Gipuzkoako historiari bere lekua emanez

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 7a, 11:23

Hutsune bat betetzeko sortu zen Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea, eta hutsune bat betetzeko ari dira Gipuzkoako historiaren sintesia jasoko duen argitalpena osatzen. Alvaro Aragon elkarteko kide eta diruzainak azaldu duenez, argitalpena “eguneratua eta mito zaharrak puskatuko dituena” izatea nahi dute.

Hitzaldiak ematen dituztenean “jendeak oraindik buruan mito asko” dituela ikusten dutela esan du Aragonek. “Adibidez, erromatarrak ez zirela hemen egon, edota euskaldunak betidanik burujabeak izan direla eta behin ere ez direla menperatuak izan. Horiek argitu daitezen nahi dugu”.

Sortzen ari diren argitalpenak 250 orrialde izango ditu. “Azken batean, sintesi bat izango da. Jendeak agian pentsatuko du ez dela orrialde kopuru nahikoa. Guk nahi duguna da sintesi bat egin, oinarri bat sortu eta gero agian izango da aukera gehiago sakontzeko”, esan du Aragonek. Sei ataletan banatu dute lana, eta bakoitzak autore bat izango du. Lanaren koordinazioa Aragonen ardura izango da.

Lana euskaraz eta gazteleraz argitaratuko dute, bai paperean eta bai euskarri digitalean. Hori aurrera ateratzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute Goteo.org plataforman, Bardulia Nunquam Superata izenarekin. Dagoeneko lortu dute kanpainarako aurreikusitako gutxienekoa, 6.000 euro, eta argitalpena aurrera aterako dute, baina kanpaina ez da bukatu. “Gehiengoa lortu nahi dugu, 8.500 euro. Liburuak argitaratzeaz aparte, tratuan ari gara Tabakalerarekin eta Kutxa Fundazioarekin garai bateko modari buruzko tailerra egiteko”, zehaztu du Aragonek. “Gero, gure asmoa da, behin liburua egina dagoenean, Gipuzkoan zabaltzea. Horretarako, herri handienetan aurkezpenak egingo genituzke, eta, horrekin batera, hitzaldi bat eman Gipuzkoako historiaren gai jakin bati buruz. Hori finantzatzeko dirua ere behar dugu”.

Kanpainaren lehen fasea urriaren 23an bukatuko da, eta, hori bukatuta, beste 40 egun izango dira bigarrenerako. Argitalpena hurrengo maiatzerako edo ekainerako kalean egongo dela espero dute.

Argitalpenetik urtebete pasatu ondoren, doan jaitsi ahal izango da lana Internetetik. “Gipuzkoako historia hori aurrera ateratzea da guri interesatzen zaiguna”, azaldu du Aragonek. “Hortik ez dugu inongo irabazi ekonomikorik ateratzen. Baina uste dugu irabazi kulturala dela, eta, herri bezala, hemen Gipuzkoan eta Euskal Herrian gure historia ezagutu behar dugula”.

Historiarekiko interesa badagoela ikusten du historialarien elkarteak. “Hori bai, batez ere belaunaldi konkretu batean ikusten dugu interes hori; gazteak ez dira askorik inguratzen historiara”, esan du Aragonek. “Askotan, tamalez, gure herrian historiak erabilpen politikoa izan du, bai alde batera eta bai bestera. Horrek ere nahastu ditu bazterrak, nolabait esateko”.

Historia aldarrikapenak egiteko aitzakia bezala erabiltzen dela esan du Aragonek: “Eta gero eta atzerago joan, arrazoi gehiago duzula pentsatzen da. Historia ez da beharrezkoa aldarrikapen politiko bat egiteko. Zuk, gauza baten alde bazaude, ez duzu historia behar. Gauza bat izan zara, baina orain beste bat zara. Historialarien artean batzuetan pena ematen digu historiarekin egiten den erabilpenak; horrek askotan nahasten ditu bazterrak, eta ez du benetan historiaren inguruko eztabaida argi bat sortzen”.

Gipuzkoako historiaren sintesia osatzeko proiektuak jakin-mina sortu duela dio Aragonek: “Oso pozik gaude, eta indarrarekin proiektu hori aurrera eramateko. Ea gero sortzen dugun testua jendeari gustatzen zaion. Gu saiatuko gara ahal den objektiboena eta argiena izaten”. Elkartearen asmoa ez da bakarrik historian adituak direnentzat eta publiko orokorrarentzat egitea argitalpena. “Gazteak eta eskolak ere kontuan hartuko ditugu. Uste dugu material ona izango dela ikastetxeetan erabiltzeko, eztabaida sortzeko eta historiarekiko jakin-mina sortzeko”.

Egoitza, Tolosan

Miguel de Aranburu elkartea 2010ean sortu zen. “Elkar ezagutzen genuen historialari, arkeologo eta abarrak elkartu ginen, eta ikusten genuen nolabaiteko gabezia bat gertatu zela Gipuzkoan, beste probintziekin alderatuta”, esan du Aragonek. Hala sortu zuten historia sustatzeko elkartea.

Gaur egun Historia ikasteko fakultate bakarra Gasteizen dagoela azaldu du Aragonek. “Bertan dagoen jende gehiena Bizkaikoa eta Arabakoa da, eta ikusten genuen oro har Gipuzkoako historia ez zela behar bezala sustatzen”, dio Aragonek. “Bazeuden historialari gipuzkoar asko sakabanatuta, baina egiten diren lanak gehienbat Arabako edo Bizkaiko historian oinarrituta daude”.

Elkarteari izena jartzerakoan Gipuzkoaren historiografian zein izan den garrantzitsua aztertu, eta Miguel Aranburu aukeratu zuten. “Gipuzkoako foruak bildu zituen lehenengo aldiz, 1696an. Aurretik badaude bilduma gehiago, baina hau izan zen lehenengo aldia hobetsi izan zena. Pertsonaia aitzindaria izan zen”.

Aranburu jaiotzez tolosarra zen. Egun, familiako jauregia Tolosako liburutegia da, eta erakusketa lekua. Elkarteak jauregiaren irudia erabiltzen du logo gisa, eta Tolosako kultur etxea erabiltzen dute bilerak egiteko. Elkarteko kide izateko interesatuak ikasketa maila jakin bat izan behar duela erabaki zuten: historian, arkeologian, artearen historian edo geografian lizentziadunak direnek parte har dezakete.

Gipuzkoako historiaren sintesia egiteko proiektuaz gain, elkarteak beste zenbait egitasmo bultzatzen ditu. Esaterako, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean hitzaldi sorta bat antolatzen dute urtero. Bestalde, gai jakin batzuei buruz ere egin dituzte beste herri batzuetan hitzaldi sortak: 1813ko gerra napoleonikoen bigarren mendeurrenaren harira, edo Donostiako erreketaren inguruan. Errekreazio historiko batzuk ere egin izan dituzte, eta egun elkarteko hainbat kide Andoaingo historiari buruzko lanean parte hartzen ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!