Baratzetik gara

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 1a, 13:55

Altza porru! liburua aurkeztu du, gaur, Jakoba Errekondok, Tolosako Berdura plazan; umorea, marrazkilaritza eta baratzea uztartu dituzte. 

Baratzetik gara. Hala azaldu du, gaur, Jakoba Errekondok, Tolosan eskainitako komiki-hitzaldian. Baratzeak ematen baitio kolorea, herri baten bizimoduari. Euskal Herria erabili du, gainera, baieztapenaren adibidetzat: "Munduko hainbat hizkuntzatan, bereizi egiten dute baratzea eta jardina. Euskarak, ordea, baratzea du hitz bakar, eta lorategia gerora sortutako hitza da. Eta, euskal baratzeetan, elkarrekin hazten dira barazkiak, lore usaindunak edo landare aromatikoak". 

Bide horretan, lurra lantzen ari den emakume euskaldunaren iruditik abiatu da aditua, baratzea baztertuta egon dela eta dagoela esateko: "Hemen galdetuko banu, Tolosa inguruko baserrietan zer lantzen duten, jendeak esango luke sagardoa, haragia edo ardi gazta egiten dutela. Baserri horietan guztietan egongo da baratze bana, baina inork ez du aipatuko. Eta, zergatik? Emakumeek landu izan dutelako". 

Lurra eta hizkuntza ere batu ditu, euskarazk baratzeari eta haren inguruko munduari eman dizkion hitzak eta ideiak balioan jarriz: "Bost hitz daude gauza bakarrari deitzeko, edo bost gauzak izen bakarra dute". Finean, ondare hori guztia ezagutarazi eta mantentzeko helburuz pasatu du bere jakintza eta esperientzia, liburuetara, eta bide horretan antolatu dute gaurko saioa. 

Bizi baratzea liburuaren sorrera azalduz hasi du hizketaldia, eta Altza porru! liburua aurkezten bukatu. Tartean, Errekondoren hizketaldia marrazkitan osatzearen ardura izan dute Antton Olariaga, Ainara Azpiazu, Joseba Larratxe eta "Mattin" Martiarena marrazkilariek. 

Tolosako Azoka dinamizatzeko lehen egitasmoa izan da Jakoba Errekondoren hitzaldia, baina aurrerantzean izango da antzeko hitzordu gehiago ere, larunbaten gerizpean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!