«Gazte orkestra batek duen energia, ez da orkestra profesionaletan ere ikusten»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 19a, 20:05

Erromantizismoko musikaren loratzea maite badu ere, uneen berezitasunagatik egiten ditu kuttun, biolinarekin jotako errepertorioak; larunbatean, besaulkitik jarraituko du EIOko ikasleen emanaldia

Tolosartutako gasteiztarra da eta, bizitza osoa darama, txiki-txikitan gurasoei eskatutako amets hari eskutik helduta: biolinari. Maddi Arana (1990) biolin jotzaile profesionala da, eta irakasle lanetan ere aritzen da. Bide horretan, Euskadiko Ikasle Orkestrako gaztetxoekin ari da aurten, bere esperientzia irakasgai bilakatuz, eta Leidor aretoan ariko da EIO, larunbatean.

EIOren kontzertua izan da zu elkarrizketatzeko aitzakia. Zein da funtzionamendua?

EIO barruan hiru orkestra daude: txikia, ertaina eta handia; Tolosan, helduenek eskainiko dute kontzertua, 16-18 urte bitartekoek. Abenduan, Gabonen inguruan-edo, froga batzuk egiten dituzte, eta hautagaiei jo beharreko obren zati txikiak bidaltzen dizkiete, presta ditzaten. Lehen Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kontserbatorioetara mugatzen zuten froga, baina orain edozein musika eskolatako edo akademiatako ikasleak aurkez daitezke; saiatzen gara ahalik eta ikasle kopuru handiena hartzen.

Eta, froga gainditu eta gero?

Helduenen kasuan, igande bat zehazten dugu egun osoko entsegu bat egiteko, eta lehen harreman kontaktua sortzeko. Eta, orain, astelehenaz geroztik ari dira entseguetan, Derioko (Bizkaia) aterpetxe batean.

Hortik bira moduko bat ateratzen da?

Bai. Urtearen arabera aldatu egiten da, baina beti saiatzen dira, gutxienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emanaldi bana eskaintzen. Urteren batean Venezuelara ere joan izan dira.

Zer ematen dio musikari gazte bati, EIOn jo ahal izateak?

Sekulako motibazioa iturria da. Gogoan dut orkestra hau ni ikasle nintzela jarri zutela martxan, duela 12 urte inguru. Aukera bikaina da, adin horrekin, orkestra handi batean parte hartzeko, izan ere, kontserbatorioetako eta musika eskoletako orkestrak txikiagoak izan ohi dira. Gainera, maila altua izaten da EIOn, eta obra esanguratsuak aukeratzen dituzte, ikas dezaten; sekulako aukera da. Horrez gain, adin horrekin, kide guztiek elkarrekin lo egitea eta parranda pare bat egitea ikaragarria da.

Zu irakasleetako bat zara. Nolatan?

Orkestrako koordinatzaileek zuzendaria aldatzen dute maiztasun handiz, eta zuzendariaren eta koordinatzaileen artean pentsatzen dute, irakasle nor aritu daitekeen. Txandakako kontua izaten da, eta ni aurten orkestra ertainean eta handian ari naiz.

Nola egiten duzu lan gaztetxoekin?

Biolinetan bi sail daude, eta niri lehen sailak egokitu zaizkit. Irakasle bakoitzak sail horrekin lantzen ditu errepertorioaren zati zailenak, pixkana-pixkana, poliki, elkar entzunez. Finean, lagundu egiten diegu ikasten eta elkarrekin jotzen. Gero, zuzendariaren ardura izaten da guztiak elkartzea. Irakasleok, beraz, norbere klaseak ematearekin batera, orkestra osoaren entseguak ere jarraitzen ditugu, kanpotik ikusten duguna beraiei helarazteko.

Irakasle guztiak al dira, gutxi-gorabehera, zure adinekoak?

Euskal Herriko zentroetako batean lan egiten dugun musikariok izaten gara, eta denetik dago. Uste dut lan egiteko gogoa duen jendea bilatzen dutela, eta ikasleekin konexioa izan dezakeen norbait. Eta, noski, aldi berean, orkestran lan egiteko moduaz zerbait irakats dezakeen jendea. Ahalegintzen dira, gainera, irakasle euskaldunak aukeratzen.

 



Bakarkako entseguak eta orkestra barruko ikuspegia dira zuen irakasteko tresna. Zu, gaztea izanagatik, zaildutakoa zara horretan, bizitza osoa baitaramazu biolinaren eskutik.

Bai. Nire bizilagunak biolina jotzen zuen eta, hiru urte nituela, etxean biolina jo nahi nuela esaten hasi omen nintzen. Gurasoek, hasieran, kapritxo bat izango zela pentsatu zuten, baina urtebetez tematuta egon omen nintzen. Horrela, lau urte nituela, haur txiki-txikiekin aritzen zen irakasle partikular bat aurkitu zuten, eta harekin hasi nintzen. Zortzi urterekin sartu nintzen, gero, kontserbatorioan. Gogoratzen dudanagatik, betidanik izan nahi izan dut biolin jotzailea; ez dut sekula zalantza izpirik izan, beste lanbideren bat aukeratzeko. Betidanik oso-oso gustuko izan dudanez, gainera, ikasteak ez dit sufrimendurik eragin izan. Horrela, erdi mailako biolin ikasketak amaitu nituen, Gasteizen (Araba), batxilergoa amaitzearekin batera. Urte hartan, irakasle bat ezagutu nuen Alemanian, eta buruan sartu zitzaidan harekin ikasi behar nuela. Horrela, frogak egiteko prestatu, eta han aritu nintzen berarekin, hasieran Friburgon eta, gero, Berlinen. Berlinen hiru urtez aritu nintzen, eta azken urtean Musikenera itzuli nintzen ikasketak amaitzera, gogoa nuelako hona itzuli eta hemengo bizitza egiteko. Horren ondoren, master bat egin nuen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), nahiz eta lanagatik Euskal Herrian bizi. Hortik lan mundura sartu nintzen, ateratzen zihoazen gauza txikiei heltzen.

Etengabeko prestakuntza eskatzen duen lana da, ezta?

Bai, nire ustez, kirolari profesional baten bizitzaren antzekoa da musikariona. Guk nabaritu egiten dugu bizpahiru egunez jotzen ez badugu: soinua kaskarragoa dela edo ezkerreko eskua ez dagoela behar bezain arin. Ondo etortzen da, noski, pare bat astez atseden hartzea, baina itzuleran sufritu egiten dugu, ez garelako utzitako puntuan egoten; eta hori errekuperatu beharra dago.

Egunerokotasun hori da zailena?

Hori kostatzen da gehien, musika tresna bat ikastea oso ariketa bakartia baita: zu zaude, zure gelan ikasten. Horregatik, ikasleentzat horrelako orkestra proiektuak sekulako pizgarria dira, hor ikusten baitute urtebetean egindako esfortzuaren fruitua, eta baita beste lan mota bat ere. Zortzi orduko entseguak egiten dituzte, baina ez daude bakarrik.

Musikari profesional izateak etengabe azalpenak eman beharra eskatzen du?

Bai, batez ere, biolina ikastea aukeratu nuenean. Eta, lanean, adibidez, klaseak ematera noala esaten dudanean, jende guztiak ulertzen du. Aldiz, «entsegu bat daukat» esaten dudanean, askotan erantzuten didate: «Ah, beno!». Ez, hori ere gure lana da. Eta, egia da, biolina musika tresnetan ezagunenetakoa dela. Baina, adibidez, perkusio jotzaileek beren lana aipatzen dutenean, askok uste dute danborra baino ez dutela jotzen. Ezjakintasun hori badago, eta azalpenak eman behar izaten ditugu. Azken finean, gutxiengoa gara mundu honetan, eta mundu elitista bat bezala ikusten da, ziur aski, transmititzen dugun seriotasunagatik edo sarreran prezioengatik. Herritarren gehiengoak, ez du ezagutzen, benetan, mundu hau barrutik nolakoa den.

Eta, lanerako, musika mundu lehiakorra al da?

Baietz uste dut, baina lan guztietan bezala. Talde batetik deitzen gaituztenean, norbait behar dutelako, lehen dei horri baiezkoa esatea garrantzitsua da, gainerakoan, ate hori ixten zaigu. Era berean, orkestra profesional batean zure tokia bilatzea zaila da. Irakasleen kontuak, berriz, irakaskuntza orokorraren antzera funtzionatzen du. Beraz, zaila da, batez ere, nire adinean: guztiari baietz esan behar diogu, eta badira egunero lan egiten dugun hilabeteak. Baina iritsiko dira garai egonkorragoak.

Eta, orduan, zer izan nahiko zenuke: orkestrako musikaria ala irakaslea?

Biolina jo gabe ezingo nuke bizi. Kontua da, inguruko orkestra profesionaletan gogo gutxi ikusten dudala. Ez dakit postu egonkorraren lasaitasuna den, baina ez dute motibaziorik eta, uste dut, ilusioa galdu dutela. Horrek erre eta haserretu egiten nau, ahaztu egin baitute beren ikaskuntza prozesua, eta horraino iristeko bide gogorra. Eta, aldi berean, ez dute ikusten, lan hori lortu nahi eta ezinean zenbat musikari gauden. Gaur egun orkestra batean kontratatuta nago, eta etxera nahiko gogogabetuta iristen naiz, horregatik. Klaseak ematea, berriz, oso gustuko dut, ulertzen baitut haur batek ikasi nahi ez izatea batez ere, gurasoek behartuta etortzen baldin bada. Orduan, perfektua litzateke bizpahiru egunetan klaseak ematea, eta gainerako egunak kontzertuetarako-eta libratzea.

 



Zenbat ordu eskaini behar dizkio, musikari profesional batek, entseguak egiteari?

Nik, nire forma onenean egoteko, lanaz gain, hiruzpalau ordu behar izaten ditut. Dena den, zaila da, klaseak ematea eta kontzertuak prestatzea uztartzen ari zarenean. Pertsonaren araberakoa da, noski; izango da ni baino maila askoz hobea duena, eta ordu gutxiagorekin moldatzen dena.

Motibazioa behin eta berriro aipatu duzu. Errepertorioak eragiten al du horretan?

Baietz uste dut. EIO urtero proiektu desberdinak bilatzen saiatzen da eta, aurten, adibidez, Dantzertiko ikasleekin elkarlanean eskainiko dituzte Guridiren euskal melodiak. Beste urteren batean, Kenyako umerzurztegi batetik batukada moduko bat etorri zen, eta irakasle aritu nintzen. Urtero berritzen saiatzen dira, errutina batean ez sartzeko.

Baduzu errepertorio kuttunik?

Obra asko ditut gustuko, baina, normalean, jo dudan jendearekin bereziki harreman ona egin izanak edo kontzertu oso berezia izateak egiten du errepertorio bat kuttun. Dena den, Erromantizismo garaiko musikarekin aritzen naiz erosoen, oso sentikorra naizelako eta identifikatuta sentitzen naizelako Brahms eta horiekin guztiekin.

Orkestra zurruntasunarekin lotzen dutenei ere lagunduko diete halako proiektuek, ikustera bertaratzeko, ezta?

Horrek eta musikarien adinak. Musikari gazteen orkestra batek jotzerakoan duen energia ez da orkestra profesionaletan ere ikusten. Sekulako gogoa eta emozioa izaten da adin horretan eta, gero, ez dakit zergatik, itzaltzen joaten da.

Orkestra handietako gogo falta hori duzu buruan?

Bai. Ni horren aurka borrokatzen saiatuko naiz, noski, ez baitut hainbeste ikasi eta horrelako lan bat aukeratu, lanera mikaztuta joateko. Proiektu hobeak eta okerragoak izango dira, baina, uste dut, neure buruari, lanbideari, lankideei eta publikoari errespetua zor diedala, eta kontzertu bakoitzean nire hoberena eman behar dudala. Gerta daiteke talde batera bestera baino hobeto egokitzea, eta proiektu batzuk nahiago izatea, baina proposamenei baietz edo ezetz esatea norbere hautua da. Momentuz, uste dut oreka hori lortzen ari naizela, eta oraindik ez zait behin ere gertatu, jotzen aritu eta ez hunkitzea. Eszenatokian gauden unea sakratua da, eta hori erakutsi behar zaie gazteei. Bestela, musikaren mundua aspergarri bilakatzen da, eta hori da musikari bati gerta dakiokeen okerrena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!