Burujabetza aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 26a, 08:00
Tolosaldeko LABek Beasainen ospatu izan du Maiatzaren Lehena. E.I./GOIERRIKO HITZA

Langileen Nazioarteko Eguna «garai berri baten atarikoa» izan daitekeela uste du sindikatuak; eskualdeko langileak Bilboko manifestaziora deitu dituzte; autobusa antolatu dute

Maiatzaren Lehena euskal estatua izatearen garrantziaz ohartarazteko baliatuko du LAB sindikatuak. Langileok Euskal Estatua. Burujabetza osoa aldaketa sozialerako lelopean mobilizaziora deitu ditu langileak eta manifestazioak Bilbon, Baionan eta Iruñean egingo ditu. Eskualdeko langileei Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete. Autobusa ere antolatu dute. Izena eskualdeko ohiko tokietan eta LABeko egoitzan eman daiteke eta 10:00etan aterako da Tolosako Usabaletik.

GARAI BERRI BATEN ATARIKOA

Haizea Mendia Tolosaldeko LABeko arduradunak esan duenez, aurtengoa «garai berri baten atariko Maiatzaren Lehena» izan daiteke, momentu erabakigarria, hortaz. «Euskal Herrian eta gure mugetatik harago ematen ari diren gertakariek aukera berriak zabaltzen dituzte: Catalunya-ko deskonexio prozesua, gurean armagabetze prozesua, mugimendu independentista berritu eta berritzailea eraikitzeko egin den apustua, euskal sindikatuen artean elkarlana berreskuratzeko hasi dugun bidea... estatus politikoak berritzeko ekimenak martxan diren honetan, Euskal Herrian burujabetza prozesua abiatzeko baldintzak badaude. Egin beharreko bidea eta emaitzak lehiatzea dagokigu orain».

Aldarrikatzen duen aldaketa «erabakitzeko eskubideak ardaztu» behar duela uste du sindikatu abertzaleak, «eremuz eremu burutuko dugu aldaketa, erabakitzeko ahalmen gehien ematen duen estatus politikoen alde borrokatuz eremu bakoitzean». Horiek horrela, prozesua demokratikoa izan behar duela esan du Mendiak: «Herriari hitza emanaz eta herriaren hitza errespetatuz burutu behar dira».

Izan ere, aipatu «estatus berriek» egoera sozioekonomikoa «goitik behera aldatzeko ahalmen eta bitartekoak ekarriko» dituela esan du, «gure klase interesak defendatzeko baldintza politiko eta instituzional demokratikoak, politikak aldatu ezean ez baitago aldaketa sozialik». Burujabetza «lan mundua aldatzeko» aldarrikatzen duela esan du. Hau da, «negoziazio kolektiborako euskal markoa bermatzeko, burujabetza euskal pentsio sistema baten alde, Euskal Herri feminista eraikitzeko, lan munduan prekarietatearekin bukatzeko, 35 orduko lanastea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ziurtatzeko, gure osasuna eta bizitza arriskuan jarri gabe lan egiteko eskubidea izan dezagun, sektore publiko indartsu baten alde eta enplegu publikoaren defentsan, edota euskaraz lan egiteko dugun eskubidea ziurtatzeko».

Mapa instituzionalean garai berria irekitzeko aukera sortu direla ere oso presente dutela dio Mendiak eta horregatik erabaki dute aurten, mobilizazioak Bilbo, Baiona eta Iruñean egitea. «EAEn erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa eman da, Ipar Euskal Herrian Herri Elkargoa sortu da eta Nafarroan aldaketarako gobernua eratu da». Instituzioak «aldaketaren zerbitzura» jarri behar direla uste du LABek «herriak bere etorkizuna erabaki dezan», eta horregatik deitu dituzte eskualdeko langileak Bilboko manifestazioan parte hartzera.

«EAJ interpelatu nahi dugu, horregatik bukatuko da manifestazioa Sabin Etxean 12:00etan aterako da Zabalburutik. EAJk aurrekontua PPrekin onartu du. Iruzurra da hemen bide propioak aldarrikatzea eta aldi berean Moncloako sukaldean PPren gobernuarekin ziklo politiko berri bat egosten aritzea», gaineratu du sindikatuko ordezkariak.

Erlazionatuak

Langabeziak behera, baina nola?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 api 26 Tolosaldea

Prekarietatearen kontra

Tolosaldeko Ataria 2017 api 26 Amasa-Villabona 1

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!