Sentimenduak komunikatzeko asmoz, abian da VI. Aiztondo Gutun Lehiaketa

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 4a, 07:02

Sentimenduak komunikatu eta gutun bidezko literatur generoaren aberastasuna berreskuratzeko helburuarekin, Aiztondo Gutun Lehiaketa antolatu du seigarren urtez Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak.

Jaiotako etxea txikitzera doazela izango da gutunen gaia, eta euskaraz idatzi beharko dira. Gehienez, pertsonako bi lan aurkeztu ahal izango dira, beti ere jatorrizkoak eta argitaragabeak baldin badira. Luzerari dagokionez, gutun bakoitzak alde bakarretik idatzitako bi orri hartuko ditu asko jota.

Epaimahaiak lanen estiloa, kontakizunaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna baloratuko ditu puntuaketetan. Idatziak, eskuz zein ordenagailuz aurkeztu ahal izango dira, eta idatzitakoen kasuan, kaligrafia ere kontutan hartuko da.

Lehiaketa lau mailatan banatu dute adinaren arabera. Lehenengo mailan, sei eta zortzi urte bitarteko umeak hartuko dute parte. B mailan bederatzi eta hamaika urte bitartekoak; D mailan 12 eta 16 urte bitartekoak; eta azkenik, 17 urtetik gorakoak.

Sariei dagokienez, 550 euro banatuko dituzte, nahiz eta lehen bi mailetako umeei ez zaien ordainsaririk emango. Horren ordez, lehen eta bigarren sailkatuek diploma eta opari bana jasoko dute. D mailako lehen sailkatuak, diplomaz gain, 100 euro irabaziko ditu, eta bigarrenak, 50 euro. Helduen mailan, berriz, txapeldunak 250 euroko saria jasoko du, eta 150 txapeldunordeak. Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo herrietako idazlerik hoberenak berriz, afari bat irabaziko du bi lagunentzat Olentzo jatetxean.

Hilabete baino gutxiago

Parte hartzaileek hilaren amaiera baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak, apirilaren 26rako hain zuzen. Posta arruntez, zein elektronikoz bidali ahalko dira lanak.

Posta arruntez bidaltzeko, egilearen datuak (izen- abizenak, adina, telefonoa, helbidea) kartazal itxi batean sartu, eta bertan izenordea jarrita entregatuko dira. Emailez bidaltzen dutenek,  gutuna fitxategi batean bidaliko da, izenordearekin eta egilearen datuak «egilea» izena duen beste fitxategi batean. Aurtengo sari banaketa Larraulgo kultur etxean egingo da maiatzaren 24an, 18:00etan, eta han, lan guztiak irakurriko dira.

Oinarriak

VI. Gutun Lehiaketa

Gaia. Jaiotako etxea txikitzera doaz.

Mailak. A. maila: 6-8 urtekoak; B. maila: 9-11 urtekoak; C. maila: 12-16 urtekoak; E. maila: 17 urtetik gorakoak.

Lanak. Argitaragabeak, gehienez bi orrialde eta parte hartzaile bakoitzeko gehienez bi lan aurkeztu ahal dira.

Kontuan hartuko dira. Estiloa, kontatutakoaren garapena, aurkezpena, originaltasuna, eta eskuz idatzitakoetan, kaligrafia.

Hizkuntza. Euskara.

Epea. Apirilaren 26a.

Helbidea. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatea bulegoa; Muñoa Kalea, 36 Behea. 20159 Zizurkil. Posta elektronikoa: aiztondokogutunak@euskalerria.org.

Sariak. A. eta B. mailak: diploma eta oparia lehen eta bigarren sailkatuentzat; D. maila: diploma eta 100 euro irabazlearentzat, eta diploma eta 50 euro bigarrenarentzat; E. maila: diploma eta 250 euro txapeldunarentzat, eta diploma eta 150 euro txapeldunordearentzat; Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo hoberenentzat, afari bat bi lagunentzat Olentzo jatetxean.

Sari banaketa. Maiatzaren 24an, Larraulgo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!