Protesta aukera bakar

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 14a, 13:58
Langileez gain, senide lagun eta herritarrek ere babesa eskaini dute ehunka pertsona bildu dituen elkarretaratzean.

Unipapelek Adunan duen fabrikako langileek mobilizazio jendetsua egin dute Tolosako Trianguloa plazan, itxieraren aurka; ostegunean Madrilen bilduko dira enpresaburuekin.

Adunako Unipapel enpresan tentsio egoera duela bi urte inguru hasi zen, eta orduko ika-mikak nolabait baretu eta lantegiaren jardunak aurrera jarraitu arren, erregulazio espedientea gauzatzeko asmoa azaldu dute enpresaburuek: kaleratzeak eta erregulazio txostenak jasango dituzte Adunako 70 langileek.

Zenbakirik ez dute esku artean, eta Springwater-eko buruekin ustez asteartean egitekoak ziren bilera ostegunera atzeratu diete, ordezkariek azaldu dutenez: "Madrilgo 7 langile ordezkari elkartuko dira, eta Logroñoko beste 3; gu ere 3 izango gara", diote. Lantegi bakoitzeko langile kopuruaren araberako ordezkariak gonbidatu dituzte, eta Adunakoak "kezkaz" dira, hain ordezkari gutxi izanda erabaki guztiak madrildarren esku geratuko ote diren pentsatuz. Horregatik, batzarrean norbere erabakiak hartzeko eskumena aldarrikatuko dute: "Gainerakoen aferetarako abstentzioa egitea proposatuko diegu madrildarrei, eta norberak bere asmoen alde egin ahal izango du modu horretan".

Adunako Unipapeleko langile ordezkariek "ezinegon eta urduritasun handia" bizi dutela nabarmendu dute bi urteko soka luzean eta, areago, duela urtebete Gizarte Segurantzarik gabe lanean aritu zirela jakin zutenez geroztik. Hala ere, ideiak garbi dituzte, eta erregulazio espedienterik ez dutela sinatuko berretsi dute irmoki.

Elkarrizketa osoa atxikitako audioan entzungai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!