Datorren ostiralean, hilaren 31n, Tolosaldea Txukun plataformak deituta, eskualdeko herrietan atez ateko hondakin bilketa sistema jartzearen aurkako manifestazioa burutuko dute Amasa-Villabonan.
Erabaki honen aurka dauden «herritarrekiko konpromisoarekin jarraitu eta kanpainarekin aurrera» egingo dutela adierazi du Patxi Amantegi, plataformako bozeramaileak. Atez atekoa, herritarren borondatearen aurka doan «inposizioa» dela salatu du.
Eskualdeko hainbat herritan plataformak bildu dituen sinadura kopuruari ere garrantzia eman nahi izan die: «Anoetan 455 firma bildu ditugu atez atekoaren aurka, 258 Iruran, Alegian 469, 1.934 Amasa-Villabonan, 1.470 Ibarran, eta 6.600 Tolosan. Ez al dira nahikoa? Zer gehiago behar dute?».
Era berean, Zizurkil, Irura, Anoeta, Alegia eta Amasa-Villabonan sistema hau ezartzea «ulergaitza» dela esan du Amantegik: «Tolosan sistema hoberena zein den erabakitzeko informe baten ondorioak jasotzeko zain daude, eta ez da logikoa beste herrietan erabakia hartua izatea. Ez ditugu ulertzen bost herri hauetako alkateek atez atekoaren alde hartutako erabaki irmoaren arrazoiak. Garestia dela aitortu dute. Ez ditu zabor bilketa tasak handitzen. Deserosoa egiten zaigu. Intimitate eskubidea urratzen du. Eta ez du hondakinekin daukagun arazoa konpontzen».
Eskualdeko bost herri horietan atez ateko sistema ezartzea, «Tolosako herritarrek sistema hori ez pairatzeko kalte-ordaina» dela salatu zuen Tolosaldea Txukuneko bozeramaileak: «Ez dugu lehen eta bigarren mailako herritarren arteko mailaketarik onartuko».
Adostasun bila
Hondakinen bilketaren inguruan erabakiak hartzeko, «adostasun batera heltzea beharrezkoa» dela dio Amantegik. «Ormaiztegi, Azpeitia eta Zumaian ados jarri dira guztiak bostgarren edukiontzia jartzeko. Bergara, Legazpi eta Zarautz ere bidean dira».
Hori dela eta, inguruko alkateei gauza bera egiteko deia luzatu zion Tolosaldea Txukunen izenean. «Herritarrak tentsioan jartzeari utzi behar diogu, eta denak pozik utziko dituen soluzio bat bilatu».
Atez ateko sistemaren «inposizioa» salatu, eta herri galdeketa egitea eta adostasuna bilatzea eskatzeko manifestazioa burutuko da ostiralean Amasa-Villabonan. «Halaber, Villabona, Zizurkil, Irura, Anoeta eta Alegiako alkateei esan nahi diegu herritarrekin dutela konpromisoa, eta ez Aldundiarekin. Herritarrak baitira kudeaketaren epaile, eta alkateek erantzunkizuna herritarren aurrean agertu behar dute».
Manifestazioa, arratsaldeko zazpietan abiatuko da Amasa-Villabonako parrokiatik Birziklapena Bai. Atez Ate STOP lelopean. Ondoren, Iru Aldeta, Txermin auzoa, Ula auzoa, Zubimusu zubia, Pasus biribilgunea, Aurrera Plaza, Ubare pasealekua eta kale nagusia zeharkatuko ditu Villabonako plazan amaitu aurretik.