29 segundoko aldeagatik galdu dute Pellejerok eta Olanok, Amazabalen

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 15a, 05:23

Asier Pellejerok aresoarrak eta Arkaitz Olano leitzarrak amore eman behar izan zuten igandean, Larretxearen eta Irazabalen aurrean. Zilarrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren kanporaketa jokatu zen Leitzako Amazabal pilotalekuan, eta kanpotarrek lortu zuten aurrera egitea ahalbideratzen dien txartela.

Lehen ariketan Pellejero eta Olano nagusitu ziren, 45 ontzako enborra 40 kolpetan moztuta. Aurkariek 41 bat izan zituzten. Aldea bigarren ariketan irauli zuten Larretxeak eta Irazabalek. 45 ontzako enborra 1:31 segundotan moztu zuten, aurkariei 15 segundo kenduz. Zutikakoaren ondoren, bi bikoteak parean gelditu ziren. Laugarren ariketan erabaki zen lehia. Bi bikoteek, 60 ontzako enborra moztu behar zuten, eta Larretxeak eta Irazabalek 20 segundotik gorako aldea lortu zuten. Azken ariketan, bi bikoteak parean ibili ziren, ordura arte lortutako aldean eragin handirik egin gabe. Amaieran, etxekoek 13:29ko denbora markatu zuten, eta kanpotarrek, 13:00 minutukoa.

Urrezko mailako lehia ere jokatzekoa zen Leitzan, igandean, baina iragan astean bertan behera gelditu zen, Ander Erasunen lesioagatik.

Apusturako sarrerak

Jon Irazu zizurkildarra gustura aurkitzen da bere buruarekin, urtarrilaren 27ko apustuari begira. Gogor prestatzen ari da desafioa, eta aste honetan amaituko ditu entrenamendu gogorrak. Ondoren, atsedenaldi aktiboari ekingo dio, hurrengo igandera puntu-puntuan iristeko. Behatzeko lesioa gainditu ondoren, aitzakiarik ez dela egongo esan du Irazuk. Aizkolari zizurkildarraren lehen apustua izango da, eta beldurrik handiena horrek ematen diola onartu du Irazuk. Xabier Zaldua, aldiz, plaza gizona da, eta hainbat apustu jokatu ditu. Zizurkildarrak jakin badaki ondo prestatuta joango dela Tolosako zezen plazara zumarragarra.

Jon Irazu eta Xabier Zalduaren arteko aizkora apustua, urtarrilaren 27an jokatuko da Tolosako zezen plazan, 12:00etan. 14 enbor moztu beharko ditu aizkolari bakoitzak: 4 oinbiko eta 10 kanaerdiko. Lanak azkarren egiten dituenak, 12.000 euro irabaziko ditu. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai Tolosako zezen plazaren leihatiletan, 30 euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!