ataria.eus

Orendain, Guztion Onerako Ekonomia mugimenduan

  ekonomia  Orendain  Tolosaldea

Gorka Egia alkateak dioenez, balioetan oinarritutako politikak egitea suposatzen du pauso horrek. Mugimendu horren sortzailea da Christian Felber, eta astelehenean hitzaldia eman zuen Lehiberrin.

Orendaingo Udalak bat egin du Guztion Onerako Ekonomiaren (GOE) mugimenduarekin, eta hori islatu da Gorka Egia alkateak eta Christian Felber mugimenduaren sortzaileak sinatu duten akordioan. Orendain GOEren parte izateak herriari zer suposatzen dion azaldu du Egiak: «Balioetan oinarritutako politikak egitea, eta balio horiek dira giza duintasuna, solidaritatea, justizia soziala, jasangarritasun ekologikoa, parte hartze demokratikoa eta gardentasuna».

Egitasmoei dagokionez, dagoeneko batzuk eginak dituztela zehaztu du Egiak, eta beste batzuk bideak erakutsiko dituela gaineratu du. «Egindakoei edo egiten ari garenei dagokionez, hiru urte hauetan zerbait landu badugu herritarren parte hartzea izan da, eta egun esan daiteke Orendainen egiten ari garenaren zati handi bat herritaren gehiengoak aukeratua izan dela». Adibide moduan ere jarri du hondakin bilketa sistema aldatzea: «Herritarrei egunerokotasunean arduraz jokatzea eskatzen zaigu alde batetik, eta bestetik lortu dugu %90a sailkatuta jasotzea». GOEren parte izateak «estrategikoki eta norabide batean lan egiteko aukera» izatea ekarriko duela esan du Egiak, «eta horren ondorioz herritarren bizi kalitatean hobekuntzak ekartzea».

GOEren Euskadiko taldean sartuta daude Orendaingo ordezkariak. «Udalerriei dagokionez, bertan egiten ari garen lanaren hurrengo pausoa balantze taula bat osatzea», dio Egiak. Balantze taula horrek ziurtatuko du zer-nolako herriak eta zer-nolako egitasmoak burutu behar diren balioetan oinarritako politika egiteko.

Jardunaldiarekin «oso kontentu»
Akordioa Ekonomia Soziala, ekonomia pertsonen zerbitzura jardunaldien testuinguruan sinatu da. Hain zuzen, astelehenean Lehiberrin GOEren inguruko hitzaldia eta tailerrak egin ziren, eta bertan parte hartu zuten Felberrek eta Egiak. Orendaingo alkateak jardunaldi horren balantzea egin du: «Ez genekien zer-nolako harrera izango zuen. Nahi genuen sindikatuak egotea, enpresariak, udal ordezkariak, garapen agentzietako teknikariak..., eta erantzuna oso ona izan da. Jende asko atera da begiak zabalik, eta aldaketarako aukerak izan daitezkeela lehenengo aldiz sinistuta. Energia hori sortzeko balio izan badu eta gero aurrerapausoak emateko, egia esan, oso kontentu gaude».

Aurrera begira, Egiak zehaztu duenez, GOEren aldetik «erronka nagusiena da pilatu behar ditugula ekintzak benetan aldaketa eragitea lortuko dutenak». Egun bizi den egoera aldatzeko interesik ote dagoen galdetuta, Egiak garbi du: «Arazoa hor dago: jendearen gehiengoa beste arau ekonomiko batzuetan bizi nahi badu, eta demokrazia batean bizi nahi badugu, jendearen gehiengoak nahi dugun bezala definitu behar dugu gizartea eta ez gutxi batzuk definitzen duten bezala. Arazo horri benetan buelta emateko gogorik ez badago gizartean, negar egin eta banoa».

Aldaketak egiteko aukeren inguruan, egunerokotasunak izan dezakeen eraginaren inguruan hitz egin du Egiak: «Beti gaude zurrunbilo baten barruan, askotan ez dakigu zergatik gauden hor. Aldi berean, ezin da aitzakiarik jarri, eta benetan zerbait egiteko gauden guztiok elkartu behar dugula».

Christian Felber. Guztion Onerako Ekonomiaren sortzailea

«Ekonomia gure zerbitzura ari den ikustea da gure ardura»

Guztion Onerako Ekonomia (GOE) mugimenduaren sortzailea da Christian Felber (Salzburgo, Austria, 1972). Vienako Ekonomia Unibertsitatean irakaslea da, eta hainbat liburu idatzi ditu, azkena Dirua, helburu izatetik bitarteko izatera izenekoa.

Nola joan da Lehiberrin egindako jardunaldia GOEren inguruan?
10 bat emango nioke. Aretoa beteta zegoen: eskualdeko 28 alkateetatik 18 zeuden, garapen agentzietako teknikariak, enpresariak, ikasleak... Publiko oso anitza izan da.

Zer suposatzen du Orendain bezalako udalerri bat GOEren parte izatea?
Gehigarri batekin hasi ziren, ia gainbalio demokratikoa dena, bide honetan sartu nahi ote zuten herritarrei galdetuz. Hori eredugarria iruditzen zait eta guk gure pautetan barneratuko dugu. Eginbeharreko prozesuari dagokionez, batetik guztion onerako udal indizea osatu beharko du. Jendeak bertan biltzen ditu poztasunaren eta bizi kalitatearen osagai nagusiak. Bestetik, batzar demokratikoak osatzea. Bertan definitzen dira etorkizuneko orden ekonomikoaren oinarriak, eta gero horiek erabili beharko dituzte legeak egin behar dituztenek. Kolore politiko guztietako udalerriekin egiten dugu lan, ikusten dugulako oinarrian lehentasun berdinak dituztela. Horregatik baikorrak gara, ekonomiaren oinarri konstituzionala herriaren oinarritik egiten bada, etorkizuneko orden ekonomikorako adostasuna erabatekoa izango da.

Herritarrentzat orokorrean zaila izan daiteke ekonomiak nola funtzionatzen duen ulertzea.
Hitzaldi baten ondoren mila aldiz esan didate uste zutela ezingo zutela ekonomia ulertu eta entzundakoaren ondoren ezin hobeki ulertu dutela. Kontua da ekonomiari buruz pentsatzen ausartzea, gai garela sentituz. Gure ardura da sistema ekonomikoa benetan gure zerbitzura ari den ikustea, eta orduan gai izango gara definitzeko nolakoa izango den eredu ekonomikoa. Ezin dugu utzi ekonomia ekonomisten eskuetan bakarrik.

Zer eskaintzen du GOEk?
Batetik, eredu osoa da. Bestetik, eredua gauzatzeko prozesua zehazten du. Ez dugu aldarrikatzen GOE ezartzea, baizik udal batzorde demokratikoak antolatu daitezela eta bertan guztiek eskubide berdina izatea alternatibak proposatzeko.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna egungo sistema ekonomikoarekin?
Desberdintasunak areagotuko dira, gero eta jende gehiago baztertuko da, horrek tentsio sozial gehiago sortuko ditu, beldur gehiago, kriminalizazio eta indarkeria gehiago, eta horren ondorioz gero eta estatu autoritarioagoak izango ditugu, oinarrizko eskubideak kenduz, hau da, demokrazia kenduz, eta hori guztia planetaren hondamendiarekin jarraituz. Orain arte bezala jarraitzea da utopia irreal bakarra.

Eta GEO aplikatuz?
Pertsonaren barrutik sortutako eraldaketa, eta baita enpresetatik eta beste eragile batzuetatik ere. Eraldaketa motela, indarkeriarik gabekoa, parte hartzailea eta esker onekoa. Izan ere, bidea hasi dutenek esaten dute esfortzuak benetan merezi duela.

Hemen astelehenean Lehiberrin Felberrek emandako hitzaldia osorik:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa