«Geure buruarekiko aurreiritziek baldintzatzen gaituzte gehien»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 23a, 12:59
Nerea Redondo

Entrenatzaile emozionalak dira coach-ak, eta entrenamenduari azpimarra jarri dio Nerea Redondo donostiarrak (Tolosa, 1978), komunikatzen ikasteko: arituz ikasten da, horretan ere. Arituz eta arinduz, norbere buruari jarritako pisuak. Komunikatzen eroso sentitzen ikasteko tailerra eskainiko du, Tolosako Jabetze Eskolan, hilaren 27tik aurrera.

Zenbateraino landu daiteke, norberak berez dakarren komunikatzeko gaitasuna?

Normalean, geure buruari begira, ondo edo gaizki komunikatzen garela esaten dugu, eta ikastaroan harago joaten gara: bakoitza bere buruarekin gustura eta lasai aritzeko tresnak izatea da garrantzitsuena. Nahiz eta hainbat kontu berezko gaitasunarekin lotuta egon, landu daitekeen gaitasuna da, noski. Entrenamenduaren bitartez egiten ari garenaren eta egin dezakegunaren kontzientzia hartu behar da, komunikatzeko abilezia garatzeko.

Entrenamendua aipatu duzu. Nola ikasten da eroso sentitzen?

Komunikazioaz ari garenean, ez daukagu ohiturarik entrenamenduak egiteko, baina garrantzitsua da praktikaren ideiari eustea. Izan ere, jendaurrean hitz egin behar dugunean, edukia bakarrik prestatzen dugu; ez dugu naturaltasunez lotzen entrenamenduarekin. Kontrara, ordea, musikaz, dantzaz edo kirolaz ari garenean, entseguak egitea ohikoa da: inork ez du emanaldi bat eskaintzen edo lasterketa bat egiten, aurrez entsegurik edo entrenamendurik egin gabe.

Jendaurrean bezala, norbaitekin aurrez aurre komunikatzerakoan ere senti gaitezke deseroso?

Bai. Nik gustuko dut komunikazio eraginkorra kontzeptua. Askotan esaten dugu bi pertsonaren artean ez dagoela komunikaziorik eta, nik, argitzen dut beti dagoela komunikazioa: keinu bat egiteak komunikatu egiten du, eta baita keinu bat ez egiteak ere; hitz bat erabiltzeak edo ez erabiltzeak komunika dezakeen bezala.


Dena den, uste dut geure buruarekiko aurreiritziek baldintzatzen gaituztela gehien. Aurreiritziak, beti, zerbait ondo edo gaizki egitearekin lotuta daude, eta guk egiten duguna ondo edo gaizki dagoen epaitzeko, geure burua, jendarte eredua eta ingurukoen balorazioak erabiltzen ditugu. Horrek, noski, beldurra, urduritasuna eta lotsa sortzen dizkigu, geure buruaren inguruko aurreiritziak ezkorrak izaten baitira ia beti; oso gutxitan esaten dugu guk ondo egiten duguna. Horrenbestez, ikastaroan aurreiritzi horiek ezabatzea proposatzen dut, eta egitera goazena naturaltasunez egitea, eroso senti gaitezen.

Beraz, autoestimua ere landuko duzue?

Bai, azken finean, dena lotuta baitago. Norbait beldurrean edo segurtasunik ezean mugitzen baldin bada, horrek autoestimuan eragingo dio. Aldiz, pertsona horrek deskubritzen badu horiek mamuak direla, bere alde jar ditzake, autoestimua garatuz. Ikastaro parte hartzaileengan argi ikusten da bide hori: hasieran jende askok bere burua mugatuta ikusten du zenbait ekintza komunikatibo egiteko, eta amaieran konturatzen dira guztia beren esku dagoela.

Azaldutakoaz gain, zein dira komunikazio ekintza batean eroso sentitzeko trikimailuak?

Komunikazioaren gurpila kontuan hartu behar da. Horrek dio, komunikazio ekintza batean, edukiak %7 balio duela; ahotsaren abiadurak eta tonuak %38; eta gure gorputzak eta gure keinuen transmisioak komunikazioaren %55 osatzen dutela. Aipatu bezala, ordea, ohikoena da edukiari begiratzea, gainerako %93ari arretarik jarri gabe.

Horri begira, beraz, bi norabideetan lan egin behar da, eroso komunikatu ahal izateko. Batetik, espazio fisikoari erreparatu behar zaio, gure alde jarriz: eserita, mahai bat aurrean jarrita, paper batekin edo mikrofonoa eskuan aritzea, erosoena zaigun moduan. Bigarrenik, barrura begirako lanketa egin behar da: gorputza, keinuak eta ahotsa gure alde jartzeari begira. Horrela, zerbaitek funtzionatzen ez duela erabaki baino lehen, nik beti gonbidatzen dut jendea, norbere buruari aukera bat ematera, praktikatuz.

Zein da, komunikatzerakoan, gehien errepikatzen den hutsunea?

Aldaketa egitea kostatzen da gehien, baina, era berean, errazena da, geure esku baitago. Irakur daitezke liburu asko, begiratu daiteke informazioa interneten,... Baina auto bat gidatzen ez da irakurriz ikasten, egiten ikasten da; komunikatzen ere berdin.

Bestalde, pertsonek tailerrean deskubritzen dute, izaera eta jarrera ez direla gauza bera. Jende askok esaten du «ni urduria naiz» edo «ni lotsatia naiz». Badirudi NAIZ aditza erabiltzea hitz egiteko modu bat besterik ez dela, baina, askoz harago joanda, baldintzatu egiten gaitu: «Ni horrelakoa naizenez, ezin dut aldatu». Ordea, guk izaera hori jarrerarekin trukatzen baldin badugu, esan dezakegu: «Ni lotsatu egiten naiz jendaurrean» edo «Ni urduritu egiten naiz bilera batean hitz egin behar dudanean». Naiz eta egiten naizen arteko desberdintasuna deskubritzeak aukera bat irekitzen digu, lotsatu beharrean erosoago sentitzeko.

Hezkuntzak izan al dezake errurik, edukia balioetsi eta gaitasunak ez lantze horretan?

Lehen baino gehiago lantzen dela diote, eta akaso egiatik zerbait izango du. Hala ere, hezkuntza sistemak edukia baloratzen jarraitzen du, argi eta garbi. Horregatik, Euskal Herrian badira prestakuntza handiko ingeniari, abokatu nahiz bestelako adituak, baina zailtasunak izaten dituzte, askotan, komunikazio espazioetan. Eta hori, argi dago, baliabide nahikoa eskaintzen ez delako gertatzen dela.

Emakumeek gizonezkoek baino nekezago hartzen dute plaza edo erdigunea, baita komunikatzerakoan ere. Kasualitate hutsa al da?

Kasualitate gutxi daude mundu edo bizitza honetan eta, noski, emakumeoi gehiago kostatzen zaigu plaza hartzea, historikoki askoz ere plaza gutxiago hartu ditugulako. Pertsonek, oro har, komunikatzeko zailtasunak baldin badituzte, emakumeok sentimendu eta aurreiritzi nabarmenagoak ditugu: beldurra, lotsa, ohitura falta, jendeak pentsatuko duenaren kezka,... Gainera, normalean, ahots tonu baxuagoa izaten dugu, eta fisikoki ere txikiagoak izan ohi gara; esfortzu handiagoa egin behar izaten dugu geure ahotsa entzun eta ondo komunika gaitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!