Oporrak karakol saltsan

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 28a, 11:21

Gastronomiak erakarriko ditu aurtengo Aste Santuko oporraldian ere, turista gehien Tolosaldera eta Leitzaldera. Hari horri tiraz, Karakol saltsa izeneko egitaraua prestatu dute Tolosa eta Tolosalderako, eta gaurtik aurrera gozatu ahal izango da jarduerez.

Tolosaldea Tour-eko Olatz Illarregik, Astelena jatetxeko Peio Doyharzabalek eta Tolosako Udaleko zinegotzi Hasier De los Riosek aurkeztu dute egitasmoa, eta besteak beste larunbat honetan Tolosan aisialdia betetzeko izango diren aukerak azaldu dituzte.

11:00etatik aurrera hasiko da Karakol saltsa Tolosan, azken bi urteotan ere ospatu izan duten karakol lasterketarekin, Trianguloan. Edonork parte hartu ahal izango du, eta sei karakolen artean antolatuko dute azken finala. Horrela, bi sari banatuko dituzte. Irabazleak, Orbela tabernaren eskutik, Larraitzeko Txindokiko Itzala parkerako 50 euroko bi bono eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, Tolosa & Co merkatari elkartearen eskutik, elkarteko dendetan erabiltzeko 50 euroko txartela irabaziko du.

Karakolari protagonismorik kendu gabe, Kilometro 0 ekimenak eta Tolosako azokak bat egingo dute beste behin: karakolak dastatzeko aukera izango da, 12:00etatik aurrera, Trianguloa plazan. Astelena jatetxeko Peio Doyharzabalek 2.000 barraskilo prestatuko ditu, eta 1,5 euroren truke, bost karakoleko anoa eta sagardoa dastatu ahal izango dira; edaria Eguzkitza eta Isastegi sagardotegiek eskainiko dute.

Bide beretik, eta jakirik gozoenei muzin egin gabe, Gorrotxategi, tradizio gozoa tailerra ere martxan izango da 11:00etatik 13:00era bitarte. Erreserbak Tolosaldea Tour-en egin beharko dira.

Gastronomia eskaintza Tolosako erdigunetik atera nahi izan dute aurten, eta modu honetara, karakolaren inguruko egitasmoa zabaldu dute Tolosaldeko sei jatetxetara. 25 euroren truke, menu berezia eskainiko dute, gaurtik astelehenera bitarte, Tolosako Astelenak eta Botarrik, Berrobiko Iriartek, Zizurkilgo Plaza Etxeberrik, Ibarrako Eluskak eta Asteasuko Patxinek.

Honakoa dastatu ahal izango da, besteak beste: eskarola entsalada, mentrezka eta piper gorriekin; alkatxofak, arrautza eta urdaiazpikoarekin; karakolak era tradizionalean edo legatza saltsa berdean, garaiko barazkiekin, eta azkenik, xaxua izozki eta jogurt naturalarekin. Gainera, menuak ogia, ardoa, ura eta kafea ere eskainiko ditu.

Azkenik, haur eta gaztetxoenei ere keinu egin nahi izan diete antolatzaileek, eta larunbatean bertan, 17:00etatik aurrera, Magiklown ikuskizuna izango da Zerkausian.

Larunbataz harago, ordea, Tolosaldeak ere izango du zer eskainia. Tolosaldea Tour-ek bisita gidatuak eskainiko ditu, esaterako, Tolosan barrena, eta Sukaltalka tailerrean ere ikastaroak eskainiko dituzte familia osoarentzat. Honez gain, Topic zentroan haurrei, gaztetxoei nahiz familiei begirako ikastaroak eskainiko dituzte Pazko astean.

Gutizien turismoa urte osoan

Lapiko handietan egindako platerekin batera, eskaintza berritzailea aurkeztu zuten atzo: Pintxo Pass-a. Gaurtik aurrera martxan izango da, eta urte osoan gozatu ahal izango dute, Tolosako herritarrek nahiz turistek.

Tolosa Gourmet-en bitartez, «eragile pribatu eta publikoen elkarlanaren emaitza» dela nabarmendu dute. Horrela, Tolosako sei tabernaren eskutik, etxe bakoitzeko mokadu onenez gozatzeko aukera izango da.

Eskaintzaz gozatu ahal izateko, Pintxo Pass txartela erosi beharko da, euro baten truke, Tolosaldea Tour bulegoan. Behin txartela eskuratuta, Denak, Ikatza, Ilargi, Orbela, Pub 19-90 eta Triangulo tabernetako pintxo bana dastatu ahal izango da, ura, ardoa nahiz sagardoarekin batera, bi euroren truke taberna bakoitzean.

Olatz Illarregik nabarmendu duenez, «turistei begira egin dugu, bai, baina bertakoen gozagarri ere izango da», otorduak pintxoak janez egitea sustatu nahi duen egitasmoa.

Familia osoarentzako planak

Ibarran eta Leitzan ere, hainbat eskaintza prestatu dituzte. Ibarran, Pazko Asteari begira jarri dira, eta egunero, 17:00etatik aurrera, haur eta gaztetxoentzako ikuskizunak izango dira, kultur etxean.

Leitzan, berriz, baserriak eta hauen inguruko ohitura nahiz bizimoduak ezagutzeko aukera izango da, Lesakenea, Peru-Harri eta Saralegi Arro baserrietan, erreserbak aurrez eginda.

Aste Santuko egitarauak

Tolosa

·Martxoaren 28tik apirilaren 1era, menu berezia.

25 euroren truke, karakolekin nahiz bestelako produktuekin prestatutako menu berezia eskuragarri izango da, Tolosako Astelenan, Tolosako Botarrin, Berrobiko Iriarten, Zizurkilgo Plaza Etxeberrin, Ibarrako Eluskan eta Asteasuko Pantxinen.

·Martxoaren 28tik apirilaren 1era, bisita gidatuak.

11:00/16:00. Alde Zaharra.

12:00/17:00. Gorrotxategi museoa.

Erreserbak Tolosaldea Tour-en.

·Martxoaren 30a, larunbata.

11:00. Karakol lasterketa, Trianguloa plazan.

11:00-13:00. Gorrotxategiren tailerra, teilak eta zigarrotxoak egiteko. Erreserbak Tolosaldea Tour-en, tour@tolosaldea.net-en edo 943 69 74 13n.

12:00. Kilometro 0 egitasmoaren barruan, karakolak eta sagardoa izango dira, Astelena jatetxearen eta Isastegi eta Eguzkitza sagardotegien eskutik. Mokadua eta edaria 1,5 euroren truke.

17:00. Magiklown ikuskizuna, Zerkausian. Magia eta pailazoak.

·Apirilaren 2tik 5era, bisita gidatuak.

11:00/16:00. Alde Zaharra.

17:00. Gorrotxategi museoa.

Erreserbak Tolosaldea Tour-en.

·Apirilaren 2tik 5era.

09:00-13:00. Txotxongilo tailerra Topic zentroan, 6 urtetik aurrerako haurrentzat. 40 euro.

·Apirilaren 3a, asteazkena.

09:30-12:30. Txotxongiloekin belaunaldien arteko harremana lantzeko tailerra, 5-7 urteko haurrentzat eta euren guraso, aiton-amona edo zaintzaileentzat. Topic zentroan.

·Apirilaren 6a, larunbata.

11:00-15:00. Zu zeu chef onena Sukaltalkaren tailerra, garaiko produktuekin. Haurrek 9 euro eta helduek 39 euro. Erreserbak: info@sukaltalka.com edo 671 79 45 49.

Ibarra

·Apirilaren 2a, asteartea.

17:00. Etxean goxo txotxongilo emanaldia, Rosa Maria Martinezen eskutik, kultur etxean.

·Apirilaren 3a, asteazkena.

17:00. Bertsolharitza ipuin kontaketa saioa, 5 eta 11 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat, Ibai Esoain eta Lankuren eskutik. Kultur etxean izango da.

·Apirilaren 4a, osteguna.

17:00. Kiki, Koko eta Moko pailazoen Natura gara emanaldia, kultur etxean.

·Apirilaren 5a, ostirala.

17:00. Antzokiko istorioak ikuskizuna, Jakin eta Jolasen eskutik, kultur etxean.

Leitza

Oporraldi osoan, Plazaola partzuergo turistikoaren eskaintzak:

Saralegi Arro baserria. Baserrian hazten den azienda ikusi, eta taloak egiteko tailerrean parte har daiteke baserri honetan. 10 euro ordaindu behar da, eta aurrez egin behar da erreserba: 610 37 85 43 edo kristinasaralegi2009@hotmail.com helbidean.

Peru-Harri harriaren parkea. Eskultura parkera nahiz baserrira bisita egin ahal izango da, eta baita herri kirolaren historia ezagutu ere, Iñaki Perurena harri-jasotzailearen baserrian. Leitzako irteeran dago, NA-1700 errepidean, Uitziko portura bidean. Erreserbak aurrez: peruharri@hotmail.com helbidean edo 659 70 10 45 zenbakian.

Lesakenea baserria. Oreinak nola hazten diren eta nola bizi diren ikusteko aukera eskaintzen dute, baita eurei jaten ematekoa ere. Honez gain, Garciarena aizkolariaren historia eta Nafarroako mendi baserrien inguruko informazioa ere eskaintzen dute. Aurrez zehaztu behar da ordua: 619 21 84 02, 606 24 96 39 edo lesakenea@hotmail.com. Webgunea: www.lesakenea.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!