Sanjoanen atariko egunak sormenaz jantziko ditu, beste behin, TArgazki taldeak, Tolosa Herria Nazioarteko Argazki Lehiaketarekin. Plazaratu dituzte oinarriak, eta baita nobedadeak ere: lehen aldiz, gazteen saila izango du lehiaketak, nerabeak argazkilaritzara erakartzeko asmoz.
Ohi bezala, gaia librea izango da Tolosa Herria lehiaketan, eta nahi duenak izango du parte hartzeko aukera, maiatzaren 27ra bitarte. Oinarri zehatzak www.targazki.com atarian daude eskuragarri eta, besteak beste, gazteen sailari dagozkion zehaztasunak ere bertan txertatu dituzte.
Izan ere, 2017ko lehiaketan argazkilarien belaunaldi berriei begira jarri nahi izan du Targazki taldeak. Horrela, domina eta 100 euroko saria eskuratu ahal izango du 12-16 urte bitarteko argazkilari irabazleak. Parte hartzea sustatzeko, gainera, 6 orduko argazki ikastaro bat antolatu dute, datorren apirilaren 29 eta 30ean; izena eman ahal izateko, targazki@gmail.com helbidera idatzi beharko da.
ERAKUSKETA JAIETAN
Helduen lehiaketatik bi erakusketa sortuko dira, iazko moduan.
Batetik, puntuazio onena jasotzen duten 40 argazkiak ikusgai izango dira. Halaber, hoberen puntuatutako 15 argazki tolosarrak ere ikusgai izango dira.