Epaiketa irauten ari den bitartean Mendebaldeko Saharan tentsio handia dagoela dio Dahi-k: "Manifestazioak egiten ari dira, errepresio handia badago ere. Gdeim Izik-eko presoen familiak sufritzen ari dira, Marokoko inteligentziak ez die alokairuan etxebizitzak hartzen uzten epaiketaren jarraipena egiteko. Injustizia handia dago, eta horrek erakusten du Marokoren erregimen diktatoriala eta nola ari den saharar herria sufritzen".
Dahi-k gaineratu duenez, "ez dugu etsiko, beti jarraituko dugu gure autodeterminazio eta independentzia eskubideak aldarrikatzen. Borrokan jarraituko dugu preso politiko guztiak aske izan arte, baita desagertuta daudela esan baina preso dauden sahararrak askatu arte ere. Gure odolaren azken tanta arte borrokatzen jarraituko dugu, hemen, lurralde okupatuan edo errefuxiatuen kanpamentuetan. Saharar bat dagoen lekuan borrokan jarraituko du azken unera arte".