Odol emaileei eskerrak emateko ekimena

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 26a, 09:54

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak atzo banatu zituen medailak odol emaileen artean

Urnietan elkartu ziren Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko kideak eta odol emaileak, urtero egin ohi duten moduan odol emaileen artean medailak banatzeko. Gainera, bazkaria, bertsolariak eta txistulariak ere izan zituzten.

Bertan izan ziren eskualdetik joandako Villabonako, Tolosako, Ibarrako eta Berastegiko taldeetako odol emaileak ere, euren medailak jasotzen.

25 aldiz odola eman duten pertsonei zilarrezkoa ematen diete, 50 aldiz emandakoei urrezkoa eta 60 aldiz emandakoei kuadro bat. Eskualdean ere izan ziren kuadro hori jaso zutenak ere.

Honela, elkarteak odol emaileei egindako ekarpena eskertu nahi izaten die omenalditxo hau eginez. Izan ere, pertsona baten odol emateari esker, beste pertsona baten bizitza salbatu daiteke. Eta, beharrezkoa da gizarteak horren berri izatea eta aurrera begira ere odol emaile berriak gerturatzea odol ematera, beharrezkoa den odol hori izango dela ziurtatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!