Gutuna: Alegia, Anoeta, Amasa-Villabona, Irura eta Zizurkil; zuekin, alde ederra!

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 13a, 00:16

Pasa den astean, Tolosaldearentzat eta Gipuzkoarentzat oro har pauso handi bat eman da, gure kide diren Alegia, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkilek gaikako bilketa eraginkor bat ahalbidetuko duen sistema bati ekingo diotela adierazi baitute eta harro gaude.

Tolosaldeko Mankomunitatearekin batera, lehenagotik ere eskualdeko hainbat herrik, egun dugun eredua atzean utzi eta herritarrak harro egoteko moduko bilketa sistema berriak proposatu dituzte. Hauen bidez, birziklapen mailak handitu eta gure seme-alabei etorkizun garbiago bat ahalbidetuko diegu.

Aspaldidanik dugu zero zabor eskualde bihurtzeko asmoa, eta pozgarria da ikustea pixkanaka-pixkanaka geroz eta herri gehiago garela horren aldeko benetako apustua egiten ari garenak. Egun herritarrok hondakinekin dugun harremana zeharo aldatzeko aukera dugu, eredu eraginkorragoak posible direla ikusten ari baikara, ingurumena, ekonomia eta hurrengo belaunaldiak oinarri hartuta.

Azken berri honekin, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Alegiaren kasuan, euren birziklatze tasa guztiz iraultzeko apustua egin dute, horrela, herritarren ongizatea jarriz ezeren aurretik. Hilabete gutxiren buruan, herri horietan eta eskualdean ere nabaria izango da aldaketa eta horren jabe eginda, atzetik beste herri gehiago gehitzeko aukerak ere pozten gaitu.

Eskualdean dugun zabor kudeaketa errotik aldatzeko apustuan bost herrien iniziatiba salto kualitatibo handia izango da ezbairik gabe. Eta jarraian ere gehiago izango garenaren itxaropena dugu.

Ondo egingo genuela hitz eman genuen, eta hala da; Tolosaldean bidea zein den argi dugu, eta ondo ari gara. Eskualdeko kide guztiok, herritarrekin batera, alde ederra markatuko dugu!

Ibarra, Aduna, Berrobi, Hernialde, Berastegi, Amezketa, Asteasu, Gaztelu, Ikaztegieta, Orexa, Lizartza, Altzo, Orendain eta Tolosako udalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!