"Apunta bien traidor", Valeriano Saizarren azken hitzak

Aritza Kultur Elkartea 2014ko ots. 14a, 15:56
Frankismoak gure herrian eragindako ondorioak aztertzen, Valeriano Saizar Arteagaren hilketa gertakizun latzenetako bat da inolako ezbairik gabe. Inoiz inork ez zuen honen inguruko argibiderik eman eta ustezko erantzuleak urte luzeetan lasai ederrean bizitu izan ziren Villabonan bertan.

78 urte pasatu dira lehen aldikoz modu honetara honen inguruan idazten dela. Eta hauxe da horren lekuko. Valerianoren delitua abertzalea izatea zen. 72 urte zituen Orioko gainean balaz hil zutenean. Bere bizitza ia osoa Udal Gobernuari lotua eman zuen: alkatea izan zen, baita zinegotzia ere. Horretaz gain hainbat negozio kudeatzen zituen. Villabonan osotara hogeita zortzi pertsona suertatu ziren hilik, horietatik 14 fusilatuta hil zituzten. Valeriano da haietako bat.
Seguruenik, Valerianoren hilketak, frankismoaren krudelkeriaren neurri egokia eskaintzen digu. Gerra Zibila Euskal Herrian (Egaña 1998:208) lanean jasota dagoen moduan, Valerianok, kaperan zela, apaiz faxista baten bisita jaso zuen, eta bere erantzuna hauxe izan omen zen: «Toda mi vida he creído y he practicado la religión cristiana. Ahora ya no creo. No quiero practicarla 1».
Nazionalak sartzen zirenean eta herri bat konkistatu, Villabonako banda etxe atarietan kokatzen zen, musika jotzen. Valeriano hil ondoren, haien senideek bandaren bisita jaso zuten.
1936eko urriaren 9an hil zuten Frankoren tropek, Orioko gainean. Bere gorpuzkinak, Zarauzko hilerrian sartu zituzten. 1941eko urtarrilaren 2an idatzi zuten haren heriotza agiria, 5 urte beranduago, alegia.


Heriotza gupidagabea Orioko gainean
1936ko uztailaren 18an lehertu zen gerra. 1936ko abuztuaren 16an sartu ziren Amasa-Villabonan Frankoren gudarosteak. 2 hilabetera eskas, Valerianoren aurkako bilatze eta atxilotze agindua emana zuen eta lekukoek diotenez egun horretan ez zen etxera itzuli. Bere alaba Carmen eta honen senar Jose Ignaciok lagunduta (Agirre lehendakariaren gobernuan ardura politiko handiak izan zituen gizon honek) Bilbora zihoazen, ihesean; halako batean, Valerianok bere seme alabei «zergatik egin behar dut nik ihes, ez dut deus egin eta» esan zien. Getarian geratu ziren, han lagun batzuk zituzten eta haienean babes hartzen saiatu ziren, Balentziagatarren etxean (ez jostun ezagunaren etxean, beste batzuenean baizik). Haiek etxerako bidea egiten lagundu zieten, baina bidean harrapatu egin zuten eta atxilotu.


Orioko gainean, hil ondotik Balentziagatarrek hartu zuten Valerianoren hilotza eta Zarauzko hilerrian lur eman. Atxilotu, hilabetez haien eskuetan izan (Lasarteko kontzentrazio eremuan, kasu) eta tiroz hil zuten, besterik gabe. Valerianoren senideak saiatu ziren haren hilotza Villabonara ekartzen baina garai hartan ezinezkoa suertatu zitzaien.


Valeriano, Villabonako alkate eta zinegotzi
Bi alditan gutxienez alkate izan zela badakigu, 1899an eta 1932an; ondoren zinegotzia ere udal korporazioan. 1935eko urtarrilaren 15ean, Tolosako epaitegiko epaile baten eskariz, Valerianok eta ordura arte udal ordezkari ziren gobernu talde osoak, Federico Urdanpilleta alkate buru zutela, euren dimisioa aurkeztu behar izan zuten. Hori, epailea eta udal idazkariaren aurrean egin behar izan zuten. Valeriano bera, garaiko prentsan, dimisio horren benetako arrazoiak agertzen saiatu zen, argi adieraziz ez zutela euren borondatez utzi udal ardura hori –herri ekimenean fermuki sinesten zuen Valerianok–, baizik eta behartu egin zituztela horretara. Beraz, bistan da, gerra lehertu baino urtebete lehenagotik prestatzen ari zirela, botere guztia haien esku izateko.
Gerra lehertzear zegoela Valeriano zinegotzia bazen ere, alkate zela, 1932ko ekainaren 19an, Villabona ordezkatu zuen Gayarre antzokian, Iruñean, Estatutua aukeratzeko egin zen Batzar Orokorrean. 1932ko urriaren 4ean, gaixotasuna argudiatuz, alkatetza utzi behar izan zuen.


Valeriano, enpresa-gizona, EAJkoa, katolikoa
Valeriano EAJkoa zen, abertzalea eta katolikoa, estuki katolikoa. Familiak zituen ondasunen zaintza zuen bere egitekoen artean. Rufino Blenerekin batera (1847-1950) Blener eta Saizar enpresa sortu zuen (1904 urtean), bertan teilak eta adreiluak egiten zituzten.
2011 urtean Villabonako Udalak sustatuta Burdina Taldeak egindako indusketa eta auzolan saio batean, Legarreta inguruko karobi zein garbitoki bat errekuperatzeko ahaleginean ari zirela, aipatu enpresan egindako adreilu bat topatu zuten, Saizar y Blener. Villabona idazkunarekin. Amasako parrokiaren kanpaiak bere agintaldikoak dira eta baita Villabonako elizaren eraikuntza ere; hau sustatzeko lan handia egin zuen Valerianok. Aipatu parrokiaren inaugurazioa 1909ko azaroaren 26an burutu zen.
Placida Arteaga eta Antonio Maria zituen guraso. Kale Berria 11 zuten bizileku, Ateaga Enea etxea (amaren abizena tarteko). Bere familia jatorria, berriz, Hernialden kokatu behar da, Vitoria baserriaren ingurumarian. Antza, Valerianoren abizen osoa Saizarbitoria behar zukeen, baina akats administratibo batek euren abizena moztu zuen erditik, eta Saizar abizenarekin geratu.
Hiru alditan ezkondu zen. Lehendabizikoz, Juana Galarmendirekin. Ez zuten seme alabarik izan. Bigarrenik haren ahizpa Maria Luisa Galarmendirekin; seme eta alaba bana izan zuten, Juan eta Carmen. Eta hirugarrenik Martina Galarmendirekin ezkondu zen, Mercedes eta Claudio seme alabak izan zituzten.


Gerra eta sufrikarioaz hitz bi
Gerra eta sufrikarioa batera doazela nabarmena da. Garai batekoetan eta oraingoetan ere, gerrak ez baitira amaitu; herritarren sufrimendua eragitea dute helburu, sufrimendua eta mina eraginez herritarrei, izua sortu haien helburu gaiztoak lortzeko. Amasa-Villabonaren historia, ezkutuko historia, arakatzen ari garen honetan, Valerianok, abertzale izateagatik sufritu behar izan zuena oso azpimarratzekoa da. Bistan da, Valerianok eta bere senideek abertzaletasunaren baitan ardura inportanteak betetzen zituztela, eta esan dezakegu zigorra ere neurrikoa izan zutela. Valerianoren seme zen Claudioren aipamena egin gabe ezin utzi, hark ere mendekuaren neurria ezagutu baitzuen, 12 urte luzez kartzela eta lan behartuak egitera kondenatua, Batallon de Trabajadores-en. Gerra ere hori baita, mendekua.
Lerrook idazten ari garela, beste abertzale bat datorkigu burura, hura ere gupidagabe eraila eta historiaren bazter utzia, gure eskualdean zein Euskal Herrian erreferentzia politiko eta kultural ukaezina, Valerianoren alderdikidea, apaiza, kazetari eta politikari tolosarra, Euskal Pizkundearen ordezkaria, Jose Ariztimuño Olaso Aitzol, hain zuzen ere. 1936ko urriaren 19an hil zuten, Hernaniko kanposantuko hormaren kontra. Valerianok baino hamar egun gehiago bizitzea lortu zuen.
Aitzol eta Valerianoren gorputz sendoak, espainiar gudarosteen bala miserableek zulatu bazituzten ere, gaur 78 urte beranduago haiek gogoratzen ari gara. Eta oroitzen den hura bizirik dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!