Hungariatik iritsiko dira inauteriak iragartzera

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 29a, 13:15

Kaldereroak ospatuko dituzte asteburu honetan eskualdean; gaurkoan, Anoeta, Ibarra, Irura eta Zizurkilgoen txanda izango da, eta bihar Tolosakoena

Inauteri alaiaren iragarle gu gara! Hori da Kaldereroetan behin eta berriro entzuten, abesten eta jotzen den abestiak dioena. Eta hain zuzen ere, Tolosako inauteriak gero eta gertuago daude, eta inauteri horien iragarle dira eskualdeko herri ezberdinetan ospatzen diren kaldereroak.

Urtero bezala, Anoetan, Ibarran, Iruran, Tolosan eta Zizurkilen etxeko trapu zaharrak hartu eta kalera irtengo dira herritarrak, lagun izango dituzten musikariekin batera.

Raimundo Sarriegiren doinuak izango dituzte oinarri musikariek, eta doinu horiei jarraituz gogor astinduko dituzte zartaginak kalderero txiki zein handiek. Horretarako, guztiak trapu zaharrekin atonduko dira. Zaharrak baina biziak eta alaiak, festa bezalakoak.

Loatzo musika eskolako musikariak ibiltzen dira Anoetako, Irurako eta Ibarrako kalejiran. Anoetan eta Iruran antolatzaile lanetan ere aritzen dira, eta Ibarran ardura hori Hauspoa elkarteak hartzen du beregain.
Zizurkilen, berriz, Pedro Mari Otaño ikastetxeak hartzen du kaldereroen festa antolatzeko ardura. Urtero bezala, zartagin eta mailuekin kalera ateratzen lehenak izango dira. Eguraldi txarra egingo balu, kalejira bertan behera utziko luketela jakinarazi dute, baina azkenean eguraldi ona izanez gero kalejira egin eta Atxulondoko plazan amaituko dute. Aipatutako herrietan, gaur bertan aterako dira kaldereroak kalera.

Tolosan hartza aterako da kalera

Tolosan, berriz, larunbatean izaten da kaldereroetako ospakizuna. Inauteriak hasteko lau egun besterik falta ez direnean. Jendearen ilusioa eta inauterietako grina nabaria izaten da kalean. Inauterien aurretik janzten den lehen mozorro edo itxuraldaketa izaten da kaldereroetakoa, eta jendeak ez du hutsik egiten.

Kalera indarrez beteta ateratzen dira tolosarrak. Txikienak adi egoten dira, hala ere, Hungariako kaldereroekin batera urtero hartza ere etortzen baita, eta zenbaitek berarengana gerturatzeko beldurrik izaten ez badute ere, beste zenbaitek begiak atzean ere izaten dituzte hartza non ote dabilen kontrolpean izan nahi dutelako.

Duela 34 urte hasi zen Tolosako Urdiña Txiki elkartea kaldereroen kalejira antolatzen. Desfilea irekitze ekitaldirako flauta, biolin eta akordeoi-jotzaileez bereziki osatutako taldea joaten da. Kalderero doinuak jotzen dituzte eta beraiekin batera kalean gora eta behera ibiltzen dira koroa eta dantzariak. Horiekin guztiekin joaten da hartza eta bere domatzailea ere.

Musikariak protagonismo berezia izaten dute Tolosan ere. Urtero berrogeita hamar musikaritik gora elkartzen dira kalderoen jaiaren bueltan. Hasierako taldeko musikariez gain, kaldereroen banda herrikoia dago. Talde zabal hori Tolosako Musika Bandako kideek, Udal Musika Eskolako Bandako ikasleek eta herriko beste musikariek osatzen dute.

Herri batean edo bestean, modu batera ala bestera, baina guztiak festarako, dantzarako eta inauteriak bizitzeko gogoz izango dira. Inauterien iragarleak izango dira asteburukoak, eta horren ondoren iritsiko da hainbeste itxarondako eta desiratutako egun zoroak bizitzeko unea: Bai atsegina eta algara!

Egitarauak:

URTARRILAK 29, OSTIRALA

ANOETA
18:30. Plazatik abiatuko dira kaldereroak. Ondoren merienda egingo dute parte hartzaileek.

IBARRA
18:00. Herriko plazan entsegu orokorra.
18:30. Herriko plazatik abiatuta herri osoan ibiliko dira kaldereroak. Amaiera herriko plazan izango da eta txorixo pintxoa izango da guztientzat.

IRURA
18:30.  Kulturunetik abiatuko dira. Ondoren merienda egingo dute parte hartzaileek.

TOLOSA
19:30. Udal Musika Eskolako ikasleek, Kaldereroetako kontzertua eskainiko dute.
Kontzertua Musika Eskolako areto nagusian izango da.

ZIZURKIL
15:15. Pedro Mari Otaño eskolakoak ikastetxearen paretik abiatuko dira, inguruko kaleetan kalejira egingo dute, eta Atxulondoko plazan amaituko dute.

URTARRILAK 30, LARUNBATA

TOLOSA
10.30. Tolosako erraldoi eta buruhandiak, Tolosako dultzaineroez lagundurik. Irteera plaza zaharretik.
12.00. Aiz-Orratz elkarteko txaranga irtengo da elkartetik bertatik.
12.30. Haur jaialdia, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta, Leidor aretoan. Jaialdian Txantxo lehiaketako irabazleen berri emango da.
19.00. Urdina Txiki elkarteak antolatuta, Kaldereroen konpartsa aterako da Plaza Zaharretik.
23.30. Incansables txaranga kalez kale.

URTARRILAK 31, IGANDEA

TOLOSA
12.15. Inauterietako kontzertua, Tolosako  Musika Banda eta Udal Txistulari Banda, Berdura plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!