Milioi erdiko kreditu gehigarria, plenoko hizpide

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 27a, 12:00
Udala aurten hasi da zezen plaza eraberritzeko lanetan. TOLOSAKO UDALA

Zenbait proiektu gauzatzeko diru poltsa berri bat gehitzea onartu du udalbatzak, EH Bilduren abstentzioarekin; diru laguntza handitu diete hainbat eragileri

Tramite ekonomikoak protagonista eta eztabaidarako gai izan ziren, joan den asteartean, Tolosako Udaleko ohiko osoko bilkuran. Izan ere, udal gobernuak kreditu gehigarri bat sortzeko proposamena egin zuen gai zerrendan: zehazki, 546.467,31 euroko diru poltsa.

Begoña Tolosa EAJko zinegotziak zehaztu zuenez, hainbat gastu «berehala» egitea «beharrezkoa» da, udal zerbitzuek dituzten premiei erantzun ahal izateko; lan horiek atzeratzeak kalte «nabarmenak» sortuko lituzke, gobernuaren iritziz. Ordea, joan den urte amaieran onartutako aurrekontuan ez dago nahikoa kreditu inbertsio horiek egin ahal izateko, eta horrek ekarri du kreditu gehigarriaren proposamena.

Guztira hamabi inbertsio egingo dituzte 546.467,31 euroko kreditu gehigarria baliatuz, eta Tolosako Udalaren gerakinetik finantzatuko dute.

EH Bilduk azaldu zuen abstentziora joko zutela, beren hitza «ez dutelako kontuan hartzen». Lore Agirrek gogora ekarri zuen, gobernuari inbertsioak elkarlanean aurreikusteko egindako proposamena: «Guk ere herritar asko ordezkatzen ditugu, eta eztabaidan parte hartu nahi genuke».

Kontrara, Olatz Peon alkateak azaldu zuen Plan Orokorraren inguruko eztabaidara deitu zituztela oposizioko kideak, eta ez zutela erantzunik jaso: «Elkarrekin hitz egiten dugu, baina elkar ulertzeko zailtasunak ditugu, ez dakit non galtzen garen».

Iritziak iritzi, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, udalbatzak milioi erdi euroko kreditu gehigarriaren proposamena onartu zuen. Modu horretan, udalak aurre egingo die honako inbertsioei: Tolosako ostalaritza eskaintzaren eta aisialdi ereduen inguruko analisia; garraio materiala; Tolosa CF eskubaloiari eta Tolosaldeko Arraun Klubari diru laguntza nominatiboa; Oriaburu eraikinean co-working guneko hornitzea; Elosegi parkeko dorrearen konponketa; Udaltzaingorako auto hibrido baten eta auto gaineko argien erosketa; zezen plazako eraberritzearen bigarren eta hirugarren faseak; kaleko argiteria; udaletxeko berogailuen sektorizazioa; Tolosako Ekinbide Etxeari diru laguntza nominatiboa, 50. urteurrena eta Europako Sari Nagusia antolatze; eta, azkenik, Paper Eskolako igoerako konponketa lanekin amaitzea.

ALDAKETAK DIRU LAGUNTZETAN

Esparru ekonomikotik irten gabe, apirileko osoko bilkurak balio izan zuen 2017ko diru laguntzen eranskina aldatzeko ere. Zenbait eragileri diru laguntza nominatiboak gehituko dizkiote orain; hau da, aurreikusitako diru kopuruez gain, babes ekonomiko handiagoa emango die udalak, helburu jakin batzuei erantzuteko.

Batetik, Tolosako Bizikidetza Foroa lagunduko dute diruz, eta 3.570 euro emango dizkiote taldeari,bizikidetza lantzen jarraitzeko. Baionako (Lapurdi) Bernart Etxepare Lizeoak ere 1.700 euroko diru laguntza jasoko du, Euskararen sagartzea kanpainaren truke.

Azkenik, kreditu gehigarrian onartutako inbertsio zenbait diru laguntzak handitzeko baliagarriak izango dira. Tolosako Ekinbide Etxeari, esaterako, 26.000 euroko diru laguntza nominatiboa eskainiko dio udalak 14.000 kreditu gehigarritik , 50. urteurrenaren inguruan prestatzen ari diren ikuskizuna aurrera eramateko, eta Abesbatzen Europako Sari Nagusia antolatzeko.

Halaber, kirola sustatzeko kreditu gehigarria ere diru laguntza gisa helduko zaie Tolosa CF eskubaloiari (5.000 euro) eta TAK.i (3.000 euro).

Mugimendu horiez gain, aipatzekoa da Tolosako Udalak martxan jarri duela jada, osatileko plenoan onartutako 2017-2019 Diru Laguntzen Plan Estrategikoa. Horrela, kirolari, euskarari, kulturari, gazteriari nahiz berdintasunari dagozkien diru laguntzen ordenantza espezifikoak ere moldatu eta onartu dituzte, «gardentasunari begira».

ERROMAKO TRATATUA GOGOAN

EUDELek aurkeztutako mozioa izan zen apirileko plenoko bakarra. Erromako tratatuaren 60. urteurrenaren harira osatutako adierazpenak, besteak beste, «herrien Europa» eta «Europa federala» defendatzen ditu.

Horrela, momentuko krisi humanitarioari aurre egin beharra azpimarratuz, udalbatzako zinegotziek aho batez onartu zuten testua.

 

KREDITU GEHIGARRIAREN AZALPENA

Zezen plaza

214.665,31 euro. Eraberritzearen hurrengo faseari aurre egiteko.

Paper eskolako igoera

110.000 euro. Obraren bigarren eta hirugarren faseei aurre egiteko.

Elosegi parkea

87.050 euro. Dorrearen konponketa.

Kaleko argiteria

47.432 euro. Argi instalakuntza berritzeko.

Udaltzaingoa

25.000 euro. Ibilgailu hibrido bat eta auto gaineko argiak erosteko.

Azterketa teknikoak

16.000 euro. Tolosako ostalaritza eta aisialdi ereduaren inguruko ikerketa egiteko.

Tolosako Ekinbide Etxea

14.000 euro. 50. urteurreneko ekitaldi berezia prestatzeko eta Abesbatzen Europako Sari Nagusia antolatzeko.

Eraikinak

11.500 euro. Udaletxeko berogailuen sektorizazioa eraginkortzeko.

Oriaburu etxea

11.025 euro. Lehen solairuan co-working gunea hornitzeko.

Kirol taldeak

8.000 euro. Tolosa CF eskubaloiari eta Tolosaldeko Arraun Klubari.

Materiala

1.795 euro. Garraio materiala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!