Faxisten aurka mendian borrokatu zuten gudariak gogoratuz

Jon Miranda Labaien 2016ko urr. 5a, 11:28

Aduna, Zizurkil eta Asteasuko udalek eta Aranzadi elkarteak 'Saseta defentsa sistema: armatutako erresistentzia antifaxista' liburua aurkeztu dute.

1936ko abuztua eta irailean Asteasu, Zizurkil eta Aduna gaineko mendietan, Andatzaren magalean, uztailaren 18ko altxamendu faxistan parte hartu zuten militar kolpistei aurre egiteko defentsa sistema antolatu zuen Azpeitiko Komandantziak. Saseta defentsa sistema deitu zaio, Kandido Saseta militar profesionalak antolatu zuelako, ehunka gazte boluntarioren laguntzaz eta ia bitartekorik gabe. Hala ere, Oria ibaiaren ezkerraldean, 34 egunez eutsi zieten «milaka militar kolpista eta paramilitar ultraeskuindarrei».

Gudari haien balentria berreskuratzen dihardute Asteasu, Zizurkil eta Adunako udalek Aranzadi zientzia elkartearekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. 2013an Adunan izan zuen abiapuntua proiektuak Josu Amilibia alkateak adierazi duenez: «Herritarren laguntzaz hasi ginen azterketa egiten. Joxe Aburuzak esan zigun aztarna batzuk bazirela mendi aldean eta Aranzadirekin jarri ginen harremanetan. Aurkikuntza ikusita, aurrera egitea erabaki genuen eta berehala konturatu ginen udalerriko mugaz harago zihoala hau guztia. Ondorioz, Asteasu eta Zizurkilgo udalerriak batu zitzaizkion proiektuari».

ORAIN, ARGITALPENA

Ordutik hainbat egitasmo gauzatu dituzte Saseta defentsa sistema proiektuaren barruan. Aranzadiko Karlos Almorza eta Jabi Buces ikerlariak aritu dira lanean. «Defentsa sistema eraikitzen jardun zuten gazte boluntario batzuk eta 80 urte beranduago beste gazte boluntario batzuk aritu dira haien borroka eta duintasuna berreskuratzen», aipatu du Bucesek. Azken urteetan antolatu diren auzolandegietan parte hartu duten gazteek, gudariek 1936ko udan eraiki zituzten lubakiak berreskuratu dituzte. «Ikertzaileok dokumentazio historikoa jaso dugu eta baliagarria izan zaigu aurkitutako aztarnak ulertzeko. Hala ere, dena ez dago artxiboetan, ezta lurperatuta ere. Leku hauetan ez dira oroitzapenak eta sentimenduak gordetzen. Hiru herrietan testigantzak jaso ditugu, hunkigarriak eta nahitaezkoak proiektuarentzat».

Dokumentazio lanaren emaitzak, testigantzak eta auzolandegietako aztarnak bildu dituzte Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen publikazioan. «Liburuarekin egiaren printzipioa bete nahi dugu, hori da gure lana eta konpromisoa. Egia jakin gabe, ezinezkoak baitira gero justizia eta erreparazioa», esan du Bucesek aurkezpenean.

Argitalpen honekin, «galtzaileen ausardia azaleratzea eta haien duintasuna berreskuratzea» dute helburu hiru udalerriek, Amilibiaren hitzetan. «Faxismoaren zapalkuntzaren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren defentsan borroka egin zuten pertsona guztiekiko gure konpromiso irmoa azaltzen dugu».

Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari Maribel Vaquerok ere parte hartu du liburu aurkezpenean eta esan zuenez, «Aldundia bidelagun izaten jarraituko du iraganeko itzal guztiak argiztatu arte». Gertatutakoa ez errepikatzea bermatzeko memoriak «inklusiboa eta kritiko» izan behar du foru zuzendariaren ustez, «eta ezingo du inoiz indarkeria legitimotzat izan».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!