Ia %50eko parte hartzearekin, "arrakastatsutzat" jo dute Amarozko galdeketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 17a, 17:52

Joan den urtarrilaren 28an izan zen, Amarotz auzoan, azpiegitura berriak hautatzeko eguna; hiru aukeretan lehenak jaso zuen boto gehien.

2014ko udazkenean auzo galdeketaren bigarren faseari ekin zioten amaroztarrek, Tolosako Udalaren laguntzaz, eta 2017ko urtarrilaren 28ra bitarteko bidea pausoz pauso bete dute, beren iritzia plazaratu bitarte. Hori dela eta, auzo elkarteak nahiz auzotarrek eskerrak emateko agerraldia egin zuten atzo, hautatutako proiektuak gauzatze bidean direla azalduz.

Idoia Mariñelarena Amarotz auzo elkarteko lehendakariak "prozesu luze eta konplexua" izan dela onartu zuen, baina ibilbide osoan beren alea jarri duten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien: "Auzotarrei, beraiek gabe ez dagoelako prozesurik; talde motorrari ere bai, egindako esfortzuagatik; udalari, aurreko legealdietan nahiz honetan, aukera politikoa eta laguntza eskaintzeagatik; profesional taldeari eta, bereziki, Garikoitz Lekuona udal teknikariari; eta, noski, galdeketaren egunean festa giroa jarri zuten guzti-guztiei".

Besteak beste, amaroztarren parte hartzea nabarmendu zuten agerraldian, ia %50ekoa izan baitzen: 1.105 pertsonakoa zen hautesle errolda, eta horietatik 513k eman zuten iritzia. "Oso-oso pozik gaude, eta harritu egin ginen, jendea botoa emateko ilara egiten ikusitakoan", zioten. Iritzia, gainera, modu orekatuan eman zuten, gainera, lehen aukerak irabazi bazuen ere. Izan ere, lehen aukerak 1.150 boto jaso zituen, hirugarren aukerak 937 puntu eta bigarrenak 919.

"Hau ez da hemen bukatu, eta aukeratutako egitasmoak gauzatu egin behar dira", halaxe azaldu zuen Mariñelarenak. Horrela, honakoak izango dira datozen hilabeteetan, auzoak jasango dituen aldaketa eta berrikuntzan: Auzoetxea eta anbulatorioko eraikinak egokitzea; hexagonoaren ondoan erabilera anitzeko eremu estalia egitea; bolatokia egokitzea haur parkeen erreforma eginaz eta horietako bat estaliz; eta espaloiak eta errepide zorua hobetzeko 300.000 euro bideratzea, 2 eta 4 zonaldeak lehenetsiz.

Lehen aukera gauzatze bidean egonagatik, auzo elkarteko kideek gogoan izan zituzten gainerako proiektu proposamenak ere, eta auzotarrei dei egin zieten auzo elkartera bertaratu eta beren iritzia ematera: "Auzo hobe batean bizi nahi dugu etorkizunean, eta hori auzotarrok erabakitzea, garailerik eta garaiturik gabe. Galdeketarekin guztiok irabazi dugu, eta aurrerantzean ere gure auzoaren jabe izan nahi dugu".

Azkenik, Amarozko auzo elkarteko kideek herritarrei dei egin ahi izan zieten, igandean Tolosaldeko Giltzarriak eskualdean antolatu duen galdeketan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!