Manifestazioa egin dute "hezkuntza zapaltzailearen aurka"

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 23a, 20:55

Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak deituta, greba eguna izan dute gaur eskualdean. Arratsaldean, manifestazioa egin dute 100 lagun inguruk, Tolosan.

Ikasle Abertzaleak egindako deiari erantzunez, manifestazioa egin dute iluntzean, Tolosako triangulotik abiatuta. 100 lagun inguruk hartu dute parte eta Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, Euskal Herria plazan amaitu dute mobilizazioa. Ertzainen furgoneta bat izan dute atzetik bide osoan zehar.

"Sistemak bere biziraupenerako hamaika mekanismo ditu martxan, eta kapitala garatu ahala, hezkuntza bera ere aldatzen ari da kapitalari mesede egiteko. Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak", adierazi dute.

Lomce legeari ere egin diote erreferentzia, eta adierazi dutenez, aurten amaituko dute lege horren aplikazioa: "Lege honek ez dio mesederik egiten herri langileari eta bere helburua da ekoizpen sisteman langilearen zapalkuntza bermatzea eta esanekoa izatea".

"Historiak erakutsi digu sistemari aurre egin diezaiokeen bakarra zapalduon batasuna dela. Ikasleok baturik egon behar dugu sistema iraultzeko", azaldu dute mobilizazioaren amaieran. Era berean, Ertzaintzaren jarrera salatu dute: "Egun osoan zehar atzetik izan ditugu eta 12 pertsona identifikatu dituzte guztira". 

Goizean, identifikazioak eta tentsio uneak

Goizean, Tolosaldeko 200 bat ikasle elkartu eta Orixe institutura joan dira lehenik. Ertzaintza izan dutela jarraika esan dute eta behin baino gehiagotan oldartu zaiela. Orixen hiru pertsona identifikatu dituzte. Orixetik Herrikidera joan dira eta han ere kalez jantzitako ertzainak jarraika izan dituztela esan dute. Bertan beste bost pertsona identifikatu dituzte eta horietako bati espedientea ireki diote Ertzainak iraindu dituela argudiatuz. Ikasleek grebaren inguruko informazioa zabaltzen jarraitu dutela esan dute eta Herrikidetik Laskorain ikastolara joan direla. Bertan, ertzainek porrak atera eta oldartu egin zaizkiela salatu dute gazteek, eta bertan beste hiru pertsona identifikatu dituztela.  

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!