Sorturen eratze prozesua aurrera doa. Batzarrez batzar, ezker abertzalearen alderdi berriaren oinarriak finkatzen ari dira sortzaileak. Hirugarren batzarra, antolaketa eta funtzionamenduari dagokiona, asteburu honetan egingo dute. Bilerak eskualdeko hainbat herritan egingo dira, eta dena prest utzi nahi dute otsailaren 7rako, hau da, barne hauteskunde egunerako. Eratze prozesuari amaiera emateko, otsailaren 23an, kongresua egingo dute.
Aurrez, batzarren fasea amaitu behar da, eta eskualdeko herri gehienetan hirugarrena larunbatean egingo dute. Altzoren kasuan, igandean izango da bilera hori, eta Gaztelun, astelehenean egingo dute.
Batzarraren dinamika orain artekoa izango dela azaldu dute Sortutik, hau da, «parte hartzea bultzatzen duena». Bertara agertzen direnek, txostenari hobekuntzak eta ekarpenak egiteko aukera izango dutela azaldu dute eratze prozesuaren dinamizatzaileek: «Horretarako, lehen liburuko bigarren atala irakurtzea komenigarria izango da, hain juxtu, hirugarren batzar honetan hori eztabaidatuko baita».
Leitzan batzarra ihoteen barruan izango da, bihar. Arrazoi horregatik, herritarrei ahalegin berezia eskatu diete Sortuko kideek: «Goizean, auzolanean, proiektuari forma emango diogu, hamaiketakoa eta guzti. Arratsaldetik aurrera, berriz, denok ongi pasatzera!».
Hitzorduak
Bihar, urtarrilak 26
Anoeta. Mikelasagasti auditorioan, 09:30ean.
Amasa-Villabona. Kultur etxean, 09:00etan.
Ibarra. Kultur etxean, 09:00etan.
Leitza. Erleta eskolan, 10:00etan.
Tolosa. Kultur etxean, 09:30ean.
Zizurkil. Iriarte kultur etxean, 10:30ean.
Etzi, urtarrilak 27
Altzo. Balioanitzeko gelan, 10:00etan.
Urtarrilak 28, astelehena
Gaztelu. Eskolan, 19:00etan.