Fitur turismo azokan aurkeztu zuten lehenik, Madrilen (Espainia), eta herrian plazaratu dute, orain: Tolosak turismo gida berria du, eta bidaia koaderno itxuraz jantzi dute.
Nerea Letamendia turismo eta azoka zinegotziak azaldu du, aurretik argitaraturako gidak gaikakoak zirela, eta bazela Tolosa liburu bakarrean erakusteko beharra. Horrela, historia, festak, ondarea, kultura, eskultura, parkeak, landa eremua, gastronomia, ostalaritza, dendak nahiz informazio praktiko guztia turisten eskura jartzea izan da, bidaia koadernoaren apustua. «Neurri erosoa du, eta eskuz idatzitako koaderno bat gogora dakar». Bide beretik, mapak zabalgarriak ere txertatu dituzte, Tolosan hainbat ibilbide egin nahi dituztenentzat.
Guztira, udalak 6.000 ale argitaratu ditu; 4.000 euskaraz eta gazteleraz eta, beste 2.000, ingelesez eta frantsesez. Tolosaldea Tour bulegoan nahiz Topic museoan izango dira eskuragarri, euro baten truke.