Buruz burukoan Oinatz Bengoetxeak maisutasunez irabazi dio Jon Jaunarenari

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 21a, 11:11

Oinatz Bengoetxeak erakustaldia eskaini zuen larunbatean Hendaian. Buruz buruko txapelketaren final-laurdenetan bi leitzarren arteko partida suertatu zen. Alde batetik, txapelketa bikaina egin duen Jon Jaunarena irten zen kantxara, eta bestetik, banakakoan estreinako partida jokatzen zuen Oinatz Bengoetxea. Zalantzak bi aldeetan zeuden: Jaunarena zertarako gai izango da txapeldun baten aurrean? Bengoetxea VI.aren lehen partida izaki, ezustekoa gerta al daiteke?

Zalantza horiek partidaren hasieran bere horretan iraun zuten, baina Bengoetxea partidan sartu zenean, dena argi gelditu zen. Leitzako txapeldunak buruz burukoan izugarrizko sendotasuna erakusten du, eta irabazi nahi dionak, izerdi pranko bota beharko du. Gaztea saiatu zen, baina sake errematean izugarrizko mina egin zion Bengoetxeak, eta defentsan parekorik ez duela erakutsi zuen berriz ere beterenoak. Amaieran, 22-10 legeztatu zuen markagailuak. Hemendik aurrera, ordea, dituen dohaiak kontuan hartuta, esperientziaren laguntzaz gero eta gogorragoa izango da Jaunarenari aurre egitea.

Herriartekoan denek aurrera

Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketako final hamaseirenak erabaki dira. Tolosaldeko hiru herriek aurrera egin dute, itzulerako partidetan ere garaipenak eskuratu ondoren. Tolosak Zumarragaren aurka jokatu zuen, eta Alegiak Zestoa izan zuen arerio. Joaneko partidetan bezala, itzulerakoetan 2-1eko emaitza lortu zuten eskualdekoek euren alde. Ondorioz, kanporaketa 4-2 irabazi dute. Final zortzirenetan, Alegiak Bidegoianen aurka jokatuko du, eta Tolosak Berrobi izango du aurkari.

Zizurkilek ostiralean jokatu zuen itzulerakoa Lezoren aurka, etxetik kanpo. Eskualdeko pilotariak 1-2 gailendu ziren. Gari-Arregi kadeteek 22-10 irabazi zuten; Labaka-Erasun jubenilek 22-5 eta Lizaso-Arruti nagusiek, berriz, Zizurkilen izandako 22-7 emaitza errepikatu zuten, baina alderantzizko norabidean, egun trakets baten ondorioz. Joaneko eta itzulerako partidak amaitu ostean, kanporaketa 5-1eko emaitzarekin amaitu zen. Final zortzirenetan Bergarako taldearen aurka ariko dira zizurkildarrak, eta kanporaketa zaila izango dela aurreikusten dute: «Talde hau 2011. urtean Euskal Herriko eta Gipuzkoako herriarteko txapelduna izan zen.   Aurten ere talde oso sendoa dute». Kanporaketa hau, Zizurkilen datorren maiatzaren 24an, ostiralean, hasiko da, 19:30ean.

Ogi Berrin, ikusle ugari

Larunbatean, Tolosako Beotibar pilotalekuan 280 ikusle inguru elkartu ziren. Migel Soroaren Oroimenezko I. Ogi Berri Txapelketaren hiru partida jokatu ziren bertan, eta lehia politak ikusteko aukera izan zen. Kadeteetan, partida oso gogorra atera zen, azken tantora arte emozioa izan zuena gainera. Tanto bakarrez galdu arren, Beloki atzelariak erakustaldia eskaini zuen. Jubeniletan, partida hasiera ikusgarria eta bizia izan zen. Ikusleen gozamena, ordea, hor gelditu zen, Alduntzinen nekeak eta Altunaren erakustaldiak markagailuan aldea zabaldu baitzuten. Partida 22-10 amaitu zen. Azken lehian, Arrieta-Goikoetxeak bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten. Urbieta saiatu zen, eta ez zuen partida galdutzat inoiz eman, baina aurkariak gehiago izan ziren, 22-15 nagusituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!