Txindokitik Everestera, Alex Txikonen bila

Asier Imaz 2017ko mar. 31a, 11:12

Hitzik gabeko pasarte asko dituen abentura da Arri Zugarramurdiren duela bi asteko bidaia: “Nire bizitzan egin dudan gauzarik zoragarriena izan da”. Andoainen jaio zen, eta Tolosan bizi da, eta lan ere han egiten du. Argazkilaria da. Eki izeneko estudioa dauka alde zaharrean: “Aspalditik nabil izena aldatu nahian; Arri jarri nahi diot. Ea tarteren bat hartzen dudan”.

Andoaindarrak bi asteren buruan hartu behar izan zuen Tolosatik Everestera joateko erabakia: “Alex Txikon iazko abenduaren 25ean abiatu zen Katmandura. Aurreko astean, Tolosan izan zen bazkaltzen, eta gu ere han izan ginen”. Juanjo Garateren laguna da Zugarramurdi. “Beti elkarrekin joaten gara mendira”, zehaztu du argazkilariak. Garate, berriz, Txikonen laguna da. “Everesteko beheko kanpalekura joan behar zuen haren bila”. Mahai inguruan sortu zen Txikonen eta Zugarramurdiren arteko laguntasuna. “Joateko eta joateko esan zigun, aukera hori ezin genuela galdu, eta joatea erabaki genuen”.

Martxoaren 16an hartu zuten hegazkina, Bilbon. Ostegunez. Ekialdera egin zuten pixka bat, Istanbuleraino. Han beste hegazkin bat hartu, eta zuzenean aurrera, Nepalera. Ostiralean ziren Katmandun. Gaua han pasatu, eta Everesteko beheko kanpalekura joatekoak ziren larunbatean. Baina Txikonek tontorretik gertu izandako arazo berarekin topo egin zuten: “Eguraldi txarra omen zegoen. Gu geunden lekuan ez zegoen halakorik, eta adarra jotzen ari zirela pentsatu genuen. Beheko kanpalekua, ordea, 5.250 metroko altueran dago, eta Txikonek berak baieztatu zigun eguraldi txarra zegoela; helikopteroren bat hurbildu zela, baina ezin izan zela lurreratu. Azkenean, astelehenean abiatu ginen bere bila, Katmandutik”.

Aurrena, amona bat utzi zuten etxean: “Ez dakit azokatik bueltan zetorren, baina, bai, herri txiki batekoa zen, eta ohikoa omen da hori”. Ondoren, erregaia bete eta… “Ez dakit nola azaldu. Ez dakit argazkilaria naizelako edo zergatik zen. Ezin nuen sinetsi ikusten ari nintzena. Begiak bete egiten zitzaizkidan. Argazki pila bat atera nuen, baina hain zen ikusgarria; kamera albo batean utzi behar izan nuen, ikusten ari nintzenarekin gozatzeko”. Munduko mendikaterik garaiena da Himalaia. Han daude hamalau zortzimilakoetatik hamar. “Irudikatu harri kozkor bat hor zure aurrean, 8.000 metrotik gorakoa… Mendiak, ibarrak, herri txiki-txikiak… Itzuli egin nahi dut! Eta itzuli egingo naiz. Txikon abenduan berriz joatekoa da, eta harekin joango gara”.

Beheko kanpalekua ia hutsik ikusi zuen Zugarramurdik: “Txikonen denda bakarrik ikusten zen. Orain beteta egongo da dena; ilarak ere egoten omen dira. Baina neguan ez da inor joaten, bera bakarrik”. Osasunerako ez da ona kolpetik 5.250 metroko altuerara joatea; oso txarra da: “Bost ordu baino gehiagoan egonez gero, hiltzeko arriskua dago. Hori hala da. Txikonek esan zigun aurrez zer egin behar genuen, eta, hala ere, erabat desberdina da gorputz bakoitza”.

Pare bat aspirina bakarrik

Haiek ez zuten izan inolako arazorik. “Pare bat aspirina hartzeko esan zigun, odola mehetzeko; aitona-amonak bezala ibiltzeko, geldo-geldo, eta inolako esfortzurik ez egiteko”. Joan, Txikon hartu, eta itzultzea zen plana. Baina argazki gehiegi zeuden hori egiteko: “Han ordu eta erdi egitea zen asmoa, baina pixka bat gehiago luzatu zen. Itzuli egin nahi dut!”.

Beheko kanpalekura iritsi aurretik, lemoarrarekin harreman zuzena izan zuten Zugarramurdik eta bere lagunek, “Whatsapp bidez”. Nahiz eta Everesten tontorrera ez iritsi, bazekiten ondo zegoela: “Berekin egon nahi genuen guk. Ikusi egin nahi genuen”. Eta gogotsu ikusi zuten: “Izugarrizko indarra dauka. Badaki oraingoan ez dela posible izan, baina hurrengoan berriro saiatuko da. Neguan, oxigeno artifizialik gabe… Inork ez du hori egin. Baldintza asko hartu behar dira kontuan, eta batek huts egiten badu, ia ezinezkoa da tontorrera iristea. Eguraldiak ez dio utzi oraingoan”. Ahapetik, “eskerrak” hitzak ihes egin dio argazkilariari: “Saiatu izan balitz, oso arriskutsua izango zen”.

Hitzik gabeko beste pasarte bat da Zugarramurdik Everesten magalean sentitu zuena. “Inoiz edan dudan terik onena edan nuen. Errepikatu ere egin nuen”. Batera eta bestera begiratu, eta… “Txoko guztietan zegoen argazki bat”. Paisaia metroz metro azaldu zien Txikonek, gonbidatuen lilurarako. Hori nahikoa ez, eta zortea agertu zitzaien: “Izugarrizkoa, gainera. Ice doctors edo Izotz doktoreak ezagutzeko aukera izan genuen beheko kanpalekuan. Ohorea izan zen”. Izotzezko ur jauzia dago kanpalekuaren atzean, eta ur jauzi hori zaintzea da horien lana, probak eginez, bilakaera aztertzeko. “Oso lanbide arriskutsua da, eta bat baino gehiago hil omen da. Izugarria izan zen haiek ezagutu ahal izatea”.

Abentura ezin zen amaitu itzulerako hegaldi lasai batekin; helikopteroko pilotua agertu zen orduan: “Artista zen. Tontorretara gerturatzeko esan zion Txikonek, eta egin egin zuen hark. Hori ez du edozein pilotuk egiten. 7.000 metro ingurura igo, eta han pasatu ginen Everesten albotik. Argazkiak atera eta atera ibili nintzen ni, hunkituta, zoratuta… Ikuspegi hori ez du edonork; izugarria, latza…”.

Ostegunean amaitu zen ostegunean hasi zen bidaia. Aurrez, Katmandu bi egunetan ezagutzeko aukera izan zuten Zugarramurdik eta bere lagunek, Txikon gidari zutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!