Herritarren partaidetza areagotu egin dela diote ‘Herritarrek’ saretik

Tolosaldeko Ataria 2013ko ots. 6a, 10:34

Herritarrekin izeneko partaidetza sareak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek osatzen dutenak, urte bete egin du «herritarren partaidetzan sakonduz eta sustatuz». Aldundiko eta udaletako ordezkariek herritarren partaidetzan urrats berriak emateko hausnarketa egin dute Hernanin egindako bigarren topaketan, eta bertan Tolosaldeko hainbat udalerrietako ordezkariek parte hartu dute. Herritarrekin martxan jarri zenetik, aldundiaren eta 77 udalen arteko lankidetzari esker, 130 partaidetza esperientzia baino gehiago gauzatu dira. Aldunditik azaldu dutenez, «partaidetzak nabarmen egin du gora, izan ere, aurreko legegintzaldian, 30 esperientzia besterik ez zituen lagundu aldundiak».

Topaketan partaidetza sistemetan sakontzeko eman beharreko urratsak izan dituzte hizpide, hausnarketa egin ondoren herrien tamainaren arabera azken hilabeteotan. Guztira, aldundikoez gain, 48 udalerritako ordezkariek hartu dute hausnarketa prozesuan: alkateak, zinegotziak eta teknikariak. Lau multzotan banatuta egin dute hausnarketa. Herri txikien multzoan 17 herrik hartu dute parte, tartean Tolosaldeko 11 udalerritako ordezkari eta teknikariak: Aduna, Abaltzisketa, Albiztur, Altzo, Orendain, Gaztelu, Hernialde, Alkiza, Berrobi, Baliarrain eta Ikaztegieta. Herri txiki-ertainen multzoan 9 herrik hartu dute parte, horietatik lau eskualdekoak: Zizurkil, Irura, Anoeta eta Asteasu. Herri ertainen multzoan 13 herrik hartu dute parte, horietatik bi eskualdekoak: Amasa-Villabona eta Ibarra. Herri handien multzoan, berriz, bederatzi  herrik hartu dute parte, tartean Tolosak.

Azken urtean jasotako esperientzia oinarri hartuta, aurrerantzean, herriek, bakoitzak bere beharren arabera, partaidetza nola sistematizatu aztertu dute topaketan. Udalen funtzionamenduan oinarrituta, herrietako partaidetza sistema diseinatu, sistematizatu eta arautzea da helburua. Horretarako, demokrazia ordezkatzailea (informazioaren kudeaketa, herri batzarrak…), demokrazia parte hartzailea (aurrekontu parte hartzaileak, prozesu zehatzak, batzordeak…) eta demokrazia zuzena izan dituzte aztergai.

Herritarrekin sareko ordezkarien ustez, partaidetzak «iraunkorra izan behar du, herrien beharrei erantzungo diena, balioetan oinarritua, integrala izango dena, gertukoa, ulergarria, irekia eta etengabe elikatuko dena». Horretan garrantzitsua dela deritzote «herritarrak udalerriaren subjektu aktibo direla jabetzea, udalak herritarrengana gerturatzea eta ateak zabalik edukitzea, informazioa modu gardenean herritarren eskura egotea eta udal erabakietan partaidetza sustatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!