Huyck Wangner-eko langileen ahotsa Alemanian entzungo da

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 18a, 07:49

Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako langileek euren lanpostuak eta eskubideak defendatzeko borroka Alemaniara eramango dute. Lantegiko hemeretzi langile eta ELA sindikatuko hiru ordezkari atzo eguerdian abiatu ziren Tolosako Trianguloa plazatik Alemaniara, autobusez. Huyck Wangner-eko ordezkaritza horrek euren lankide, lagun eta senideen babesa jaso zuen Trianguloan. Hainbat komunikabide ere bertaratu ziren, Alemaniako egonaldiaren nondik norakoak jakitera. Zizurkilgo enpresako langileek txalo eta elkartasun oihuen artean ekin zioten bideari.

Aldarrikapen bidaia lau egunekoa izango da, eta Huyck Wangner enpresak Europan duen zuzendaritzaren egoitzara joango dira. Itzulera, larunbatean izatea aurreikusten dute. «Multinazional baten aurka borrokatzen ari garela kontuan hartuz, guk ere gure borroka Euskal Herriko mugetatik haratago eramatea erabaki dugu», azaldu zuten langileek. Europan lau lantegi dauzka Huyck Wangner-ek, eta Alemaniakoa da horietatik nagusiena, hain zuzen ere, Europako zuzendaritza bertan dago.

Bi mezu zabaldu nahi dituzte multinazionalak Europan duen egoitza nagusian. Bata, langileei zuzenduko diete, eta bestea, zuzendaritzari.

Multinazionalak dituen lantegietako beste langileei elkartasuna azaldu nahi diete Zizurkilgo langileek: «Ez guri laguntza emateko bakarrik, baizik eta denon artean batu, koordinatu eta informatu daitezen, etorkizunean gure egoera berdinean aurki ez daitezen». Bestalde, zuzendaritzari ondorengoa esan nahi diote: «Inoiz baino indartsuago eta elkartuago gaudela, eta borrokan jarraituko dugula azken aukera agortu arte».

Mikel Zabaleta ELA sindikatuaren ordezkaria langileekin batera joan da Alemaniara. Bere esanetan, ELA sindikatua IG Metall sindikatuarekin harremanetan egon da, eta babes handia jasotzeaz gain, Alemanian burutuko dituzten ekimenak antolatzen lagundu diete eskualdeko langileei. IG Metall sindikatua Europako metalgintzako sindikaturik handiena dela argitu du Mikel Zabaletak, eta eskainitako laguntza osoagatik, «aldez aurretik, gure eskerrik beroena haientzat».

2012an, irabaziak

Laster hiru hilabete beteko dira Huyck Wangner-eko langileek greba mugagabea hasi zutela. Denbora horretan, hainbat eta hainbat ekimen aurrera eraman dituzte langileek, euren lanpostuen defentsan.

Datorren astean, bigarren enplegurako erregulazio dosierraren kontsulta epea amaituko da, hilaren 25ean, hain zuzen. Langileen esanetan, «enpresaren zuzendaritzak hasierako jarrera berdinarekin jarraitzen du. Ez dute Zizurkilgo lantegia irekita mantendu nahi».

Mikel Zabaleta ELAren ordezkariak atzo azaldu zuenaren arabera, 2012ko kontuak onartu berriak dira, eta enpresak irabaziak eman ditu, 96.000 eurokoak, hain zuzen ere. «Gainera, jakin ahal izan dugunaren arabera, azken lau urteetan 5,7 milioi euro baino gehiago atera dituzte Zizurkilgo lantegitik multinazionalera mailegu desberdinen bidez, nahiz eta horietatik 4,3 milioi euro ondoren barkatu egin dizkioten enpresa taldeari, hau da, oparitu egin dizkiotela».

Zenbaki hauek eskuetan, Mikel Zabaletak lotsarik gabe jokatzea leporatu dio zuzendaritzari: «Zizurkileko lantegiak ez duela etorkizunik esaten dute, inbertsiorako diru nahikorik ez dutela. Ez dago eskubiderik! Ez dute inongo lotsarik!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!