'Sukaldeko kuttunak' ekimena jarri du martxan Tolosa Gourmet klubak

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 7a, 11:00
Pagadi batean egin dute aurkezpena 'Sukaldeko kuttunak' ekimenean parte hartuko duten zenbait sukaldari eta ostalarik.

Klubeko kide diren hamar jatetxek eta tabernak hilero produktu jakin bat eskainiko dute, bakoitzak bere modura prestatuta. Bezeroen nahiari erantzunez, garaian garaiko produktua eskaintzea da helburua.

 

'Sukaldeko kuttunak' ekimena martxan jartzeko eskualdeko hainbat jatetxe eta taberna elkartu ziren. Horietako bat da Berrobiko Iriarte jatetxea, eta bertako sukaldaria da Felix Belaunzaran: "Sukaldari bezala konturatu ginen jatetxeetara eta tabernetara etortzen ziren bezeroak garaian garaiko produktua nahi zutela. Konturatzen gara Tolosaldean eta Euskal Herrian baditugula elikagaiak, zer eskainia. Eta ideia horrekin hasi ginen".

Hilero, beraz, produktu bat eskainiko dute ekimenean parte hartzen duten establezimenduek. Urtarrilean oilaskoa, otsailean txerrikia, martxoan kruziferak, apirilean gazta, maiatzean letxuga, ekainean ilarrak, uztailean tomatea, abuztuan Ibarrako piperra, irailean sagarra, urrian mikologia, azaroan Tolosako babarruna, eta abenduan mamia.

Egitasmoan hamar jatetxe eta taberna elkartu dira: Tolosako Beti Alai jatetxea, Botarri jatetxea, Denak taberna, Ikatza taberna eta Orbela taberna, Berrobiko Iriarte jatetxea, Abaltzisketako Larraitz Gain jatetxea, Asteasuko Patxine jatetxea, Zizurkilgo Plaza Etxeberri jatetxea eta Alegiako Route 33.

Bidania-Goiazko pagadi batean egin dute aurkezpena, urria mikologiaren hilabetea delako, eta bertan izan dira ekimenean parte hartuko duten zenbait establezimenduetako ordezkariak.  Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko teknikariak azaldu duenez, "liburuxka bat atera dugu ekimena promozionatzeko. Jatetxe eta taberna bakoitzean produktua bere estilora egingo dute, errezeta bat osatuz. Eta azokarekin lotu izan bahi dugu ere ekimena, bertan aurkitu daitezkeen produktuak direlako". Belaunzaranek gaineratu duenez, "azkenean hemengo produktuak dira, hemengo lurrak ematen dituenak".

Illarregik azaldu duenez, 'Sukaldeko kuttunak' ekimenaren helburua "hilero aitzakia ezberdin bat sortzea da establezimenduetara jendea erakartzeko. Desestazionalizazio horretan, uda sasoitik kanpora ere aitzakiak ematea, eta bertan dagoen turistak galdetzen duenean zer jan dezakeen eta non jan dezakeen, produktu bat egina ematea, bere esperientzia hori hobea izan dadin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!