Korrika 18rekin batera euskararen jaia iritsiko da eskualdeetara

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 13a, 09:57

Korrika 18 ostegunean hasiko da Andoainen, eta Tolosaldera 17:00ak inguruan iritsiko da,  Adunatik barrena. AEK euskaltegiak antolatzen duen lasterketarekin batera, euskararen aldeko jaia lehertuko da eskualdeetako herrietara. Hainbat ikastetxek Korrika Txikiak antolatu dituzte, lasterketa nagusira ongi berotuta iristeko. Tartean meriendarentzat ere lekua egongo da.

Adunan, kontzertua

Korrika 18ren aldeko ekimena egin zuten Adunan herenegun. Loatzo Musika Eskolakoek kontzertua eskaini zuten bertan. Korrika batzordetik azaldu dutenez, Loatzokoak izan ziren euren burua eskaini zutenak, Korrikaren alde zerbait egin nahi zutela esanaz. 20 lagun inguru aritu ziren giroa musikarekin goxatzen.

Lehenik eta behin, bost dultzainero plazan aritu ziren herritarrak kultur aretora gonbidatzeko lanean. Bertan, tronpetek, saxofoiek, trikitilariek, biolinek, gitarrek, flauta trabeserek, eta txistulariek eskaini zuten kontzertua.

Ondoren, Korrika batzordeak, Adunako Udalaren laguntzarekin, merienda banatu zuen, txokolate bero eta guzti. Adunatik azaldu dutenez, kultur aretoa jendez bete zen, eta izan zen kontzertua kanpotik jarraitu zuenik ere. Batzordeko kideek, Loatzokoei eskerrak eman nahi izan dizkie ekimenagatik.

Egitarauak

Areso

Etzi, martxoak 15

15:45. Korrika Txikia egingo dute eskolako haurrek herrian barrena. Eguraldi txarra bada hurrengo asterako utziko dute.

Aduna

Bihar, martxoak 14

15:30. Adunako Herri Eskolak antolatuta Korrika Txikia egingo dute. Korrikako petoak soinean, herri inguruneari itzulia emango diote ikasleek eta irakasleek. Ondoren, Txulobi elkartean gurasoek prestatutako txokolatea dastatuko dute.

Asteasu

Etzi, martxoak 15

Goizean. Pello Errota ikastetxeko txikienek goizean Korrika Txikia egingo dute. Gainerako ikasleek Larraul eta Asteasu arteko bidea egingo dute. Musika lagun izango dute Korrika Txikian parte hartuko duten ikasle, irakasle eta herritarrek.

Alegia

Bihar, martxoak 14

21:00. Zahagiardoa egongo da herriko plazan, Korrika pasa ondoren jaiarekin jarraitzeko.

Altzo

Bihar, martxoak 14

15:45. Korrika Txikia eskolatik aterako da, plazan amaitzeko. Ikasleek eta irakasleek gurasoak ere gonbidatu dituzte parte hartzera.

19:00ak inguruan. Altzoko Udaletik herritar guztiei Korrika nagusian parte hartzeko deialdia egin diete, Alegia ingurura jaitsiaz.

Amasa-Villabona

Bihar, martxoak 14

Arratsaldean. Loatzo musika eskolako trikitilariak Korrikaren etorrera alaituko dute. Herriko ikastetxeek aurten ez dute Korrika Txikirik egingo, eta bakoitzak bere ekimenak antolatu ditu.

Amezketa

Bihar, martxoak 14

18:30. Amezketako plazan gelditu dira, Alegiatik pasatzen den Korrikara joateko.

Etzi, martxoak 15

20:00. Kultur etxean Bidaia intimoak dokumentala eskainiko dute.

Martxoak 17, igandea

12:00. Korrikaren aldeko hamaiketakoa egingo dute plazan. Bertan, Korrikako materiala, eta Korrika Lagun egiteko aukera egongo da, besteak beste.

Alkiza

Bihar, martxoak 14

15:30. Zizurkilgo Korrika Txikiarekin bat egingo dute alkizarrek.

Berastegi

Etzi, martxoak 15

17:30. Korrika Txikia ospatuko dute herrian barrena.

Ibarra

Bihar, martxoak 14

18:30. Korrikari harrera egiteko hitzordua Ibarra sarreran jarri dute.

Ikaztegieta

Bihar, martxoak 14

15:00. Korrika Txikia egingo dute, eta irteera puntua herriko zubia izango da.

16:00. Korrika nagusiaren aurretik txokolate dastatuz merienda egingo dute.

Larraul

Etzi, martxoak 15

Goizean. Asteasuko Korrika Txikiarekin bat egingo dute Larraulgo ikastetxeko haurrek.

Tolosa

Bihar, martxoak 14

15:00. Herriko ikastetxeen Korrika Txikia Trianguloatik abiatuko da, eta bi adarretan zatituko da. Batzuk, Samaniego aldera joango dira, eta besteak, Laskorain ikastolarantz.

19:30. Korrika igaro ondoren, barrikotea egingo dute Trianguloan. Eguraldi txarra eginez gero, Zerkausian. Sagardoa Isastegik jarriko du, eta pintxoak tabernariek. Baso bakoitza euro bat ordaindu beharko da. Giroa alaituz txaranga egongo da.

Zizurkil

Bihar, martxoak 14  

15:30. Zizurkil Goiko bidegurutzetik aterako da Korrika Txikia, herriko hiru ikastetxeetako haurrekin, eta Alkizako Herri Eskolako ikasleekin. Zizurkil Beheko Aurrera plazaraino joango dira, bertan merienda egiteko, Korrika nagusiaren zain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!