Udalbatzak bertan behera utzi du Aralarko pisten mozioa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 29a, 17:12

Iritzi talka dela eta, alkateak ikuspegi guztiak patronatura helarazteko konpromisoa hartu du; Sareri diru laguntza emateko mozioak ere aurrera egin du

Mozioak nagusi izan ziren, atzo, Tolosako Udaleko ohiko osoko bilkuran. Kultura, dispertsioa nahiz arrazakeria hizpide izan zituzten testuek, baina erdigunea gai bakar batek hartu zuen: Aralarko pisten proiektuak.
Aralar Bizirik plataformak aurkeztutako mozioak pistak geratzea «ezinbestekotzat» jo zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten «datuak publiko egiteko». Halaber, eragile guztien mahaia osatzera deitu zuten, egungo egoera aztertze aldera, eta Aralarko patronatuko udalak biltzea eskatu, Tolosako Udalak plenoan azaldutako iritzi guztiak helarazi ditzan.
Plataformak aurkeztutakoaren aurrean, ordea, EAJk mozio alternatiboa gehitu zuen. Besteak beste, «artzain eta abeltzainen duintasunaren aldeko moziotzat» jo zuten, ogibidearen «garapena» eskatuz: «Gipuzkoak ezin du onartu artzain eta abeltzainak XIX. mendean bezala bizitzea». Horrela, beraz, Enirio-Aralarko mankomunitateari babesa eman, eta haien inbertsio planaren beharra babestu zuten mozioan.
Bi testuen aurrean, PSE-EEko Cristian Fernandezek EAJren mozioaren alde egin zuen, «Batzar Nagusietan ere hala egin genuen eta».
Ibai Iriartek, berriz, EH Bilduko oposizioaren izenean, «mozio alternatiboak negoziazioari ate guztiak ixten dizkiola» azpimarratu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiari «zubiak eraikitzea» eskatuz: «Pistak bai edo pistak ez erabakitzetik harago doan eztabaida da hau, eta gauzak korrika egin dira. Gutxienez, patronatura iritzi guztiak helaraztea nahi genuke».
Azkenik, Olatz Peon alkateak Aralarko ganaduzaleen lana goraipatu zuen: «Hango larreak artzain eta abeltzainen lanaren emaitza dira, eta gure mozioa EHNEk eta ENBAk aurkezturikoa da; aurkako botorik ez duen bakarra. Lehen sektorea zaindu behar da, eta Aralar ogibide izatea eta Aralarrez gozatzea bateratzen dituen eredu bat bilatu».
Astearteko osoko bilkurara bertaratutako herritarren artean zen, Aralar Bizirik plataformako Andu Martinez de Rituerto, eta hainbat azalpen eskaini zituen beren mozioaren aurrean. Batetik, «prozesua legearen mugak ukituz» egin dutela salatu zuen: «15 kilometroko pisten proiektua osorik aurkeztu beharrean, zatika aurkeztu dute, inpaktuaren azterteka hain sakona izan ez dadin».
Bide beretik, artzaintzaren bizirautearen aldeko mezua eman zuen, baina artzaintza ereduen inguruko eztabaida proposatuz: «Aralarko larreek 24.400 buruko presioa jasan dezakete, eta gaur egun 33.000 buru daude. Begi bistakoa da ondorioa, duela 15 urte belarra zegoen hainbat lekutan, orain harria baitago».
Eta, horren harira, Aralarko artzaintzaren sektore izaera ere hizpide izan zuen: «Gehiago du balio etnografikotik. Zenbakitan, 120 abeltzain daude, eta horietatik 50 inguru dira profesionalak. 40 borda daude, eta 22tara pistak iristen dira; 5 hutsik daude. Badirudi mandoa hartuta oinez igotzen direla, baina, egiazki, 900 metroraino igotzen dira. Ondorioz, 14-15 artzaini ez zaizkie pistak bordaraino iristen».
Azkenik, ohartarazi nahi izan zuen Aralar parke naturala dela: «Ez da abeletxe bat, ez da baserriko larrea, eta ez da bakarrik artzainena. Nire ustez, pista horiek eginda itsuki pareta baten kontra goaz».
Iritzi trukea eta ikuspegi talka medio, Ibai Iriartek gaia bertan behera uztea proposatu zuen. Aralar Bizirikeko kideak bat etorri ziren, eta horrela, Olatz Peon alkateak mozioekin aurrera ez jarraitzea onartu zuen, konpromiso bat hartuz: «Gaur hemen hitz egindako guztia helaraziko dugu patronatuko bilerara».

Adostasuna beste gaietan

Martxoaren 21aren harira, Zurrumurruen Aurkako Sarea oinarri hartu eta Tolosako Udalak arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko politikak ezartzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, mozio bat onartuz.
Giza Eskubideen esparrutik irten gabe, Sare Herritarrak ere mozioa aurkeztu zuen, Guardia Zibilak atxikitako 104.000 euroen harira. Horrela, Giza Eskubideen alde beren jardunarekin jarraitzeko, udalak euro bana emango dio Sareri, joan den urtarrilean Bilboko manifestaziora joandako herritar bakoitzagatik: 385 euro.
Kulturan, berriz, jaurlaritzako Kultura Sailari eskaria egin zion udalak, liberatutako diru laguntzen zati bat Udaberri dantza taldeari eta Tolosako Ekinbide Etxeari bideratzeko, haien urteurrenak direla eta.
Azkenik, Euskal Herria plazako eraikinean hotel-kafetegi-jatetxea egiteko obraren esleipena onartu zuten, aho batez, nahiz eta oposizioak esleipena zatika egin izana kritikatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!