Jon Irazu: «Mentalki oso indartsu ikusten dut neure burua, irabazteko gai»

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 24a, 00:55

Paraje ederrean dago kokatua Zaldu Azpikoa baserria. Zizurkil goitik aurrera eginda, Adunaren eta Larraulen magalean. Bertan, entrenamendu saioa bukatu berri du Jon Irazu (Zizurkil, 1982) aizkolariak. Azken hiruzpalau hilabeteetan asko izan dira etxeko atarian ebaki dituen enborrak, Xabier Zalduaren aurkako igandeko desafioa prestatzeko lanetan. Tolosako zezen plazan izango da, 12:00etan. Hamalauna enbor izango dituzte aurrean eta 12.000 euro jokoan.

Bere lehen apustua izango da, eta txapelketetan emaitza oso onak eskuratu baditu ere, badauka lehenengo aldiko kezka hori. Egin beharreko lanak ondo eginda, gustura ageri da Irazu, irribarretsu, apustuaren bezperatan.

Egun gutxiren faltan, nola ikusten duzu igandeko desafioa?

Errespetu osoz begiratzen diot igandekoari. Errespetuz, eta baita beldur pixka batekin ere. Jakin badakit ondo nagoela, oso indartsu iritsiko naizela hitzordura, baina aurkaria ere sasoiko egongo da. Gainera, beldur naiz plazara nola iritsiko ote naizen, plazak berak nola hartuko ote nauen. Hori igandean ikusi beharko dugu.

Fisikoki zein mentalki, behar bezala prestatuta iritsiko zara Tolosako hitzordura?

Bai, mentalki oso indartsu ikusten dut neure burua, irabazteko gai. Fisikoki, berriz, katarro txiki bat pasa dut duela bizpahiru egun, baina honezkero ondo errekuperatu naiz. Espero dut horrek eragin handiegirik ez izatea. Gainontzean, puntu onean iritsiko naiz desafiora.

Behatzeko lesio baten erruz norgehiagoka atzeratu behar izan zenuen. Ondo errekuperatu zara?

Bai, hiru bat astez geldirik egon nintzen behatza erabat sendatu arte. Zalduak, hasiera batean, urtezahar inguruan jokatu nahi zuen apustua, baina nik lesioagatik eguna atzeratzea erabaki nuen. Geldialditxoaren ostean gogorra izan da berriz ere entrenamenduetara itzultzea, baina behatza erabat sendatu zait. Igandean ez da horren aitzakiarik izango.

Nola hartu zenuen Zalduak desafioa zuri zuzentzea?

Bigarren mailako Euskadiko Aizkolari Txapelketa irabaztetik nentorren, eta espero nuen handik edo hemendik desafioren bat etortzea. Hala ere, sekulako sorpresa izan zen niretzat Zalduaren deia. Gainera, horrelako apustuetan horrenbesteko esperientzia duen aizkolari baten aurka aritzea ohorea da niretzat. Asko poztu ninduen desafioaren berriak.

Zein da zehazki osatu beharreko lana?

Hamalau enborrekin ariko da bakoitza. Launa oinbiko eta hamarna kanaerdiko izango ditugu, ahalik eta denbora gutxienean ebakitzeko. Lanak bukatzen azkarrenak irabaziko du apustua.

Txapelketetan ondo aritzen zarela badakigu, baina zer moduz moldatuko ote zara honelako desafio batean?

Txapelketako lanak, egia esan, nahiko motzak izan dira orain artean, eta aurrean daukagun erronka honek dobleko lana suposatuko digu, gutxienez. Hor nabarituko dut, nik uste, alderik handiena. Baina ikusi egin beharko da, zezen plaza batean, apustu batean, buruz buru aritzean... nola erantzuten dudan.

Zein da honelako apustuek eta txapelketek duten desberdintasuna?

Txapelketetara lasaiago joaten gara, horrenbesteko presiorik gabe, ahalik eta lan txukunena egitera. Gainera, jende gehiagok hartzen dugu parte, eta egon litekeen protagonismoa ere banatu egiten da. Apustuen kasuan, ordea, erronka handiagoa izaten da, data jakin bat eta helburu zuzen bat jartzen dizkiozu, eta aurkariari irabaztean besterik ez duzu pentsatzen. Begirada guztiak ere gu biongan bakarrik egongo dira jarrita, eta horrek presioa areagotzen du.

Lan motzak egiten ikusi izan zaitugu orain artean. Hau iraupeneko lasterketa izango dela kontutan hartuta, prestaketa berezirik egin duzu?

Bai, hori landu behar izan dut gehienbat. Lehendik ere mendian eta asko ibiltzen nintzen, baina orain, bizikletan ere entrenamendu dezente egin ditut, eta aizkoran ere saio luzeagoak egiten aritu naiz. Giharrak oso puntu onean dauzkat, eta zentzu horretan indartsu sentitzen naiz. Indar horiek neurtzen eta saio osoan zehar eusten izango ditut lanik handienak.

Nola ikusten duzu aurkaria?

Ez daukat inongo dudarik oso ondo prestatuta iritsiko dela. Beti ematen du bere onena, eta gainera oso plaza gizona da. Ziur nago estu hartuko nauela.

Olasagasti bezalako izarren aurka lehiatu izan da Zaldua. Zuretzat, berriz, lehenengo apustua izango da. Abantailarik badu berak?

Abantaila handia, gainera. Berak badaki gorputzak nola erantzuten dion honelako apustu baten aurrean, eta badaki nola jokatu behar duen. Ni, berriz, berria naiz honetan, eta eguna eta ordua iritsi arte ez dut jakingo nola erreakzionatuko dudan. Horrexek ematen dit errespetu pixka bat.

Zalduak esan du orain arteko bere erronkarik zailena izango dela igandekoa. Faboritotzat daukazu zeure burua?

Egia esan, entzundakoaren arabera, badirudi ni naizela jendearen faboritoa. Lan motzetan ondo aritu izan naiz, baina honelako desafio luze baten aurrean, neure burua ez dut inolaz ere faborito gisa ikusten. Are gutxiago,  Zalduak apustuen munduan daukan esperientzia eta trebetasuna ikusita. Fondo handiko mutila izanda, nik bera joko nuke faborito.

Oinbikoak zuk zeuk jarriko dituzu, eta kanaerdikoak Zumarragakoak ekarriko ditu. Egurretan egon daiteke gakoa?

Berak, normala den bezala, komeni zaizkion egurrak ekarriko ditu. Fondo gehiago daukanez, lanak luzatzera joko du, eta horregatik, egur gogorrak espero ditut. Baina nik ere ez ditut batere bigunak eramango, beraz, lan luzea izango dugu aurretik. Apustu gogorra izango da.

Jokoan dauden 12.000 euroak presio ala motibazio izango dira zuretzat?

Dirua baino, ohorea da jokoan dagoena, nor izango ote den bestea baino gehiago. Noski, diruarena niretzat presioa da, izan ere, norberak jarri beharreko 6.000 euroak biltzeko jende askoren laguntza izan dut, eta erantzukizun handia da niretzat horrenbeste lagunen diruarekin jokatzea. Baina gisa honetako apustu bat aurrera ateratzeko jokatu beharra dago honelako diru kopuru bat, bestela axolagabetzat hartu liteke norgehiagoka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!