Euskararen aldeko lehen urratsak emateko eguna iritsi da

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 14a, 08:49

Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) bi urtetik behin antolatzen du Korrika, eta 18.ari ere iritsi zaio lehen pausoak emateko eguna. Andoainen emango zaio hasiera, eta zazpigarren kilometroan sartuko da Tolosaldera Adunatik. Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Eman euskara elkarri lelopean egingo du Andoaindik Baionarako bidea.

Euskal Herria 11 egunez gelditu gabe zeharkatuko du, eta hilaren 24an Baionara heldu arte lekukoa eskuz esku pasako da.  Adunatik Ikaztegietarako bidean, hamaika eskutatik pasako da lekukoa. Gizarte eragileak, elkarteak, udalak, taldeak, enpresak... dira lekukoa hartuko dutenak. Esparru askotakoak dira euskararekin bat egiten dutenak.

Hogeita bederatzi kilometro egingo ditu Tolosaldean Korrikak, eta tartean milaka pertsona inguratuko da. Bakoitzak ahal duen moduko bultzada emango dio euskarari. Kilometroak lasterka eginez, metro batzuetan parte hartuz edota bide bazterretik animatuz. Ohiko oihu edo leloek ere ez dute hutsik egingo:  Ttipi-ttapa ttipi-ttapa korrika! edota Hemen gaude euskararen alde! Esne Beltza taldeak egin duen Bagoaz! abestiak ere ez du atsedenik hartuko furgonetaren atzetik lasterka doazenak animatzeko. Herri askotan Korrika nagusia iritsi aurretik kaleak girotuko dituzte.

Mezu zuzena du aurten Korrikak: «Eman euskara elkarri. Euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar du. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko». Eta «dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu… Denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du. Kohesiorako lehengaia eta tresna da».  Hizkuntza eta kultura bizien arteko bizikidetza aldarrikatu dute AEK-tik, eta euskararen ikaskuntzan eta erabileran oinarritutako elkarbizitza dute helburu koordinakundetik.

HITZA ere Korrikarekin

Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZAk ere bat egin du Korrika lasterketarekin. Egunkariaren kilometroa harpidedunen artean zozkatuko da, eta Jon Vallejo harpideduna izan da zorteduna. Gipuzkoako Ogasunaren parean hartuko du lekukoa Tolosako Udalaren eskuetatik, eta Araba etorbideko biribilguneraino eramango du bertan LAB sindikatuko ordezkariei pasatzeko.

Beste hainbat udalek bezala, Zizurkilgo Udalak ere erosi du bere kilometroa aurtengo Korrikan, baina lekukoa eramateko ohorea herriko alfabetatze taldeari uztea erabaki du udal gobernuak: «Talde honetan urteak daramatzate alfabetatzea lantzen eta Korrikaren mezuarekin bat, euren ahalegina eskertu eta txalotu nahi du udalak keinu honekin, euskara ikasten ari diren guztiena bezala». Era berean, euskara ikastea bultzatzeko laguntzei eusteko konpromisoa agertu dute udal ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!