III. Larraul-Ernio-Larraul lasterketak Joxe Migel Irazu omenduko du igandean

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 14a, 08:36

Hirugarren urtez jarraian jokatuko den Larraul-Ernio-Larraul lasterketak eskualdeko mendi korrikalaririk ausartenak bilduko ditu igande honetan. Aurtengo edizioan, gainera, Joxe Migel Irazu, Asteasuko lasterkari ohiak, omenaldia jasoko du Utseta kirol elkartearen eskutik.

Aurreko urteetan egindako balantzeak «guztiz positiboak» zirela ikusita, antolatzaileek ez dute aldaketarik egin nahi izan. Lasterketa, beraz, 10:30ean abiatuko da Larraulgo plazatik, eta guztira, 15,5 kilometroko luzera, eta 836 metroko desnibela duen ibilbidea bete beharko dute. «Lehen zatia, Erniorako igoera, oso gogorra da, buelta aldiz, lasaiagoa», adierazi dute antolatzaileek.

Guztira, 150 parte hartzaile inguru espero dituzte. Dena den, oraingoz, ia 100 lasterkarik eman dute izena proban. «Lehenengo urtean, 175 izan ziren. Joan den urteko edizioan, berriz, 110, izan ere, Orioko beste lasterketa bat ere egun berean jokatu zen. Gure helburua, tartean egotea da».

Horien artean, baina, Hassan Ait Chaou, joan den urteko irabazlea, ez da egongo, lesio bat tarteko. Aurreko bi urteetan emakumezkoen mailan garaile izan zen Nerea Amilibia zizurkildarraren parte hartzea ere, kolokan da.

Izen emateko aukera, zabalik izango da lasterketaren hasiera bitartean. Dortsala aurrez hartuz gero, 10 euro ordaindu behar dira, aldiz, egunean bertan, ordaindu beharreko diru kopurua bikoitza izango da, 20 eurokoa, hain zuzen.   www.cdutseta.es helbidean egin daiteke aldez aurreko izen ematea. Dirua, berriz, klubaren izenean dagoen honako kontu korrontean sartu behar da: 2101 0025 41 0012780607. Ondoren, dortsala jaso ahal izateko, ordain-agiria eraman beharko  da.

Lasterketaren ondoren, dutxa, masajea eta hamaiketakoa hartzeko  aukera izango dute parte hartzaileek doan.

Lasterketa baino gehiago

Lasterketaren aurretik, 10:15 aldera, Joxe Migel Irazu korrikalari ohiak omenaldia jasoko du. Asteasuarrak, ibilbide oparoa du, eta besteak beste, Behobia-Donostiako garaile izan zen. Ibilbide oparo horren esker gisa,  plaka eta bat zenbakidun dortsala jasoko ditu antolatzaileen eskutik.

Datuak

Larraul-Ernio-larraul

Eguna. Igandea, martxoak 10.

Irteera ordua. 10:30ean.

Distantzia. 15,5 kilometro.

Desnibela. 836 metro.

Parte hartzaileak. 150 ggb.

Errekorra. 1:09:51 (Ait Chaou)

2012ko irabazleak. Hassan Ait Chaou (Villabona) eta Nerea Amilibia (Zizurkil).

Omendua. Joxe Migel Irazu.

Joxe Migel Irazu · Korrikalari ohia

«Orain sufritu egiten dut lasterketak ikusten»

Asteasuko Muño etxean jaio zen 1943. urtean. Ardo banatzaile gisa ibili zen, baina korrikalari moduan lortutako garaipenengatik da ezaguna. Orain, ordea, lasterketak ikustean sufritu egiten du, bertan egon nahi baitu. Ia egunero paseatzera irtetearekin konformatu behar...

Nola hasi zinen korrika egiten?

Hamazazpi urterekin, Oñatin Gipuzkoako txapelketa zegoela irakurri nuen egunkarian. Parte hartu nuen, eta baita irabazi ere. Gustura sentitu nintzenez, jarraitu egin nuen.

Irabazten jarraitu, ezta?

Bai, Madrilgo Elola trofeoaren garaile izan nintzen, besteak beste. Soldadu nengoenean ere hainbat kros irabazi nituen Valentzia eta Bartzelona aldean.

Maila profesionalean gainera...

Hamabi bat urtez. Bi aldiz jokatu nuen Espainiako Txapelketa, eta bigarren aldian, txapeldunorde izan, eta Luxenburgora joan nintzen Munduko Txapelketa jokatzera.

Donostian ere garaile izan zinen. Atzera eginda, zer sentitzen duzu?

36 urte nituela Behobia-Donostia lasterketa irabazi nuen, 1:03:55 denborarekin. Oso denbora ona da, eta ez da batere erraza. Maratoian, berriz, bi aldiz laugarren izan nintzen, baina bietan Euskal Herriko lehena. Oso pozik nago lortutakoarekin. Gainera, oraingo ibilbidearekin ez dago alderatzerik. Gure garaian gogorragoak izaten ziren.

Zein izan ziren zure aurkaririk gogorrenak?

Aguilar eta Maiz. Batera joaten ginen lasterketetara, oso lagunak ginen. Eta orain ere lagun izaten jarraitzen dugu.

Nola prestatzen zenuen zure burua lasterketetarako?

Gabriel Gonzalezekin entrenatzen nuen. Dena den, nire kasa ere kilometro asko egindakoa naiz. Beti esan izan dut horrelako probak ondo prestatzeko, goizean 20 kilometro, eta arratsaldean beste 20 egin behar direla. Gogorra da, baina denbora izanez gero, ona da.

Faltan botatzen al duzu?

Bai. Orain askotan ez naiz lasterketak ikustera joan ere egiten. Sufritu egiten dut, bertan korri egiten egon nahi dudalako. Beraz, astean lau aldiz ibiltzera ateratzen naiz, eta horrekin konformatu behar...

Igandean, baina, Larraulen omenaldia egingo dizute. Zer nolako berria izan da zuretzat?

Oso gustura nago. Garai zaharrak gogoratzeko polita izaten dira horrelakoak. 1979an, Behobia-Donostia irabazi nuen hartan herrian egin zidaten omenaldia, eta oso polita izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!