013ko abenduan ICANN erakundearekin kontratua sinatu zuena. Lehen pauso hori eta gero, aitzindariena etorri zen. Euskara eta euskal kulturaren komunitatea ordezkatzen zuten 92 domeinu-izenak izan ziren lehenak .eus domeinua eskuratzen. Hauek babestu zuten publikoki eta ekonomikoki .eus. 2014ko ekainaren 28tik abenduaren 3a bitarte eman zen prozesu hori.

Ordutik baina, domeinua babesten dutenen zerrenda gizenduz joan da, eta gaur egun, Euskal Herri osoko 6.000 webgune baino gehiago dira .eus.

 

122 DOMEINU TOLOSALDEAN


Tolosaldeko 122 webgunetan erabiltzen dute .eus. ATARIA beraz, 122. da. Eskualdeko 14 herritan daude domeinuaren erabiltzaileak eta horietan Tolosa da erabiltzaile gehien dituena, 54.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!