Huyck Wangner enpresako langileek «borrokan» jarraituko dutela diote

Tolosaldeko Ataria 2013ko ots. 5a, 08:00

Zizurkilgo lantokia ez ixteko eskatuz manifestazio jendetsua egin dute Tolosan

Tolosako kaleetan Perot ez itxi oihua zabaldu zen larunbat eguerdian. Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko (garai bateko Perot) langileek deituta, manifestazioa egin zuten eta herritar asko gerturatu zen deialdira. Manifestazioa Trianguloatik abiatu zen eta baita bertan amaitu ere. Mobilizazioa bukatzerakoan lantegiko hainbat behargin kultur etxeko balkoian zeuden zain, eta horietako batek herritarrei emandako babesa eskertu zien. Era berean, «borrokan» jarraitzeko prest daudela esan zuen: «Isilik eta etxean nahi gaituzte, eta gaur, ez gaudela prest esan diegu Amerikako Estatu Batuetan eta Alemanian egoitzak dituen Xerium multinazionaleko jabeei».

Larunbateko manifestazioa jendetsua izan zen.[/caption]

 

Lehen bilera

Manifestazioa Zizurkilgo lantegiko langileen batzordearen eta multinazionalaren zuzendaritzaren arteko lehen bilera eta gero egin zuten. Bilera ostiral goizean egin zuten. Mikel Zabaletak, Tolosako ELAren metalgintzako ordezkariak, esandakoaren arabera, ez zuten ezer adostu: «Oraingoz ez da ezer itxi, enpresa ez da konprometitu ezertara, beraz, aurrera jarraituko dugu, eta ikusiko dugu negoziazio prozesuak zer ematen duen». Enpleguaren inguruan baino ez zuten hitz egin enpresa buruekin: «Guk lanpostuak mantendu nahi ditugu, beraz ez dugu itxieraren nahiz kalte ordainen inguruan hitz egin nahi izan». Sindikatuaren esanetan, Zizurkilgo lantegia bideragarria da, eta bideragarritasun horretan oinarritu dute negoziazio guztia. Urtarrilaren 25ean aurkeztu zuen enpresak enplegu erregulazio espedientea, eta oraingoz, langileek formalki jaso duten informazioa da 81 lanpostuetatik 75 desagertarazteko helburua dutela. Ostiralekoaren ondotik bilera gehiago etorriko direla dio Zabaletak: «Zuhurtziaz jokatu behar dugu, azken bileretan ikusiko baita enpresak zer nahi duen». Urtarrilaren 28a geroztik Zizurkilgo lantegiko langileak greba mugagabean daude. Urtarrilaren 21ean jakin zuten 81 langiletik 75 kaleratu nahi dituztela.

Ikusi manifestazioko bideoa.

Ikusi maniestazioko beste bideo bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!