Hogei urte elkarri lagunduz

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 24a, 10:08

Hogei urte bete dira Zizurkilgo herria El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetu zenetik. Harreman hori bailarara hedatu zen, eta egun, Meanguera eskualdearekin anaieratuta dago Aiztondo.

1993 hartan, Mikel Arrastoa zen Zizurkilgo alkate. Euskal Fondoaren bitartez, El Salvadorren aurrera eramaten ari ziren proiektu batzuk ikustera joan ziren. Segundo Montesen harrera bikaina egin zieten. «Kantuan eta musika joz hartu gintuzten. Ondoren, Euskal Herrian zehar bira bat egitera ekarri genituen, eta handik sortu zen senidetzea» dio alkate ohiak.

Harrez geroztik, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek euren aurrekontuetako diru kantitate bat gorde izan ohi dute urtero komunitatean hainbat proiektu garatu ahal izateko, hala nola, etxebizitzak egitea, edota horietara ura eramatea.

Udalez gain, herritarrengandik sortutako beste hainbat laguntzeko bide zabaldu dira. Esate baterako, San Millan eta Pedro Mari Otaño ikastetxeek, Henry Ortiz eta El Barrial ikastetxeak laguntzen dituzte eskolako materiala, ordenagailuak eta beste hainbat gauza eskainiz. Herritarrek emandako laguntzatik ere, bertako gazteek goi mailako ikasketak egin ahal izateko bekak finantzatzen dira.

Trukean, «elkartasuna, irribarrea eta nortasuna» jaso dituztela dio Arrastoak. «Gure partetik gauza ez da sobratzen zaiguna ematea, behar dutena ematea baizik. Eurek guri, elkartasuna ematen digute. Asko sufritu duten, eta sufritzen ari diren arren, ematen diegun guztia horrengatik nola eskertzen diguten ikusteak, asko balio du. Baloreak transmititzen dizkigute».

Euskal Herria bisitatuz

Elkarri lagunduz bete diren bi hamarkada hauek aitzakiatzat hartuta, Maiatza Saltsanen barnean antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko El Salvadorretik hainbat lagun etorri dira Euskal Herrira, tartean, Jovani Diaz, Meanguerako alkatea, Dario Chicas diputatua eta Sigrifido Reyes, El Salvadorreko Legebiltzarreko presidentea. Aste honetan zehar Euskal Herriko hainbat txoko bisitatzen ibili dira.

Pasa den ostiralean, esaterako janari truke gastronomikoa egin zuten. «Oso pozik daude, eta emandako laguntza asko eskertu digute. Era berean, asko arduratu dira Euskal Herriak bake-biderako bizi duen prozesuaz, presoen egoeraz, etab. Azken finean, anai-arrebak bezala gara» azaldu du Arrastoak.

Senidetze Eguna, bihar

Hogei urteko harreman estu honen ospakizunei amaiera emateko, Senidetze Eguna ospatuko da bihar Zizurkil Goian.Horretarako, senidetzearen parte ere badiren Herrialde Katalanetako 42 lagun etorriko dira fanfarre eta guzti. 11:00etan harrera instituzionala egingo da, eta hamabietan kalejira herrikoi eta guzti. Ondoren, denak batera paella bazkalduko dute. «Senidetzea ez da proiektuak egitea soilik, giro onean, denok parte hartu eta elkar ezagutzea baizik».

Egutegia

Senidetze eguna

11:00. El Salvadorreko kideei harrera instituzionala egingo zaie Zizurkilgo Udaletxean.

12:00. Harrera herrikoia Pedro Mari Otaño Plazan, Porrotx pailazoaren emanaldia eta Herrialde Katalanetako konpartsa baten eskutik. Bertsolariak eta dantzariak ere izango dira.

13:00. Talo solidarioak eta Empordako ardo dastaketa.

14:30. Bazkari herrikoia elizako arkupean. Tiketak salgai Zizurkilgo Atxulondo eta Iriarte jatetxeetan.

Arratsaldean. Anje Duhalde eta Fermin Balentziaren kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!