«Erdi kasualitatez lortu nuen 100eko marka»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 23a, 10:07

Albaitaritza ikasketak egiten ari da Irati Lakunza (Tolosa, 1996) Zaragozan. Igarondo Urpekoak taldeko lagunez «pilo bat» gogoratzen da; izan ere, igerilekura astean sei aldiz joaten da tolosarra. Lan horri esker, iragan asteburuan, Ordizia Urpekoak Sarian Espainiako bi errekor hautsi zituen, 25 metroko igerilekuan.

Egiten duenarekin gustura dago tolosarra; alaitasun horri, gainera, markak gehitu dizkio. Asteburu honetan Iruñera joango da, Espainiako Txapelketan parte hartzera.


Bi proba irabazi zenituen Ordizian, 200ekoa eta 50 metrokoa. Horrez gain, beste batean ere Espainiako marka lortu zenuen, nahiz eta ez irabazi.
Bi probetan egin nuen igeri, 200ekoan eta 50ekoan. 200 metrotan marka hobetzea lortu nuen. Aurreko marka ere nirea zen, duela hilabete batzuk Xixonen lortutakoa. Ehuneko batzuk bakarrik jaitsi nituen Ordizian, ez zen izugarrizko denbora izan. Gero beste marka 100 metrotan lortu nuen, erdi kasualitatez.


Zergatik kasualitatez?
Erreleboetako proba mistoa zen, 4x100ekoa. Lehen erreleboa irteerarekin hartzen denez, denbora hori markarako kontuan hartzen da. Normalean azkena ateratzen naiz erreleboetan, baina Ordizian mistoa zenez, lehenengoa atera nintzen. Horregatik esan dut kasualitatea ere izan zela.


Banaka, ordea, ez zinen 100 metrotan uretara bota.
200 metroen aurreko proba zen, eta nire proba 200 denez, albo batera utzi nuen.


Agian orain 100ekoa bilakatzen da zure proba.
Ez dut uste. Marka hori duela urte askokoa zen, eta 25 metroko igerilekuan ez dira neska asko botatzen distantzia horretan, marka ahalegina egiteko aukerekin. 50 metrotako igerilekuan distantzia horretako marka kontuan hartzen baldin badugu, nik badakit hori ez dudala inoiz hobetuko. Distantzia horrek abiadurarekin lotura gehiago dauka iraupenarekin baino, eta bigarren multzo horretako igerilaria naiz. Horregatik da 200 metroko distantzia niretzat egokiagoa.


200eko proban, baina 50 metroko igerilekuan marka norena da?
Hor ere marka nirea da… (barreak).


Itzalean geratu zaiguna 50 metroko garaipena da. Markarik ez baina garaipena bai.
Beste proba guztiak 200ekoaren aurretik edo ondoren zirenez, alde batera utzi nituen; 50ekoa bakarrik geratzen zitzaidan.


Zein da igerileku batean edo bestean igeri egitearen desberdintasuna?
25 metrokoan ur azpitik denbora gehiago joaten gara, eta gu ur azpian azkarrago ibiltzen garenez, denbora hobea egiten duzu. Buelta hartzen duzunean 15 metro joaten zara ur azpitik; hor asko irabazten duzu.


Mistoa ariketa berri bat al da?
Ez da ofiziala, hau da, Espainiakoan edo nazioarteko txapelketetan ez da egiten. Ordizian, ordea, saria dibertigarriagoa egiteko antolatzen dute. Egia esan guretzat oso ondo etortzen da, ederki pasatzen baitugu proba horretan.


Kontatu duzuna entzunda, 200 metrotik gorako probetan ere ondo moldatzen zarela pentsa genezake.
Nire probak 200 eta 400ekoak dira. Agian, azken hori pixka bat hobeto etortzen zait, baina 200ekoan ere oso ondo moldatzen naiz.  


Ordiziako Sariak zure egutegian zein leku dauka?
Nahiko ondo etortzen zaigun proba da, egia esan. Asteburu honetan Espainiako txapelketak dauzkagu, eta gorputza lehiarako esnatzeko ondo etortzen da. Abenduan izan genuen azken txapelketa, eta hiru hilabete pasa ondoren bat-batean Espainiakoak jokatzea, tartean ezer egin gabe, gogorregia izango zen.  


Larunbatean eta igandean Iruñean egongo zara. Zein probatan parte hartuko duzu?
Berriro 200 metrokoa egingo dut, baina oraingoan 50 metroko igerilekuan. Gero, 400 eta 100 murgilaldietan ere parte hartuko dut.


Eta hor txartelen bat jokoan egon daiteke, ezta?
Ondoren Europako txapelketa etorriko da. Aurten, Polonian. Espainiako hautatzailea igerilari guztiei begira egongo da asteburu honetan, eta selekziora zein joango den erabakiko du. Apirilean esango du zerrenda.


Hautatzaileak bere erabakia denborak begiratuta hartuko du, ezta?
Hori da. Munduko errekorren taula hartu eta proportzio bat ateratzen dute. Denbora horiek lortzen baldin badituzu, zerrendan egoten zara.


Esperantzak izango dituzu, ezta?
Bai. Bi marka txukun eginak dauzkat. Hanka bat barruan daukadala esan daiteke, baina hemen ez da ezer segurua, eta itxaron egin beharko da.  


Nazioarteko txapelketetan, beste igerilarien eta zuen artean koska egongo dela pentsatzen dut.
Bai, dezentekoa gainera. Errusia, Txina, Alemania… horiek oso goran daude; profesionalak dira. Guk beraien aurka ez daukagu ezer egiterik. Gero beste batzuk gertuago izaten ditugu, baina esan daiteke, denak daudela gure gainetik.  


Zein da horren arrazoia?
Profesionalak dira; entrenatzeagatik ordaindu egiten diete. Guk gure ikasketak edo lana izaten dugu. Orain arte ez dugu inolako laguntzarik izan, eta horrela ezinezkoa da. Aipatu behar da, aurten, lehen aldiz, beka bat eman didatela Kirolgitik. Aurrerapauso handi bat da, baina oraindik lan asko egin beharra daukagu kirol hau nabarmentzeko; eta ea norbaitek kasu egiten dion.  


Profesionalak ez zarete, baina gogor entrenatzen duzue?
Orain Zaragozako talde batekin ari naiz entrenatzen. Astean sei egunetan igerilekura joaten naiz, ordu bat eta erdi. Horrez gain, lau egunetan gimnasiora ere joaten naiz, ordubete inguru aritzera.


Zuen kirola ikusita, izterrak lantzen dituzuela esango nuke.
Guretzat hankak oso garrantzitsuak dira, indarra beraiekin egiten dugulako.


Sakrifizio handia dago hor.
Baina gero gauzak ondo ateratzen direnean oso ondo sentitzen zara. Jendeak ez du ulertzen baina ni oso gustura ibiltzen naiz. Sakrifizioa bakarrik ez da. Lagun pilo bat ere ezagutzen dituzu; bizimodu bilakatzen da.


Lamina baten moduan ibiltzen zarete uretan, hegats bakarrarekin. Inguruan ez omen dira egiten, gainera.
Ukrainiatik ekartzen ditugu. Bi motatakoak daude: karbonozkoak eta beira-zuntzezkoak. Nik karbonozkoak dauzkat eta oso gustura ibiltzen naiz beraiekin. Batzuentzat badago batetik bestera aldea, baina nire ustez oinetakoekin gertatzen dena pasatzen da. Zu ondo sentitzen baldin bazara, bata edo bestea erabili, gustura ibiliko zara eta ondo aterako zaizu proba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!