Martxan da sanjoanetako kartel lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 25a, 16:45

Laugarrenez, Tolosako Udalak herritar sortzaileei eskainiko die San Joan jaietako kartela egiteko aukera. Maiatzaren 5era bitarte zabalik izango da lanak aurkezteko epea, eta ondoren hasiko da epaimahaia, lanean.

Kartel guztiek Sanjoanak 2017 / Tolosa testua idatzirik izan beharko dute eta, hortik aurrera, kolore eta teknika librean aritzeko aukera izango dute sortzaileek, betiere, obra original bat aurkeztuz. Neurriei dagokiene,z berriz, kartel bertikala osatu beharko da, 50x70 zentimetroko azaleran eta, gutxienez, 300ppp-ko erresoluzioaz.

Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria Sailek epaimahaia izendatuko dute, eta haien lana izango da, besteak beste, aurkeztutako lanek genero irudikapena egoki egin dutela zaintzea.

Epaimahaiak egindako aukeraketarekin erakusketa zabalduko du udalak, kultur etxean, eta herritarrek aukeratu beharko dute, orduan, jaietako kartela, kultur etxean bertan edo internet bidez zabalduko dute bozketan.

Kartel irabazlearen egileak 500 euroko ordainsaria jasoko du, eta lanak kultur etxean aurkeztu beharko dira, maiatzaren 5erako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!