80 urte ostean Gipuzkoako memoria libertarioa oraindik desprestigiaturik

Ioseba Landa 2016ko urr. 12a, 08:07
Milizianoak Irungo frontean. ATARIA

Memoria Historikoaren berreskuratze lanetan gerrak Gipuzkoan izan zuen gatazka sozialaren izaera jasotzen da segidan; CNTren inguruko emakume eta gizonen historia ekarri da paperera.

Aurtengo irailean 80 urte bete dira 36ko gerra Gipuzkoan hasi eta bukatu zenetik. Urteurrenaren harira izaten ari diren omenaldi instituzionaletan euskal eta gipuzkoar fronteaz hitz egiten denean badirudi soilik euskal gudari eta errepublikar milizianoak borrokatu zirela matxinatu faxisten aurka, hau da, legitimitate demokratiko baten aurka matxinatu ziren militar eta ultraeskuindarren kontra. Baina bada sarritan baztertua izan den auzi bat, alegia, gerrak Gipuzkoan izan zuen gatazka sozialaren izaerarena.

Zentzu horretan, bada garaia Gipuzkoako frontean ezkutatua izan ohi den kolektibo baten protagonismoa mahaigaineratzeko; CNTren inguruko euskal emakume eta gizon anarkosindikalistena, hain zuzen. Historia-idazlan honen mamian sartu baino lehen, zerbait argitu nahi nuke, alegia sindikatu anarkista honen ideia iraultzailea desitxuratua izan ohi dela. Anarkistek ez dute kaosa bilatzen, doktrina libertarioaren gauzatzea baizik. 1910an sindikalismora eramana CNTren eskutik, iraultza soziala eta komunismo libertarioaren ezarpena bilatzen zuten eta dute; hau da, botere ororen deuseztapena eta inongo zapalkuntzarik gabeko askatasun osoko jendartea, hain zuzen ere.


GERRAREN ATARIAN

1936ko uztailaren 17an Franco Afrikan altxatzean, biharamunetik militarrak eta indar eskuindarrak mobilizatu ziren. Bartzelonan eta Madrilen ordea, politikarien gelditasunaren aurrean, segituan herri eta langile antolakundeen bidez geldiarazia izan zen matxinada saiakera oro. Gipuzkoan, CNTko anarkistek eta UGTko komunistek greba orokorra deitu zuten, zeuzkaten arma urriak banatu eta Nafarroako erreketeak etor zitezkeen bideetan zehar zein Donostian barrikadak altxa zituzten.

Bien bitartean, EAJko indarrak elizak eta ordena publikoa babestera mugatu ziren, Loiolako Basilikan faxismoarekiko harremana eztabaidatzen ari ziren bitartean. Kolpe militarrak porrot egin zuela ikusita eta bi aldetako konfrontazio armatua hasten zela ikusita, EAJk hartu zuen azkenik bere hautua uztailaren 19an (EAJk izan zuen hasiera bateko neutraltasuna eta Autonomia Estatutura baldintzatutako Errepublikarekiko leialtasunari buruz gehiago jakiteko: El péndulo patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco(Santiago De Pablo, Ludger Mees eta Jose Rodriguez Ranz; 1999)).



ERREPUBLIKAREKIKO EZKORTASUNA

Sarritan bedeinkatua izan ohi den II. Errepublika ez zen izan herri xehearen zapalkuntzaren konponbidea. Zentzu horretan, CNT sindikatuaren eta FAIko erakunde anarkistaren aburuz, arazoa Estatu kapitalista zen; Estatua erreformatu baino suntsitu, eta gizakien eskubideetan oinarrituriko komunitate konfederalak eraikitzea zen helburua.

Donostialdeako langileriak ezin izan zuen sekula ahaztu 1931ko Ategorrietako Sarraskia, non Pasaiako arrantzaleen lan baldintzen eta presoen askatasunaren aldeko protestak bortizki zapalduak izan ziren autoritate errepublikar ezkertiarren eskutik, oraindik argitu gabe dagoen hildako kopurua utziz (iturri primarioen arabera 6, iturri anarkisten arabera 24). Errepublikarekiko desafekzio hori sarriago ikustarazi zen, hartara 1933 eta 1934ko matxinada armatuak, non sozialisten protagonismoa nabarmendu behar den.

Errepresioari eutsi zion Gobernu errepublikar eskuindarraren ostean, Fronte Popularraren garaipena eman zen 1936an. Tentsioak tentsio, langile-erakundeek matxinada armatu baterako prest zeuden. Horregatik, faxistak Nafarroatik zetozela, Loiolako Kuarteleko militarrak faxistekin bat egin eta Donostia hartu nahi izan zuten. Hauek, CNTko anarkosindikalistek antolatutako barrikadengatik geldiaraziak izan ziren, Urbieta kaleko batailan. Fernando Sasiain Donostiako alkateak zera esan zuen: «CNTk salbatu du Donostia». Ondoren, CNTk adierazi zuen faxismoaren mehatxuari aurre egiteko prestutasunaren beharra. Loiolako militarren armak bereganatu eta Gipuzkoako frontean egin zen ofentsiba antifaxista bakarra proposatu zuten anarkistek, alegia Aiako Harritan izandakoa. Bertan Gazteria Libertarioko eta Emakume Askeak erakunde anarkistetako kide zen Casilda donostiarra bereiztuz (Casilda miliciana. Historia de un sentimiento, Luis Jimenez de Aberasturi, 1985), baina baita Anita Sainz billabonatarra esaterako.

GIPUZKOAN IRAULTZA

1936. urteko gerra zibila ezagutzen duguna Espainiako Iraultza bezala ere izan zen deitua, batik bat, urte hartako udan CNTk Katalunian eta Aragoin burutu zituen prozesu iraultzaileengatik. Besteak beste, langileek lantegiak hartu zituzten eta nekazariek lurren kolektibizazioa burutu zuten.

Euskal Herriko kasuan berriz, hainbat faktore iraultza gurari oro ukatu zuen, hala nola: EAJren jarrera, CNTk suposatzen zuen gutxiengo sindikala (baina hazkuntza etengabean zegoena), gerraren bilakaera azkarra, etabar. Baina hala eta guztiz ere, ekimen iraultzailea praktikara eraman zuten esperientzia txikiak gauzatu ziren. Esaterako, Pasaiako anarkosindikalistek arrantzaren kolektibizazio arrakastatsu eta ezezaguna burutu zuten, patroi-morroi arteko lan harremanak ezabatuz. Frontea erortzean eta Bilbora ihes egitean, kolektibizazio guztia Eusko Jaurlaritza berriarengatik konfiskatua izan zen eta, beranduago, CNT del Norte egunkariaren (bertan Cecilia Guilarte eta Galo Diez tolosarrak nabarmentzen zirelarik) aurkako neurriak ezarri eta lider anarkosindikalistak atxilotuak ere. 



GIPUZKOA ERORITA

Irailaren 26aren inguruan erori zen Arrasate eta frontea Bizkaiko mugan geldiarazia izan zen zazpi hilabetez. Egun horietan ere eratu zen Eusko Jaurlaritza eta Eusko Gudarostea, non azken honen baitan CNTk milizia konfederalak sortu zituen. Gipuzkoar cenetistak, Bakunin batailoian, Celta batailoian, Malatesta batailoian edota Sacco Vanzetti batailoian hartu zuten parte, besteak beste. Azken batailoi honek 1936ko abenduan Gasteizen aurkako erasoaldian parte hartuz, hildako ugari izan zituen, Pablo Sanz tolosar anarkistarena esaterako. Sanz, abuztuko borrokaldietan ezaguna izan zen, Lazkaon 7 milizianoekin batera 23 errekete atzeman zituztenean, edota Tolosako erresistentziaren azken momentuetan tolosar banketxeetan zegoen diru guztia errepublikar zonaldera eramatea lortu zuenean.

Ondoren, Eusko Gudarostea Santoñan errenditu bazen ere, euskal anarkista hauek Asturiasen, Aragoin eta Herrialde Katalanetan jarraitu zuten borrokatzen, baita nazien aurka frantziar estatuan. Gerraosteko kasurik adierazgarriena Felix Likinianoren kasua da, gordeta zeuzkan CNTren armak euskal gazte belaunaldi berri bati entregatu zizkiola, baita berak asmatutako eta ezaguna egingo zen ikur bat: aizkora eta sugearena, hain zuzen ere.

MEMORIA HISTORIKOAREN DESPRESTIGIOA

Memoria historikoa lantzen ari garen honetan, gertaera haiek gogorarazteaz gain, garai hartako militante anarkistei egin zaien bazterketa eta desprestigioa ere mahaigaineratu behar dela uste dut, alegia bertsio ofizialen historialariak eta dokumentalek zabaltzen duten desprestigioa. Izan ere, Donostiako CNTko beteranoa zen Alberto Fernandezek zera esan zuen: «Trantsizio (Franco hil osteko garaia) faltsu hartatik CNTren berreraikitze kaxkarra ulertzeko oinarrizko faktorea zera izan da, indar 'demokratikoen' eskutik gerra garaitik anarkistok pairatu dugun desprestigioa. Gaur egungo CNTren egoera ezin da ulertu, beste indar errepublikarrek ere egin zituzten 'ankerkeriak' guri leporatu ez baligute». Anarkistei neurrigabekeriaz beteriko gertakizun asko leporatu izan zaie. Hara hor ere, Ondarreta eta Tolosako espetxeetako presoen hilketak, Asteasuko alkate eskuindarraren erailketa, Itziar eta Pasaiako apaizen erailketa, zenbait elizen errekuntza... horietako asko autoritate errepublikarren aginduak jarraitzen bazuten ere.

IRUNGO SUTEAREN ADIBIDEA

Polemika gehien sortu izan duen auzia zera da, Irungo sutearena. Irun erori zenean irailaren 4an, anarkistei erretiradan Irun erre izana leporatu izan zaie. Hauek, lur errearen estrategiarekin bat eginez, etsaiarentzako baliagarria den azpiegitura oro txikitzearen aldekoak ziren. Zentzu horretan, Likinianorekin zeuden anarkosindikalistek aitortu izan dute sute ezberdinak eragin zituztela. Era berean ordea, Likinianok berak aipatzen du ere hamabost eguneko erresistentzian, bonbardaketa eta borrokaldien ondorioz Ipar Fronteko hiririk estrategikoena oso kaltetua zegoela eta sute handiena Poxpolo lantegiaren bonbardaketak eragin zuela.


MEMORIA LIBERTARIOA

Beraz, Memoria Historikoa berreskuratzeko lan horretan, ezin da gerrako partaideen izaera erabat desideologizatu. Horrela, Gasteizko Isaac Puente elkartearen lana txalotu beharrekoa da, borrokan hildako eta fusilatuak izandako milizianoak oroitu eta euren izaera politikoa aldarrikatzea dutela xede. Haien ustez, CNTko kideak ez zuten bizia eman Errepublikaren alde, iraultza sozialaren alde baizik.

Honen guztiagatik pentsatzen dut borrokalari haien izaera libertarioa, hau da, memoria libertarioa mahaigaineratu behar dela. Donostialdeaz gain, Tolosaldea, Beasain eta Arrasate inguruan izan zen antolakuntza eta erresistentzia anarkosindikalista. Tamalez, historiaren zati honen partaideen bizipen gutxi batzuk biziraun dute, 80 urteko isiltasunaren ostean gure ardura da hori guztia berreskuratzea. Horrexegatik, injustizia sozialen kontra eta utopiaren alde Gipuzkoako barrikada zein trintxeretan bizia eman zuten gizon eta emakume anonimo haiei guztiei omenaldirik beroena helarazi nahi diet, haien artean Beasaingo CNTko milizianoa izan zen nire aitonari. Guzti hau ahanzturan gal ez dadin eta datozen belaunaldiek protagonista haien jarduera iraultzailea ezagutu dezaten, lau haizeetara aldarrikatu beharko dugu memoria libertarioarekin ere egia, justizia eta erreparazioa behar dela.

 

INFORMAZIO GEHIAGORAKO BIBLIOGRAFIA

BARRUSO, Pedro. Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936). Haramburu Editor, Donostia, 1996.

CHIAPUSO, Manuel. Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastián. Txertoa, Donostia, 1977; Abarka, Andoain, 2003.

CNT. Un siglo de anarcosindicalismo en Euskadi. CNTren VII. Kongresua, Bilbo, 1990.

ESTEBARANZ, Juantxo. Breve historia del anarquismo vasco. Desde sus orígenes al Siglo

XXI. Txertoa, Donostia, 2011.

GARCIA OLIVER, Juan. El Eco de los pasos. Ruedo Ibérico, París, 1978 eta Planeta, Barcelona, 2008

IPARRAGIRRE, Pilar, Felix Likiniano. Ezina, ekinez egina. Txalaparta, Tafalla, 1994.

JIMENEZ DE ABERASTURI, Luis M. Casilda miliciana. Historia de un sentimiento. Txertoa, Donostia, 1985 eta 2012.

TABERNILLA, G. eta LEZAMIZ, J. Cecilia G. de Guilarte Reporter de CNT. Beitia, Bilbo, 2007.

VARGAS ALONSO, Francisco Manuel. Anarquismo y milicias de la CNT en Euzkadi idazlana Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía aldizkariaren 24. zenbakiko 259-299 orrietan, Eusko Ikaskuntza, 1996.

VELASCO NÚÑEZ, Alfredo. El hilo negro vasco. Anarquismo y anarcosindicalismo en el País Vasco (1870-1936), Gatazkaren Aztarnak, Bilbo, 2009.

VELASCO NÚÑEZ, Alfredo. La Gesta traicionada. Los anarquistas vascos y la Guerra Civil

en Euskal Herriak (julio 1936 - junio 1937). Gatazkaren Aztarnak, Bilbo, 2011.

PI, J. J. Urbieta kaleko borroka. Deba Goiena Bilduma, Donostia, 1979; Felix Likiniano Kultur Elkartea, Bilbo, 1994 eta Potxo Argitalzuloa, Oñati-Eskoriatza, 2010.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!