Tolosaldea Txukun, haserre «inposaketaren» aurrean

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 26a, 12:11

Tolosaldea Txukun plataforma osatzen duten Alegia, Anoeta, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ordezkariek beren haserrea adierazi zuten, atez ateko sistemaren «inposaketa» salatzeko, atzo Zizurkilen emandako prentsaurrekoan.

«Herritarren aurka» doan erabakia dela berretsi zuten, alkateek, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten herrietan, atez atekoaren aurka lortu diren ia 12.000 sinadurei muzin egin baitiete «jarrera autoritarioarekin».

Bilketa eredu berriaren oinarri den ikerketa auzitan jarri zuen Patxi Amantegi, Tolosa Txukuneko bozeramaileak. «Garbitania enpresak burututako ikerketaren xedea izenburuak berak laburbiltzen du: Tolosaldeko Mankomunitatean atez-ateko hondakinen bilketa selektiboa ezartzeko bideragarritasun tekniko ekonomikoa. Beraz, eredu bakarra hartzen du kontuan, eta ereduaren ezarpenaz eta bere kostu ekonomikoaz dihardu. Ez du beste sistemekin konparaketarik egiten».

Garbitania eta Spora, atez atekoaren bideragarritasun txostenak egiteaz arduratzen diren enpresen inpartzialtasuna ere dudatan jarri du plataformak. «Bata Hernani, Usurbil eta Oiartzungo udalek sortutakoa da; eta Spora, berriz, zintzilikarioak, kuboak eta konpostagailuak saltzeaz arduratzen da».

Amantegik, atez ateko sistema ezartzea inbertsio «handiegia» dela adierazi zuen: «kamioi berriak erosi beharko lirateke eta pertsonal gehiago beharko litzateke». Diru hori, euskal enpresei ematea proposatu zuen Tolosa Txukuneko kideak.

Plataformak, herritarrekin hartutako konpromisoa bete, eta bostgarren edukiontziaren alde jarraituko duela adierazi zuen. Hauek informatzeko helburuarekin, hitzaldiak antolatuko dituztela aurreratu zuen Amantegik. Gainera, etxeetako balkoi eta leihoetan zabor poltsak zintzilikatu eta desobedientzia zibilera deitu zituzten herritarrak. Alkateei, berriz, «gezurrik ez esateko» mezua bidali zieten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!