Maiatzaren lehenarekin hasten da dantza sueltoko denboraldia eta, udaberri girotik urria erdialdea urrun ikusten bada ere, Segurako pilotalekuko oholtzara igoko diren bikoteak hari begira dira aspaldion.
Joan den igandean izan zen atzera kontuko azken hitzorduetariko bat, eta txapeldunaren nahiz txapeldunordearen garaikurrak eskualdera bidea hartu zuten. Xabier Artola irurarrak Idoia Besada bikote pasaitarrarekin irabazi zuen Donostiako suelto txapelketa; bigarren denboraldia dute elkarrekin. Ane Urruzola billabonatarrak, berriz, Iker Sanz lezoarrarekin eskuratu zuen bigarren postua.
Ez zen, gainera, edonolako itxaronaldia izan, epaimahaiaren emaitzarena. Kideen zalantzak eta berdinketa bat medio, bi bikoteek bi aldiz dantza egin behar izan zuten, azken emaitza erdiesteko.
Artolak eta Besadak hobekien jantzitako bikotearen saria ere eskuratu zuten.