80 denda eta milaka produktu, herritar nahiz bisitarien eskura jarri dituzte, gaur, merkatariek, preziorik onenetan. Eguraldiak ere, aspaldiko partez, bat egin nahi izan du hitzorduarekin, eta antolatzaileek eskertu dute, bai, ateria: denden barrualdetan inor ez, eta atariak lepo.
10:00etan zabaldu dute, ofizialki, mauken azoka berezia, eta 11:00ak aldera mugimendua hasi da kaleetan: arropa, oinetakoak, kosmetika produktuak, jostailuak,... Denetik eskuratzeko tartea izan dute bezeroek. Ez da lan erraza izan, ordea, aukeratutako hura probatu eta erosi edo ez erabakitzea; jendeak eta eskuek bete dituzte postu guztiak, prezio onenez jabetzeko.
Pozik zen, ordea, jendea. Hurrengo neguarekin pentsatuz, arropa bero eta merkea erosi dute batzuek eta, beste askok, gaur bertan estreinatuko dituzten artikuluak. Guztiek ere, hurrengo urtean agendan markatuko dute prezioekin dantzatzeko eguna.
Oraindik ez da amaitu, gainera, eta arratsaldean gimnastika erritmikoak eta Kalean txarangak girotuko dute salerosketaren festa.