Atez atekoaz eta auzokonpostaz bilerak izango dira hainbat herritan

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 20a, 00:08

Alegia, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura eta Zizurkilen atez ateko hondakin bilketaren aldeko apustua egin dute, «birziklatze emaitzengatik». Bada, herri horietan gizarteratze prozesua jarri dute martxan, eta informazio bulegoak ireki dituzte. «Herritarrei herrietan egingo diren aldaketen berri eman, eta kezkak eta zalantzak argitzea» dute helburu.

Iragan astean hasi ziren gizarteratze prozesuaren hitzaldiekin, eta Tolosaldeko Mankomunitatetik adierazi dutenez, «herritarren parte hartzea altua izan da». Bilera horietan biztanle bakoitzari bere hondakinak non utzi behar dituen erakusten zaie, eta herritarrek euren proposamena egiteko aukera dute, apirilaren 12ra arte informazio bulegoan aurkeztuta.

Hurrengo bilerei dagokienez, Anoetan, Hozpel, Isasti, Errotarburu eta San Juan kaleetako bizilagunek gaur izango dute bilera, 19:00etan, eta hilaren 23an, Errotaldea, Idiakaitz, sakabanatua, Argoin eta apeaderokoentzat izango da, 09:30ean gazteleraz, eta 12:00etan euskaraz. Udaletxean izango dira bilera guztiak.

Amasa-Villabonan, elizatik kale Berri amaierara artekoentzat izango da, gaur (euskaraz) eta bihar (gazteleraz), 19:00etan Mintzolan. Zizurkilen, bestalde, gaur (gazteleraz) Bulandegi Bideakoak, eta bihar (euskaraz) Ihartza-Sakabanatuakoak daude deituta, 19:30ean, Atxulondon.

Ibarran, auzokonposta

Bestalde, Ibarrako Udalak auzokonposta egiteko bi gune jarriko ditu, eta herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera. Martxoaren 27ra arteko epea dago izena emateko. Auzokonpostaren nondik norakoen berri emateko hitzaldia izango da, gaur (euskaraz) eta bihar (gazteleraz), kultur etxean, 19:30ean hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!