«Gu ezin gara interneteko prezioekin lehiatu; gertuko tratua da gure balio erantsia»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 15a, 07:56

Dendak kalera aterako dituzte, 80 merkatarik, larunbatean; Braderie eta beste hainbat erronka ditu Tolosa&Co-ko zuzendaritza berriak.

Ekaitzaren osteko barealdiari heldu, eta Tolosako zerbitzuen sektorera berrikuntza olatuak erakartzeko lanean hasi zen Beñat Led (Tolosa, 1984), hainbat kiderekin. Tolosa&Co elkarteak ospatu berri duen batzarrean lehendakari izendatu berri dute, eta zaku bete erronka dute aurretik. Tartean, larunbateko Braderie-a antolatzea.

Nola sentitzen zara erronkaren aurrean?

Garrantzitsua iruditzen zait elkarteak zuzendaritza bat izatea.Tolosan komertzioak pisu handia du eta jende askori ematen dio jaten. Elkarteak momentu txarrak izan dituenean ere, beti egon da aurrera jarraitzeko gogoa eta, bide horretatik, norbaitek hartu beharra zuen lehendakari postua. Elkartea hiltzen uztea baino hobea zen, eta nire burua prest azaldu nuen, batzorde bat sortu eta lanean hasteko.

Momentu txarrak aipatu dituzu. Zein egoeratan geratu zen Tolos&Co?

Lehendakariak eta zuzendaritzak kargua uztea erabaki zuten. Geratu ginenok lantalde bat osatzeko beharra ikusi genuen, krisiari buelta eman eta elkarteak aurrera jarrai zezan. Urte amaiera ahal bezala antolatu genuen eta, modu horretan, balizko zuzendaritza berri baterako kideak bildu genituen.

Behin-behineko lantalde hartako kideek osatu al duzue zuzendaritza batzordea?

Zati bat lantalde hartatik dator, bai. Hiruzpalauk jarraitzea erabaki dugu, eta aurreko zuzendaritzako kideek lagundu digute karguaren nondik norakoak ezagutzen. Gurekin batera, lau kide berri ere sartu dira batzordean, zortzi kide izan behar baititu.

Zenbaterainokoa da zerbitzuek Tolosan duen enplegu oihartzuna?

245 negozio inguru dira elkarteko kide, baina negozio batzuetan pertsona bat baino gehiago aritzen da. Gainera, badira Tolosa&Co-ko kide ez diren negozioak ere. Enplegu kopuru zehatzik ezingo nuke esan, baina oso altua da.

Nolakoa da merkatari baten egunerokoa?

Zaila dela uste dut. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, jardun horren onurak eta zailtasunak ez dira ikusten bertan egon arte. Krisiak jo zuenetik hona, zailtasun bat gehitu zaio gure lanari: bezeroek sentitzen dute eskubide handiagoa dutela orain, gauzak eskatzeko. Jendeak lehen askoz ere errazago erosten zuen, eta orain gehiago begiratzen zaio diruari. Gu, gure aldetik, ahal den guztia ematen saiatzen gara. Hori bai, ezin da denen gustuko zerbait egin.

Zuen termometroak zer dio krisiaren ustezko gainditzearen inguruan?

Ez dut hain argi ikusten krisiaren amaiera. Izan daiteke jendeak, oraindik, beldurra izatea, baina bezeroak tentu handiagoz egiten ditu gastuak.

Merkatariok elkarlanean aritu behar duzue, baina lehiakide zarete. Nola eramaten da hori?

Aldamenekoa zure egoera berean dago, eta giroa ona da. Gainera, oso zaila da bi dendak produktu berbera eskaintzea, esparru berekoak izanda ere; areago, osagarri izan daitezke. Tolosako komertzioa oso gertukoa da, familia txiki baten modukoa.

Tolosa eredu izan daiteke merkataritza kudeatzeko?

Baietz uste dut. Lehendakari gisa orain arte ikusi dudanez, Tolosa eredutzat hartzen dute beti. Berrikuntzak ezarri nahi dituzten elkarteek Tolosagatik galdetzen dute, edo udalera deitzen dute zuzenean. Normala da, Tolosak duen dentsitate komertziala ez baitauka edozein herrik edo eskualdek. Eta, horri dagokionez, Tolosak abantaila du: Tolosa ez da Tolosa bakarrik, inguruko herrietako jendea hona bertaratzen da erosketak egitera. Hiriburu txiki bat da.

Eta, Tolosako merkataritzak eta ostalaritzak ba al du hutsunerik?

Ezer ez da perfektua, eta hori da gure lana: gure esparruan egon litezkeen hutsuneak identifikatu, eta betetzen joatea. Adibide zehatz bat ematen hasita, Tolosa&Co-tik ikusten dugun hutsune nabarmenena larunbat arratsaldetakoa da. Tolosan larunbat goizek sekulako indarra dute, baina, bazkalordutik aurrera, kaleak hustu egiten dira, eta 18:00ak edo 19:00ak bitarte jendea ez da kalera irteten. Gure erronketako bat hori aldatzea da.

Horrekin batera, zein proiektu dituzue esku artean?

Orain arte sortutako egitasmoekin jarraituko dugu, urteko agendan txertatutako hitzorduak direlako: zozketak, Braderie-a, VISA promozioak,... Horiez gain, Tolosako Udalaren plan estrategikoan parte hartzen ari gara, hainbat proiektu garatzeko.

Braderie-a larunbatean izango da. Zer prestatu duzue?

Funtsean betikoa izango da: hala nahi duen komertzioak postu bat aterako du kalera, eta denboraldian saldu ez duena saltzeko aukera izango du, galerak saihesteko. Aurtengo berrikuntza Braderie-aren irekiera ofiziala izango da: omenaldi txiki bat ere egingo diegu erretiroa hartu duten merkatariei. Postuak egun osoan barrena zabalik izango dira, 10:00etatik 20:00etara, etenik gabe, eta arratsaldean kalea girotuko dute gimnastika erritmikoko taldeak eta txaranga batek. Arratsaldean, halaber, ludoteka izango da Zerkausian.

Oraindik ez da urtea pasatu Oriaburu eraikina egoitzatzat hartu zenutenez geroztik. Zer eman dio eraikinak elkarteari?

Alde nabarmenena espazioarena da: lehen bulego bat genuen, eta gauza asko antolatzeko txiki geratzen zen. Orain, bilerak, batzarrak edo ekintza zehatzak egiteko lekua dugu. Lehen langile bat aritzen zen bulegoan, eta orain bi: bat elkarteko langilea da, eta bestea Eusko Jaurlaritzako merkataritza teknikaria. Aldaketa onerako izan da, zalantzarik gabe.

Bertan eta bertakoa kontsumitzera deitzen dituzue herritarrak, zuen kanpainetan. Hala gertatzen al da?

Betidanik Tolosan kontsumitzeko ohitura izan dutenek, orain ere hala egiten dute. Baina lortu behar dugu atzetik datozen belaunaldiek bertan erosteko ohiturarekin bat egitea. Tolosan zerbait interesgarria topatzen duenak, gainerako erosketak ere bertan egin ditzake; hori lortu behar dugu.

Merkataritza garai berrietara egokitzea beste erronka bat da?

On-line erosteko ohitura asko zabaldu da, baina gu ezin gara interneteko prezioekin lehiatu. Gertuko tratua da gure balio erantsia, bezeroa zaindu behar dugu.

Hala ere, internet erakusleiho bat gehiago da zuentzat, ezta?

Bai, noski. Merkatari askok eta elkarteak baliatzen ditu sare sozialak, eta erantzun bikaina jasotzen dute. Baina, hori bezeroak denda fisikoetara erakartzeko tresna da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!