Lan hitzarmen "duina" eskatzen jarraitzen dute Asuncion klinikako langileek

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 7a, 18:32
Elkarretaratzea egin dute Asuncion klinikako langileek Trianguloa plazan.

Elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan. "Sei urte baino gehiago daramatzagu lan hitzarmen baten eske", esan du Ander Figuerido LABeko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak. "Gure asmoa da zuzendaritzarekin negoziatzea eta horretan ari gara, baina ikusten ari gara ez dutela nahi lan hitzarmenik".

Figueridok esan duenez, "Asuncion klinikako zuzendaritzak nahi du Madriletik datozen lan erreformen erremintak erabili eta gure eskubideak gero eta gehiago urratu". Orain dela hilabete batzuk hasi dira mobilizazioekin. "Aurreko negoziaketetan ikusi genuen borondate pixka bat bazutela, baldintza batzuk hobetuko zituztela, baina azken bileretan ikusi dugu atzerapausoak egin dituztela, eta lortuta genituen akordio txiki batzuk atzera bota dituztela".

Lan hitzarmen "duin" bat eskatzen dutela diote langileek. Orain dela sei urtetik hona soldata izoztuta dutela salatu dute. "KPI-a behintzat kontuan izatea eskatzen dugu, eta kontratazioa areagotzea, geroz eta lan gehiago dago eta", esan du Figueridok. Asuncion klinikak Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmena azken urteotan areagotu egin dela diote, "horrek dakarren lan kargaren handitzearekin. Finantziazio handitzea dakar, baina gure soldatak bere horretan jarraitzen dute, eta hobekuntza bat besterik ez dugu eskatzen".

Mobilizazioekin jarraituko dutela diote. "Ikusita zuzendaritza honek ez duela asmorik negoziatzen jarraitzeko, hurrengo pausoa izango da Eusko Jaurlaritzara joatea, eta gure lan baldintzak salatzea", esan du Figueridok. "Azken finean Eusko Jaurlaritzak ematen du dirua, guztiona dena. Eta horren kontrolik ez dute; horren kontrol bat egon behar da".

Figueridok gaineratu du Asuncion klinikak sare publikoan sartu beharko lukeela. "Tolosaldean badago plataforma bat Asuncion klinika publikoa izan dadin eskatzen duena, eta guk ere langile bezala bertan parte hartu beharko genuen. Azken finean eskatu behar duguna da klinika hau sare publikoan sartzea eta langileak ere sare publikoan sartzea, bertako baldintza berdinekin".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!