«Gizonoi kosta egiten zaigu ikustea, egunerokotasunean, gizon izateagatik, zein pribilegio ditugun»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 23a, 11:56
Mikel Otxotorena soziologoa.

Ez du genero berdintasunik ulertzen, gizonen parte hartzerik gabe. Horretarako, ordea, gizon izateko moduen abanikoa zabaldu egin behar dela uste du, ezarritako gizontasunari ihes eginez. Mikel Otxotorena soziologoa da (Hernani, 1974) eta, Emakunderen Gizonduz-ek antolaturiko ikastaroan maskulinitate ereduak zalantzan jarriko ditu. Maiatzaren 9tik aurrera, Tolosako Jabetze eskolan ariko da, gizonezkoak feminismoaren borrokara batzeko lanean.

Zein dira gizon izateko moduak?

Hori da, hain zuzen, proposatu nahi dugun hausnarketa. Zoritxarrez, oraindik ere, badirudi gizon edo emakume izatea modu jakin batean ulertzen dugula; oso modu hertsian. Ikastaroan gizon izateko modu asko daudela ikusarazi nahi dugu, eta ez modu bakarra. Izan ere, barneratu egiten ditugu gizon izateko zenbait eredu sexista, eta hezten goazen heinean praktikan jartzen ditu. Tentuz ibili behar da horrekin, eta jakin egin behar dugu hori guztia nola barneratzen dugun.

Eta, nola transmititzen da ezarritako gizontasun hori?

Sozializazioaz. Beti burura etortzen zaizkigu familia edo eskola, baina, oso kontuan izan behar dugu, inguruko guztiak hezten gaituela, eta denak bideratzen gaituela gizon edo emakume izateko moduetara. 2017an, oraindik, sexu edo genero sistema horretan bizi gara eta, gure sexuaren arabera, familiak eta eskolak bezainbeste mugatzen gaituzte lagunek, parkeek, bideo-jokoek, ipuinek, abestiek, zinemak edo telesailek.


Hori guztia desikasten saiatuko zarete ikastaroan?

Bai. Hiru saio izango direnez, gaiarekin hasi egingo gara, baina helburua hausnarketa egitea izango da, zenbait gairen bueltan. Hain zuzen, mugimendu feministak eta LGTBI+ mugimenduak aspaldi aldarrikatutakoa jarriko dugu mahai gainean: gizon edo emakume izateko beste hainbat modu daudela. Bide horretan, ni baikorra naiz, eta uste dut gauzak aldatzen ari direla; mantsoegi agian, baina poliki-poliki aurrera goaz. Hori bai, badakit nik ez dudala gizarte berdinzale bat ezagutuko eta, zoritxarrez, ezta datorren belaunaldiak ere. Argi dago hori epe ertain edo luzera begirako lana dela, eta joera eta balore horiek ez direla egun batetik bestera aldatzen; konstantzia eta denbora oso kontuan izan behar dira.

Feminismoa emakumeen kontu hutsa da, oraindik, herritar askoren begietan.

Askotan iruditzen zaigu gauzak asko aldatu direla, baina, zoritxarrez, oraindik oso ohikoa da, bai gazteen artean, bai hain gazteak ez direnen artean, berdintasuna edo feminismoa emakumeekin bakarrik lotzea. Badirudi emakumeek jasaten duten arazo bat dela eta, helburua berdintasuna izanik, emakumeen ardura dela horra iristea; gizonok bigarren edo hirugarren maila batean geratzen gara. Tamalez, feminismoak, oraindik, ez dauka oso propaganda ona, eta ez da kasualitatea: feminismoak mahai gainean jartzen dituen proposamenek status quo hau hankaz gora jartzen dute. Gizarte berdinzale baten eraikuntza helburu baldin badugu, gizonen eta emakumeen ardura izan behar du, eta ez bakarrik emakumeena.

Zein izango da gai horiek guztiak ukitzeko metodologia?

Saiatzen naiz oso teorikoa ez izaten. Egia da teoria garrantzitsua dela, eta tarte bat egin behar zaiola, baina, iruditzen zait horrelako espazioetan hobea dela praktikotasunaren bila joatea, eta beste lengoaia bat erabiltzea. Horregatik, saio dinamikoak proposatzen dizkiet ikasleei, egunerokotasunean oinarrituta. Gizon-emakumeen arteko desberdintasunaz edo harremanez hitz egiten dugunean, guztiok izaten dugu gaiaren inguruko bizipenen bat. Esperientzia horietatik abiatuz gero, askoz ere argiago ikusten ditugu korapilo indartsuenak.

Jendeari zer ikustea kostatzen zaio gehien?

Talde bakoitza mundu bat da, eta horren arabera aldatzen da guztia: batzuek interes handiagoa izaten dute aitatasunaren gaia jorratzeko, beste hainbatek identitateen gaiaz aritzeko,... Baina, oro har, botere harremanen eta pribilegioen gaiak zailtasunak sortzen ditu, gizonei kosta egiten baitzaie pribilegioak autoidentifikatzea. Eta, berdin dio esparrua zein den: lan mundua, kalea, bikote harremanak,... Gizonoi kosta egiten zaigu ikustea, egunerokotasunean, gizon izateagatik, zein pribilegio ditugun. Azken boladan askotan topo egin dut errealitate horrekin.

Erlazionatuak

Metamorfosiaren ikasgelak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 api 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!