Eskola txikiek Usabalen dute hurrengo zita

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 7a, 09:24

Tolosaldeko Eskola Txikien XI. Kirol Topaketak Tolosako Usabal kiroldegian ospatuko dira martxoaren 15ean. Besteak beste, Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alkiza, Altzo, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Ikaztegieta, Lizartza eta Zizurkilgo haurrak bertan elkartuko dira, jolas giroan kirola egiteko. Hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko ikasleen arteko harremanak bultzatu nahi dira ekimen honekin.

09:45ean harrera ekitaldia egingo dute, bost minutu beranduago jolasekin hasteko. 10:45ean hamaiketakoaren txanda izango da, eta indarrak berritu ondoren, 11:10ean, berriro jolasei ekingo diete. Kirol topaketak 12:05ean amaituko direla azaldu dute antolatzaileek, hau da, Gipuzkoako Eskola Txikietako arduradunek. 12:30ean, itzulerako autobusa abian jarriko da eta ikasle guztiak euren eskoletara itzuliko dira goiz eder bat lagun berriekin igaro ostean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!