‘Perot’ itxi eta 75 langile kaleratu nahi dituztela salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 29a, 08:25

Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko langileek greba mugagabea hasi zuten atzo. Perot izenez ezagunagoa den lantegia, itxi egin nahi dutela salatu zuten, 81etik 75 langile kalean utziz. Bizitzen ari diren egoera «lotsagarria» dela esan zuten, eta arazoa gizarteratzeko ekimenen artean, larunbatean, Tolosan manifestazioa egingo dute. Trianguloa plazatik 12:00etan irtengo dira.

Huyck Wangner Spain lantegia Xerium multinazionalaren barruan kokatzen da. Papergintza sektorerako oihal metalikoak egiten ditu, eta enpresaren nagusiek Ameriketako Estatu Batuetan eta Alemanian dute egoitza.

Lantegiko zuzendaritzaren asmoak urtarrilaren 21ean jakin zituzten langileek, izan ere, egun horretarako Donostiara deitu zituzten. Mikel Zabaleta ELAren ordezkariaren esanetan, «egoeraren azalpen labur batzuk eman eta gero, haien abokatuek, 81 langiletik 75 kaleratuak izango direla esan ziguten. Honek, argi eta garbi, lantegiaren itxiera suposatzen du».

Erabaki hau aurrera eramateko, enpresak bi arrazoi nagusi aipatu zituela dio Zabaletak: «Batetik, papergintzaren sektoreak eta multinazionalak jasaten ari diren krisia, eta bestetik, Zizurkilgo lantegian dagoen makinaria zaharkituta dagoela».

HWS lantegiak 19 eta 24 milioi euroren artean kokatzen du makinaria berritzeko egin beharko litzatekeen inbertsioa, eta hori «gehiegizkoa» zela azaldu zieten langileen ordezkariei. Mikel Zabaletaren esanetan, batzarrean esandakoaren arabera, Zizurkilgo produkzioa Alemaniara, Italiara eta Austriara eraman nahi dute: «Lantegi hau husteko erabakia, soilik, estrategikoa da; oraindik diru gehiago irabazteko hartutako erabakia da».

«Esan ez dutena»

Zizurkilgo langileak enpresako jabeen ikuspegiarekin ez datoz bat, eta errealitatearen «zati garrantzitsuak» ez aipatzea leporatzen diete multinazionalaren arduradunei: «Krisia krisi, lantegiak urtero irabaziak eman ditu. Besteak beste, 2012a urte oso ona izan zen, eta hemengo langileen kontura diru asko irabazi zuten; produktibitate ratioak ikusita, taldeko lantegirik hoberena da Zizurkilgo enpresa, hau da, langile bakoitzeko produkzio gehien duena da».

Makinariaren inguruan, lantegiko jabeek euren arrazoiak ematerakoan, esan ez zutena ondorengoa izan zen Mikel Zabaletaren iritziz: «Aldaketa aspalditik aurreikusia zegoen. Egungo makinaria dagoeneko amortizatua dago, eta urtez urte, lantegiak emandako irabaziez gain, diru kopuru bat makinaria berritzeko gordetzen joan dira».

Arrazoi hauek kontuan hartuta, ELAren ordezkariaren esanetan,  lantegiko arduradunen erabakia «lotsagarria, onartezina eta mingarria da, eta horren jakitun dira». Horren adibide bezala, azken egunetan lantegian gertatua salatu dute: «Bilera aurretik, produkzio guztia enpresatik atera eta biltegi batzuetara eraman zuten; behin bilera egin ondoren, enpresako sarreran segurtasun pribatua jarri zuten, eta enpresara sartzea debekatutako daukagu gaurtik (atzotik) aurrera». Prentsaurrekoa, adibidez, Zizurkil Goiko frontoian eman behar izan zuten atzokoan, lantegiaren aurrean egiten ez baitzieten utzi.

Arazo larri honen aurrean bi bide jorratuko dituzte langileek. Alde batetik, negoziaketekin jarraitzeko asmoa agertu zuten, behar izanez gero, bide judizialetara joaz. Bestetik, konponbide beharra gizarteratu nahi dute. Horretarako, greba mugagabea, larunbateko manifestazioa eta instituzioen inplikazioa bilatuko dituztela aipatu zuten.

Atzo martxan jarri zuten borrokaren helburua zein den argi eta garbi dute Huyck Wangner lantegiko langileek: Lantegia irekita mantentzea, lanpostuen defentsan. Aurrean duten «munstroa» gelditzeko, aldiz, gizarte eragile guztien babesa eta elkartasuna eskatu zuten, «arazo hau ez baita soilik kalean utziko dituzten langileena, beste jende askori eragiten baitio».

Lantegiaren oharra

HWS multinazionalak bere aldetik, ohar baten bidez, enplegu erregulazio espediente batez hitz egiten du, hori bai, lanpostuak desagertu aurreko urrats bezala, eta enpresa bideragarri egiteko helburuarekin. Makinaria berritzeko inbertsioa, jasanezina izango litzatekeela dio HWSk.

Zizurkilgo Udalaren babesa jaso dute langileek

Joxe Mari Luengo alkatea prentsa agerraldian egon zen atzo, langileen ondoan. Aurrez, udalak bandoa kaleratu zuen Huyck Wangner multinazionaleko zuzendaritzaren erabakia salatuz, «kapitalismo basatiaren bidegabekeria erakusten duelako». Langileei, aldiz, elkartasuna azaldu diete udaletik, «behar dutenerako udalaren bitarteko eta laguntza» eskainiz. Zizurkildar guztiei ere dei egiten die, mobilizazioetan parte hartzeko eskatuz: «enplegu duinaren defentsa guztion zeregina delako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!